Lainoa

Lainoturik esnatu zen atzo Paris. Fidan Dogan, Sakine Cansiz eta Leyla Soylemez ekintzaile kurduak hil egin zituzten buruan tirokatuta. Salaketa gehienek Turkia dute jomugan, eta gerra zikinarekin lotu dituzte hilketak. Ankaran, baina, PKKren barnean egon litekeen balizko eztabaida bati egotzi nahi diote krimena. Hiru ekintzaile hauek Turkia eta PKKren arteko elkarrizketak hasi berri direnean hil izanak, aitzitik, Ankarara begiratzera garamatza bete-betean. Baina lainoa da tarteko.

Gerra zikinaren kontzeptua, zoritxarrez, ez zaigu arrotza Euskal Herrian. Azkenengo biktima mortala Jon Anza izan zen, 2009. urtean. Kasu horretan ere, lainoa zen eta da nagusi; oraino ez dakigu zehazki desagertu zen egunean (apirilaren 18an) eta hurrengo egunetan zer pasatu zen. Parisko hilketetan bezala, bertsio kontrajarriak aditzea ere tokatu zaigu gurean. Perturren kasua ekar dezakegu gogora. Dena den, 2013. urtean gaude dagoeneko, eta pentsa genezake ez dela horrelako hilketa gehiagorik izanen gure herrian. Baina bide luzea dugu egiteko lainoa erabat desagertu arte. Oraindik ere badira gazte erakunde batean militatzeagatik kartzelara bidaltzen dituzten lagunak. Lainoa da tarteko Euskal Herrian.

Gogoan dut, eta ederki gogoratu ere, egun lanbrotsu eta ilun horietako bat. 2008ko urriaren 6a zen, astelehena. Kazetaritza litzentziatura hasi berri nuen Leioan, eta oraindik ez nituen klasekideak behar bezala ezagutzen. Goizero bezala, kafea prestatu eta telebista piztu nuen: Sarekada Iruñean. “Berriz ere”, pentsatu nuen. Nekaturik negoen hainbeste atxiloketa eta sarekadarekin. Sutu egiten ninduten albiste horiek. Albistea aditu eta makurrena pentsatzen hasi nintzen, ohi bezala, eta ezagunen bat atxilotuko zutelako konbentzimendua nuen. Goiz hartan mezu bat jaso nuen: “Iñaki atxilotu egin dute”. Zoritxarrez, ez nuen inguruan inor. Ezin inori kontatu Iruñean pasatutakoa. Hurrengo egunetan bera izan nuen buruan, eta bere familia, eta txikitan haren etxean emandako egun guziak. Eta nola ez, torturak, eta Espainiako polizia, eta errepresioa, eta kartzela, eta distantzia.

2008ko urritik zuloan dago Iñaki. Kartzelatik kartzelara ibili da, berarekin antzararen jokora jolasten ariko balira bezala. Beti urruti, beti etxekoen berotasunetik aldendurik. Gaur A Laman, Galizan, Euskal Herritik 749 kilometrotara dute.

Bihar ere lainoturik esnatuko da Bilbo, baina arratsaldean lainoa jaso egin beharko dugu. Ikus gaitzatela. Ikus dezatela nola betetzen ditugun karrikak. Gutinaka, altxatu dezagun gatazka honen konponbidea lausotu eta ezkutatu egiten duen lainoa. Bakean bizi nahi dugula esan dezagun ozen, bai, bakean. Eta denak etxean.

Lainoa

BARDO GORRI NAFARRA