Laponiako mendietan barrena (eta III)

Laponiako mendietan barrena (I)
Laponiako mendietan barrena (II)
Laponiako mendietan barrena (III)

Laponiako mendietan barrena (eta III)

.

Azken egunak… lakuz laku.

Laponiako mendietan barrena seigarren etapan Kungsleden bidea berreskuratu eta Kaitumjaure aterpera iristeko asmoa dut. Herenegun etorritako bidetik ordu pare batez atzera egin eta Singi aterpera iritsi aurretik, hegoaldera zuzentzen den desbideraketa hartu dut. Bide berria hartu bezain pronto, Kebnekaise eta Singi aterpeen arteko bidean dabilen jendetza atzean utzi eta bakardadea berreskuratu dut. 497Kungsleden bideko atal ezagun eta ohikoena Abisko eta Kebnekaise artekoa da eta hemendik hegoalderantz askoz ere jende gutxiago dabil.

Aldapa handi xamar bat igo ondoren, goilautada bat igaro dut. Laku bat inguratu, mendi lepo txiki bat gainditu eta orain dela bi egun utzitako haranera jaitsi naiz berriro. Aterperako bideak haran hau zeharkatzen du, beti ibaiaren ondotik. Altura jaitsi ahala, lehen zuhaitzak agertzen dira eta Kaitumjaurera iritsi baino lehen, urki baso itxi bat zeharkatu dut. Zuhaitzekin batera, ia ahaztuak nituen eltxoak itzuli dira. 25km eta 7 orduko ibilbidea egin ondoren, aterpera iritsi naiz. Zaindaria paseatzera joan omen da, beraz motxila bertan utzi eta nik ere berdina egin dut.

Aterpe inguruko paisaia ikusgarria da. -jaure atzizkiak adierazten duen moduan, aterpea laku baten ondoan dago bi mendi lerro artean luzatzen den kolore urdin argiko laku ederra. Aterpea kokatzen den muinoaren azpian, korronte handiko ibai bat lakuratzen da eta, korronte horren alboan, hori koloreko are fina duen hondartzatxo bat. Bidaia osoko egun beroena da eta aterpean ostatua duen jende gehiena hondartza inguruan dabil, uretan freskatzen.

474Paisaiaz gozatzeko leku aproposa da Kaitumjaure. Aterpera itzultzean, zaindaria bertan dago. Ostatua ordaindu, dendatxoan afaria erosi, arropa garbitu eta arratsalde atsegina pasa dut irakurtzen eta paisaiari begira, haizea eteten den bakoitzean eltxoak gogaikarriak diren arren.

498Hurrengoa Kungsleden bidean egingo dudan azken etapa da. Vakkotavare aterpea da gaurko helmuga eta errepidez iritsi daitekeen lehen aterpea da. Baina hara heldu aurretik 25 km, bi mendi lepo eta laku bat zeharkatu behar ditut. Sjaunjako Erreserba Naturalean barneratu eta eguneko lehen igoera egin dut. Trekkingeko igoerak ez dira orokorrean desnibel handikoak eta mendi lepoak zabalak dira, goi-ordoki itxurakoak. Goiko lurretatik Sarek Parke Nazionalaren mendi eta glaziarrak ikusten dira, Laponiako mendi multzo garaienetako bat eta Suediako parkerik “basatiena”.

Lehen mendi lepoa gaindituta, Tesajaure lakura jaitsi beharra dago eta izen bereko aterpetik kilometro bateko zabalera duen lakua gurutzatu behar da. Horretarako bi aukera daude: hamarrak baino lehen iritsi ezkero, aterpeko zaindariak gidatutako motorrezko txalupan zeharkatu daiteke (20 euro inguru aterpe txartelarekin), bestela, arraun txalupaz doan gurutzatu daiteke. Lakuaren beste ertzean Stora Sjöfallet Parke Nazionala hasten da. Berriro gora, basotik lehendabizi eta ondoren mendi txilardegi eta larreetatik. Goi-lautada zabal bat gainditu eta Suorvajaure lakua azaldu da behean. 447Han daude Vakkotavare aterpea eta nire ibilbidearen amaiera den errepidea. Hara jaistea besterik ez zait falta.

Jaisten ari naizela urki egurrarekin egindako bastoi bat daraman tipo batekin egin dut topo, bera aldapan gora. Aterpeko zaindaria da. Eguneroko mendi buelta ematera doa, baina aterpean kokatzeko argibideak eman dizkit.

Vakkotavaren, asfaltoa eta autoak ikusi ditut lehen aldiz azken sei egunetan. Presa batek handitutako laku baten ondoan dago eta kable elektrikoek errepidearen lerrokadura jarraitzen dute. Ez da azken egunotan ohitu naizen ukitu gabeko paisaia naturala, baina tira, lekua polita izaten jarraitzen du eta Ahkka mendiaren (2015 m) bista onak daude.

Arratsaldea ez da orain arte ohikoa izan den bezain lasaia. Talde handi bat etorri da autobusez. Kungsleden bidea kontrako zentzuan egiteko asmoa dute, bi gidariz lagunduta, nik, ordea, hemen bukatu beharra daukat nire trekkinga. Kiruma-Estokomo-Bilbo bidai luzea egitea besterik ez zait falta.

 

Testua eta argazkiak: Iker Zubimendi Idarreta

(Pyrenaica aldizkarian publikatua)

Laponiako mendietan barrena (eta III)

Informazio orokorra

Fitxa teknikoa
1. etapa: Abisko – Abiskojaure (16 km)
2. etapa: Abiskojaure – Alesjaure (20 km)
3. etapa: Alesjaure – Sälka (25 km)
4. etapa: Sälka – Kebnekaise Mountain Station (24 km)
5. etapa: Tärfala igo eta Kebnekaise Mountain Station-era itzuli (20 km)
6. etapa: Kebnekaise Mountain Station – Kaitumjaure (24 km)
7. etapa: Kaitumjaure – Vakkotavare (23 km)

Nola heldu
Irteera “ofiziala” eta ohikoena Abisko da, Kiruna hiritik autobusez ordu eta erdira.
Stockholmetik Abiskora trenez zuzenean joan daiteke (18 ordu) edo Kirunara hegazkinez (2 ordu) eta gero autobusez Abiskora.

Aterpeak
Bi aterpe mota daude: Mountain Station (Fjällstation suedieraz) eta Mountain Hut (etxolak). Udan gordeta daude eta oso ondo horniturik. Mountain Station aterpeetan gainera, jatetxea, dutxak, materiala alokatzeko eta beste zenbait zerbitzu eskaintzen dituzte. Aterpeen artean 15/20 kilometroko tartea dago. Pilak eta bateriak eramatea komeni da, baita dirua eskutan, kreditu txartelak ez baitituzte onartzen. Mountain Hut-etan ezin da erreserbarik egin, baina bai Mountain Station aterpeetan. Mendi Federatu txartelarekin ez dute beherapenik egiten, aldiz, aterpeetako karnetarekin (RAEJ) bai. Aterpeen inguruan kanpatu daiteke eta bertako zerbitzu batzuk (sukaldea eta sauna) diru gutxi ordainduz erabili daitezke. Komunikatzeko ez dago estaldurarik.

Webgunea
Suediako Turismo Bulegoa: http://www.svenskaturistforeningen.se/en/Discover-Sweden/Facilities-and-activities/Lappland/kingstrail/

Bibliografia eta Kartografia
* Grundsten, Claes (2009). Kungsleden: Walking the Royal Trail from Abisko to Hemavan. Carreg, Hildersley. Ingelesez.
* Pyrenaica: P.M. Lizarraga, Jose R. Aperribay, L. Forsgren, El Kebnekaise. 100 km. por Laponia, 123 (1981).
* Kirunako Turismo Bulegoan eta zenbait aterpetan ibilbidearen mapa zehatzak aurkitu daitezke.

Laponiako mendietan barrena

Laponiako mendietan barrena

Zer duzu buruan “Laponiako mendietan barrena (eta III)”-ri buruz

  • Kaixo, Iker:

    Nik 2014an egin nuen, eta esan behar oso ondo jaso duzula ibilbidean edozeinek aurkituko duena. Kebnebaisera igotzen saiatu nintzen, baina, aurreko tontorrean buelta hartu nuen euria hasi eta laino txapela erantsi zitzaiolako. Tarfalara ez nintzen joan, baina, Kungsleden bidea Kvikkjokk arte jarraitu nuen, Rapa ibaiaren delta Skierferen tontorretik ikusgarria, eta benetako luxua, orduak egin nituen tontorrean eta bakarrik 4 pertsona iritsis ginen bertara denbora guzti horretan.
    Ni Miarritzetik joan nintzen Suediara Ryanairrekin.