Ijitoak eta euskal hiztegiak

Rom herriaren bandera

Rom herriaren bandera

Gure hiztegietan — Elhuyar eta Zehazki hiztegiei buruz ari naiz; Wikipedian, ordea, artikulu txukun bat aurki dezakegu — ijitoek, Rom herriak alegia, jasotzen eta jasaten duten tratamendua kezkagarria da. Haientzat, iraingarria; guretzat, lotsamangarria. Ijito herriaren historia, kultura eta ohiturak gutxi ezagutzen ditut, baina txikitatik, lehenengo aldiz ikusi nituenetik, herri misteriotsu eta profetiko horrek erakarri ninduen. Beldurtia naiz oso, baina ijito “beldurgarrien” aurrean inoiz ez dut beldurrik sentitu. “Amezketako ijitoak” idatzian  beldur horren balizko sustraia iradokitzen dut. Nire lagun batek dioenez, beldurra erreakzionarioa da. Ijitoen kasuan, haien inguruan nahita eta maltzurkeriaz zabaltzen den beldur aurak arrazismo itsu eta ankerrera garamatza.

Gizarte kristauetan juduak izan ziren kristauen gorrotoa eta zapalkuntza jasan zuten lehenengoak. Ijito herria agertu zenetik, haiek ere kristauen gorrotoa eta jazarpena ezagutu zuten. Halere, bi gorroto horien arrazoiak ezberdinak ziren, ia kontrakoak. Denbora izango dugu — hala espero dut behintzat — gai horietaz aritzeko, baina ezberdintasun hori esaldi honetan labur liteke: kristauek juduak gorrotatzen zituzten, horiek gordetzen zuten “altxor preziatua” lapurtzeko asmoz; ijitoak, berriz, gorrotatzen zituzten/dituzte, “altxor preziatu hori” herri ibiltari horrek lapurtu nahi zielakoan/dielakoan.

Gaur, antisemitismoa gizateriaren kontrako krimentzat jotzen da, baina ijitoen kontrako gorrotoa eta jazarpena, protesta eta gaitzeste ahul batzuk gorabehera, normaltzat hartzen da. Are gehiago, gobernu askok jarrera hori bermatzen eta bultzatzen dute. Jarrera kriminal hori salatzeko, ez dago ¡zen bat ere — antisemitismoaren antzekoa edo — . “Ijitofobia” terminoa proposatuko nuke, behin-behinean, ia normaltzat hartzen dugun jarrera hori izendatzeko.

Elhuyar eta Zehazki hiztegiek “gitano, -a” eta “judío, -a”  sarreretan zer jartzen duten, adibide modura ekarri dut. “Judío, -a” sarreran adiera arrazista guztiak ezabaturik daude (geratzen den bakarra, “judukume”, zentzu peioratiboan erabiltzen dela nabarmentzen da). “Gitano, -a” sarreran berriz, adiera arrazista eta gaitzesgarri guztiak agertzen dira. Are gehiago, adiera arrazista horietan ez da agertzen “pei” hori ( peioratiboa), “col” (coloquial) baizik. Hala bada, hiztegi horien uztez, euskal lagunen artean ohikoa eta normala da — jatorra ere bai? — halakoak esatea: “ez hadi ijitoa izan eta itzul iezadak dirua” (Elhuyar), edo “harakin hori ijito xamarra da” (Zehazki). Ez ote da hori ijitoen kontrako jazarpenezko jarrera arrazista normaltzat eta jatortzat hartzea? Ez ote da hori ijitofobia bultzatzea?

Elhuyar.
gitano, -a
castellano vasco
Adierak
1 s.
ijito; motzaile, buhame

2 adj. (col.)
ijito
• No seas gitano y devuélveme el dinero: ez hadi ijitoa izan eta itzul iezadak dirua.
3 adj.
[zalamero en general] limurtzaile; [referido sólo a mujeres] sorgin
• Mi padre dice que soy una gitana porque le convenzo de todo lo que quiero: aitak sorgin hutsa naizela dio, nahi dudan guztia egiteko konbentzitzen dudalako.
judío, -a
castellano vasco
Adierak
adj./s.
judu
• El pueblo judío: judu-herria.
• Se casó según el rito judío: juduen errituaren arabera ezkondu zen.
• Las mujeres judías deben taparse la cabeza cuando entran en el templo: emakume juduek burua estali behar dute tenpluan sartzen direnean.
• Los judíos se rebelaron contra los romanos pero fueron vencidos: juduak erromatarren aurka altxatu ziren, baina menderatu egin zituzten.

Zehazki
gitano 1 adj-m,f (miembro del pueblo gitano) ijito, motxaile, buhame goi.
2 adj colq (persona que engaña) ijito, ijito kasta adkor: ese carnicero es bastante gitano, harakin hori ijito xamarra da.
3 colq (zalamero) limurtzaile, zuri.
•que no se lo salta un gitano, hortik honako:un plato de lentejas que no se lo salta un torero,hortik honako dilista platerkada.
judío adj-m,f judu, judukume pei: una mujer judía, emakume judu bat; los discípulos judíos de Moises, Moisesen dizipulu juduak; la judía Esther, Esther judua; alguna gota de sangre judía, tanta bat edo beste judu odoletik.
•el judío errante,judu herratua.
•el pueblo judío, judu herria, populu juduagoi.
•ley judía,judu lege.

FILOSOFO OHIA