Bilboko manifestazioaz

Bilboko manifestazioaz

Aurten ere, iaz bezala urtea presoen aldeko manifestazio batekin hasiko dugu. Iazkoa “kolosala” izan zen, aurtengoa ikusiko dugu, baina ziur aski arrakastatsua izango da. Arrazoi nagusia argi dago: euskal gizartearen zati handi bat ados dago ETAko presoak gerturatu, Parot doktrina bezalako interpretazio juridikoak alde batera utzi eta preso gaixoen tratamendu duinago batekin. Azken batean, jendartean gehiengoa da espetxe politika justizia irizpideetan kudeatzearen aldekoa eta ez mendeku irizpideak erabiliz. Azken batean, legea betetzea da gehiengo zabala biltzen duen printzipioa, eta egia esan, ez dirudi asko eskatzea denik ezta?

Hala ere, hika-mika ugari izan dugu aste honetan zehar jeltzale eta ezker abertzaleko buruen artean. Ezker abertzaleak jeltzaleei presoen alde ez ezer egitea leporatu die eta jeltzaleek berriz, diskrezioz egindako lan eskerga egiten dutela erantzun die. Diskrezioz egiten den lan horren dimentsioa eurek bakarrik dakite eta herritar bakoitzak erabakiko du sinetsi ala ez. Ez naiz hor sartuko, azken finean, bakoitzak nahi duenari sinesten baitio froga garbirik ez dagoen bitartean.

Testuinguru honetan, ezker abertzalekoak ez garen askori zalantza sartzen zaigu: manifestaziora joan behar al dugu? Astea gaiari bueltak ematen pasa eta  gero eta interneten informazio pixka bat jaso ostean, nire ondorioak zuekin elkarbanatu nahiko nituzke.

Lehenik eta behin, eta zalantza guztien iturburua ondorengoa da: zein da manifestazioaren benetako helburua? Hasiera batean, zentzugabeko galdera dirudien arren, uste dut hemen dagoela gakoa. Manifestazioa antolatzen duena, Herrira plataforma da, euren sorrera agirian dioenez   ““Herrira” mugimenduak ez du inolako alderdi edota erakunde politikorekiko inolako menpeko loturarik.Areago, gure aspirazioa ez da politikagintzan aritzea, preso eta iheslariak etxera ekartzeko helburuarekin bat egiten dugun herritarron mugimendua eraikitzea baizik”. Definizio hau irakurrita, oso erakunde ireki eta independientea ematen du,  inoren eraginpean ez dagoena.

Dokumentu horretan bertan helburuetara jotzen badugu, hau aurkituko dugu:

  1.  Euskal preso politikoen aurkako salbuespen neurriak indargabetzea: dispertsio politikari amaiera emanez; gaixorik diren presoak aske utziz; bizi arteko zigorra ezartzeko neurriak indargabetuz, hala nola, 197/2006 dotrina derogatuz, zigorraren 2/3 eta 3/4 bete dituzten presoak aske utziz, Frantzian preso direnei baldintzapeko askatasuna aplikatuz; eta azkenik,isolamendu, mittard eta bakartze egoerei amaiera emanez.
  2.   Euskal Preso Politikoen Kolektiboa Euskal Herrian batzea, dagozkion eskubide guztiak bermatuak izanik eta prozesu demokratikoan parte hartzeko aukera eta bideak indarrean jarriz.
  3.  Iheslari politikoen aurkako jazarpena amaitzea eta prozesu demokratikoan parte hartzeko aukera irekitzea Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboari.
  4. Preso eta Iheslari politiko guztien etxeratzea, gatazkaren konponbide prozesuari loturiko ibilbide dinamiko baten garapenean.

Azken helburu honetan zalantzarik gelditu bada, “Printzipioak eta eginkizunak” atalean eder aski esaten da zein den azken helburua: “Amnistia da gure iparra, eta preso eta iheslariak etxeratzea da gure eginkizuna.”

Beraz, argi dago Herrira erakundearen helburua zein den: Herrian nahi ditugu preso eta iheslariak, etxean nahi ditugu, AMNISTIA nahi dugu. Eta hemen dago niretzat manifestaziora ez joateko arrazoi nagusia. Jadanik idatzi dudan bezala,  Herrira erakundearen helburuen arteko lehenengo puntuarekin erabat ados nago. Eta manifestazioa xede horrekin bakarrik egingo balitz, ez nuke joateko inolako arazorik izango, hori bai, amnistiarekin ezin naiz sekula ados egon.  Beraz, kostata joango naiz Herrira plataformak antolatutako edozein ekimenetara.

Lema ondorengoa da “Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira”. Herrira  taldearen dokumentua irakurri gabe, ados nago erabat lemarekin. Orain berriz “Euskal presoak Euskal Herrira” diotenean nik ematen diodan esanahi berbera ematen ez diotela argi daukat. Hitz joko ederra, bai horixe.

Hau dena aztertuta. ez dut uste oso maltzurra naizenik, ustezko independentzia hori zalantzapean jartzen badut. Oso ondo antolatu eta koordinatutako estrategia zabalago baten parte bat besterik ez dela uste dut nik, ez dut fede txarrez esaten. Baina hau uste bat besterik ez da eta hori frogatzen duen dokumentu ofizialik eskura ez dut. Usteak erdia ustel, esango didazue, eta agian arrazoi duzue. Hori bai, eskatzen den guztiak ezker abertzalearen agenda politikoarekin bat egiten du eta “euskal gatazka” deritzonaz ikuspuntuak %100ean elkarbanatzea ez dut uste kasualitate hutsa denik:

  • Besteak beste, oso esanguratsua iruditzen zait Herrirak iheslarien egoera tratatzeko duen modua ere; 3. helburuan euren kontrako jazarpenarekin amaitzea eskatzen da: egin dituzten balizko krimenengatik ez al dute ba ordaindu behar?
  • Euskal Preso Iheslarien Kolektiboari eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboari “prozesu demokratikoan parte hartzeko aukera irekitzea” eskatzen da.  Alderdi politikoak ez al dira ba nahikoak? Zergatik eman behar zaie protagonismo hori?

Bestalde, zalantzak ditut manifestazio jendetsu batek benetan presoen aldeko neurriak hartzera behartuko duenik Madrideko gobernua. Ezezkoan nago. Rajoyri Bilbon bihar 100.000 edo 500.000 pertsona elkartzeak ez dio minik egiten. Are gehiago, manifestazioak eskatutakoaren aurrean erantzun irmo bat eskatuko diote alderdikide, botu emaile eta biktima erakundeek. Beraz, presoei elkartasuna adierazteko baliagarria izango da, baina nik uste dut argi dagoela ez dela beste ezer lortuko presoei dagokienez.  Ezker abertzaleak du batez ere asko irabazteko: indar erakuskizun ederra egiteko aukera du, bestela inolaz ere erakarriko ez zituen pertsonak erakarriz.

Konklusio modura: ni ez naiz han egongo ez dudalako deialdia egiten dutenek nahi dutena nahi. Hitzen atzean ideia ugari izkutatzen dira eta ideia horiekin ez nator bat. Igandean presoak pozik egon daitezke jende askok elkartasuna adierazi dielako, baina ezker abertzalea oraindik gehiago, milaka pertsonak, horrela uste gabe, arratsalde batez sekulako indarra eman dielako.

Bilboko manifestazioaz

Bilboko, manifestazioaz

39 pentsamendu “Bilboko manifestazioaz”-ri buruz

  • Bilboko manifestaziora ez joateko zure arrazoi nagusia amnistiaren aldarrikapenaren kontra egotea dela diozu, euskal preso politikoek kartzela zigorrak betetzea nahi duzulako. Besteren bati ere entzun diot argudio hori. Onez diotsut, neuri higuina ematen dit jarrera horrek. Jakin liteke zer irabazten duzun zuk euskal presoak kartzelan edukita? Justizia? Ez naiz azalpenetan gehiegi luzatuko eta hau izango dut lehenengo eta azkeneko mezua: justizia gizatalde bateko banako guztietan berdin banatu behar den zerbait da, bestela ez da justizia, kontrakoa baizik. Gure gatazkan, legedia espainolak Estatu espainolaren kontra aritu dirak zigortu ditu, eta haren alde aritu direnak, berriz, ez, hainbeste jakingo duzu. Beraz, alde horretatik, ez da justiziarik egin. Aukera teoriko bat gatazkan parte hartu duten guztiak euren arduraren arabera zigortzea litzateke, noski, Felipe Gonzalez eta Atutxa barne, baina, hainbeste badakizu, hori ez da gertatuko. Beste aukera bat, euskal presoak etxera ekarri eta aurrera begira bizikidetza berri bati asmo onez ekitea da, edo besterik ez bada ere, hori eskatzea, eskatzea libre da-ta. Behar bada ez da justizia izango, baina injustizia ere ez.

  • Gari Garaialde 2013-01-12 10:00

    Gaurko manifestaziora joan nahi ez baduzu, zuk jakingo duzu zergatik, baina bertan esaten duzuna haitzaki handi bat besterik ez da. Herrirak bere helburuen artean asmo asko izan ditzazke, baina manifestazioa goiburu eta helburu zehatz batzurekin deitu du. Jakinik jende asko egon daitekela Herriraren asmoekin ados egon ez baina euskal preso politikoek momentu hontan jasaten dituzten zigor gehiegizkoen aurka dagoena, manifestazio bat deitu du minimo (edo maximo, zuk erabaki) batzuen inguruan. Horiek oso argiak dira, oso zehatzak:

    -Euskal presoak Euskal Herriratzea
    -Gaixotasun larriak dituzten presoak libre uztea
    -Espetxe zigorren luzatzearekin amaitu eta ‘de facto’ bizi osorako espetxe zigorra suposatzen duten neurrien derogazioa.
    -Pertsona bezala dagozkien giza eskubide guztien errespetua.

    Hori guzia eta hori besterik ez.
    NON IKUSTEN DUZU ZUK AMNISTIAREN ESKAKIZUNA?!
    Interneten nabigatzen eta dokumentuak irakurtzen azkarra zerala erakutsi duzun zuzeuk, ez duzu manifestaziora deitzen duen manifestua irakurri? Ala irakurri, irakurri duzu baina ez ikusiarena egitea erabaki duzu lasaiago geratzen zarelako?
    Manifestazioari atxekimendua adierazi dioten guziak amnistiarekin bat datozela uste duzu? Frantses estatuko deutatu sozialistak ere bai?
    Irakurri ez baduzu, hemen duzu manifestua euskaraz, eta hemen beste hamaika hizkuntzetan.

    • Ez da nere asmoa eztabaida asko luzatzea. Esan dudana ez dut uste iruzkin batean hobetuko dudanik, baina tira, izan dadila azken saiakera.

      Deialdiko eskaerak irakurrita neuzkan lehenagotik, linkena soberan dagoela uste dut. Esan dut hori balitz dena, ados nagoela deialdiarekin. Baina ez dut tragatuko amnistia helburutzat duen talde batek antolatutako ezertara joatea. Ez nago eroso eta arrazoi mordoxka bat etortzen zait burura. Jar ezazu zure burua antzeko egoera batean.

      Munduko adibide kutre eta sinpleena jarriko dizut:
      Zu errealzale porrokatua zara, eta atletismo pistetaz nazkatuta zaude, beraz, zure ametsetako bat pistak kentzea da. Bestalde, imajinatu Donostian zezen plaza izugarria egiteko talde bat antolatu dutela, helburua argi dutena: Anoeta zezen plaza bihurtu behar dugu, futbol zelaia desagertaraziz. Horretarako lehen pausua pistak kentzea dela uste dute. Azken helburu honekin manifestazio bat antolatzen dute, zu, Errealzale porrokatu eta atletismo pisten aurkari bezela, manifestazio horretara joango zinateke? Azkenean, helburu horrekin ados zaude ezta?
      Ez dut uste zientzia fikziozko istorio labur honetako errealzale bakar bat ere zezen plazaren aldeko manifestaziora joango, nahiz eta helburu horretan ados egon.

      Beharbada urrutiegi joan naiz eta ulertu nahi duenak ondo aski uler dezakeela uste dut, hau baino lehenago ere bai. Besterik gabe, ondo segi.

  • EAJk presoen alde egiten duen oparia presoen aldeko manifaren egunean.
    .
    El Correo Español-en paperezko lehengo orriaren titulurik nagusiena:
    .
    “Los presos de ETA deben hacer un acto de contrición para tener apoyo social”
    .
    José Antonio Ardanzak – http://www.elcorreo.com/

  • Ene ibai,

    Atutxa (behin baino gehiagotan mehatxatuta eta demokrata zintzoa den pertsona), kartzelan dauden sikopata (Txapote) eta beste basapizti guztiekin alderatzea mazkagarria da eta zuen etika agerian uzten du.

    Benetan pentsatzen duzu zu joaten zaren deialdi berdinera joango naizela? Bejondeizula.

    Azkenik, nahiz eta Gari manifestazioaren beste aurorgi bat efakusten saiatu, Ibaik argi uzten digu berriz ere Izeiak testuan argitzen duena.

    Manifestazio hau ezker “abertzalea” diotenaren beste engainu bat baino ez da.

    Garik esaten duen hiru puntu horiekin guztiz ados. Hainbat pertsona hil eta gero ihes daudenak libre uztearekin? Ezta pentsatu ere!!

    Jende asko joango da gaur bilbora bai, baina zuek dituzuen helburu horiek askoz azkarago lortuko lirateke armak utzita eta delituak dauzkaten “iheslariak” entregatuta, 300.000 pertsonako manifestazio batean baino.

    • Gari Garaialde 2013-01-12 11:35

      Andoni Egañak (hemen irakurritakoaren arabera, Ezker Abertzalekoa behar duenak) hau dio BERRIAn: ‘Gaixotasun larriak dituzten presoak etxeratu; urrun eta sakabanaturik daudenak etxera hurbildu; legez kondena beteta dutenak kalean utzi aske. Horiek dira ertzak. Hortik has daiteke zerbait konpontzen. Ertz horiek dira gaurko manifestaziorako pankartaren leloak. Ertz horiek ikusten ez dituenak ez du puzzlea osatzeko asmorik ere.’
      Hemen testu osoa: http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-01-12/006/002/puzzlea.htm
      Jokin, Ibaik (nik dakidanez norbanako arrunt denak) HERRIRAK esandakoak baino garrantzi haundiagoa du? Hain zara zu azkarra, makina bat politikok ikusi ez duen ezkutuko asmoa argi ikusteko gai zarela?

      Jose Mari Pastorrek esandakoak ere ematen du zer pentsatu: ‘Fiskalak hamasei urteko zigorra eskatu zuen haren kontra. Azkenean lau urte. Pena jaisteko, gaizkile taldeko kidea dela aitortu behar izan du alusatuak, eta delituak egin dituela. Besteeik ez. Gaizkilea mafioso errusiartzat jo dute…’ noski ez ETAko kidetzat.
      http://paperekoa.berria.info/harian/2013-01-12/010/003/torap_doktrina.htm

  • Borroka da kartzelarako bide bakarra 2013-01-12 11:29

    “Pertsona bezala dagozkien giza eskubide guztien errespetua.”

    Ja,ja,ja!Utzidazu pixkat barre egiten. Non egon zarete azken 30urteetan? Esaldi horri muzin egin eta 700pertsona baino gehiago lurperatzen (edo zuen terminologia higuingarrian: “exekutatzen”) zenituzten (edo gutxienez hori ekiditeko ezer ez egiten zenuten) bitartean?

    Zuen ideologia marxistak medio guztiak onartzen ditu helburua lortzeko. Ez pentsarazi bat-batean demokratetan bihurtu zaretela.

    Pertsonen eta Euskadiren aurka delituak egin dituztenak: kartzelara, preso bezala dagozkien eskubide guztien jabe bai, baina kartzelan.

    Armak entregatu eta delituak egin dituzten iheslariak kartzelara.

    Eta baita ere (noski) zuk aipatzen dituzun puntu horiek. Baina besteak ahaztu gabe.

    • Non zeunden zu estatuak Euskal herritarrak erailtzen, torturatzen edo politikan aritzeagatik kartzelaratua izan direnean? Ze ergelkeri erraten dituzu mutil? Eta zer egiten dugu gartzelaratua izan den (ETAren parte izatea egotzita) jende mordiarekin inolako frogarik gabe? Irakurri edo jarraitu al duzu inoiz epaiketa baten sententzia? Zenbat kontrasanekin gartzelarazten dituzten? Askok inolako frogarik gabe? Eta (inun gertatzen ez dena) legeak atzerako efektuarekin aplikatzen dituztenean? Herrirak aministia nahi duenez, beraiekin egiten diren gupidagabekeriak onartu behar ditugu? Edo ezer ez egin? Zertarako atera 500 mila Raxoik mugituko ez bada? Zergatik atera kalera krisitik Raxoik mugituko ez bada? Ba saiatu behar delako, ezer egiten ez bada, bai inor ez dela mugituko.
      Eta artikulua idatzi duenari, ze zerikusirik dauka Herrira plataformak aministia nahi izatea Manifestazioan eskatzen zuenarekin? Manifestazioren leloa Amnistia zen? Orduan Amnistia nahi dutenak legea bakarrik bete behar direnekin ez ziren joan behar? Ze ba? Eskatzen zutena ez zen Amnistia. Bakoitzak bere arrazoiak izango ditu joateko edo ez, baina idatzi duzuna zure buruarekin eroso sentitzeko idatzi duzula dirudi, edo jendeak zerk pentsatuko luketen ikusita presatu dituzun aitzakiak, baina iritzi bat duk besterik ez.

  • Gonzalo Etxague

    Honezkero erantzundakoari atxikita, gauza pare bat:

    1) Espaniako justizia sistema ontzat ematen duzu lasai asko, baina norbaitek egindakoagatik ordaindu behar duela baieztatzeko, lehenik bidezko epaiketa ziurtatu behar zaio. Espanian bidezko epaiketak egiten al dira? Jakina da ezetz, zuk ahaztu arren. Bost egunez atxilo eta inkomunikatutatuta, torturatututa eta Auzitegi Naziolal epategi berezian torturapean lortutako aitorpenekin kondenatu dituzte preso dauden gehien-gehienak; bestela, peritotzat hartutako guardia zibilen txosten “objektiboekin”; bestela, epaimahaikideei fiskalaren akusazio hutsa nahikoa iruditu zitzaielako. Hasteko, anmistiaz hitz egiten hasi baino lehen, epaiketa guztien erabateko nulitatea eskatu beharko litzateke benetako demokrazia batean. Baina, gainera, Espaniako legedi berezia ere ahaztu duzu, politika egitea ere zigortzen duen legedia, EHan kutxazaina erretzea kanpoan hilketa egitea baino askoz ere gogorrago zigortzen duen legedia, Ibarretxe bere epaitzera eraman zuen legedia. Gauza hauek guztiak ahaztu al dituzu?

    2) Palestinarrei elkartasuna adierazko ez da beharrezkoa musulmana izatea, ezta palestinarra ere. Justizia norberaren interesen gainetik dago; bestela, zure interesekin bat egiten duten aldarrikapenekin baino ez duzu bat egingo. Zure irizpideekin PSE bat, adibidez, autodeterminazio eskubidearen kontra egotea ere ontzat ematen duzu, baina ez eskubidea ukatzeagatik, balizko emaitza batekin (independentzia) ados ez egotegatik. Alderdikeria salatzen duzu, baina zeuk baino ez duzu egiten alderdikeria. Manifestazioan eskatutakoarekin ados zaudela diozu, baina ez zarela joango etsai politikoari mesederik ez egiteko. Libre duzu jarrera hori, niri tamalgarria iruditu arren. Idatzi duzun artikulua idatzita, ordea, erabaki-eremu pertsonaletik atera zara politika egitera, anonimotasunpean bada ere. Eta, kasu honetan, politika alderdikoia. Beste guztia aitzakia da, gizatasun falta ikaragarria. Okerrena justiziaren aitzakiapean egiten duzula da.

    • Ainhoa Letamendia
      Ainhoaletamendia 2013-01-12 15:14

      Kaixo Gonzalo.
      Ez dakit zein adjektibo erabili zure lehen argudioa kalifikatzeko.
      Espainian inkomunikaziorik ez balego, ez eta torturarik ere, eta peritoak partzialak balira, epaitegi españolak euskaldunekiko inoiz justiziazkoak (“bidezkoak”) izan daitezkeela iradokitzen ari al zara?
      Ufala!
      “Benetako demokrazia” INDEPENDENTZIArekin bakarrik etor daiteke. Marka da gero nola lejitimatzen duzun okupazio errejimena! Azal-azalekoak, ebidenteenak diren injustiziak (eta era berean garrantzia gutxien dutenak) baino ez dituzu ikusten.
      PD: Ez dakit nola eztabaida dezakezuen kartzelan eduki beharrezko pertsonez jardun eta euskaldunekin gogoratzen diren horiekin. Nire gaitzespenik sentituena maila horretako hipokrita traidoreentzat.

      • Gonzalo Etxague

        Oraindik ere iparlazale-orreaga zaleok harritu egiten nauzuela aitortu behar dizut, Ainhoa. Baina gizakien zitalkeria eta hipokresiara ohitzerik ez daukala ikusteak poztu egiten nau.

        Lehehinik, gogoratu behar dizkizut zuen esanak: 500 urte estrategiarik gabe daramagula eta kartzelan dauden guztiak etsaiaren jokoan sartzeagatik ondo espetxeratuta daudela, merezi dutela ergelak izateagatik. Hemen, hamaika hitzalditan eta hain gogoko duzuen “Iparla” txosten horretan esanak guztiak. Bi ideia hauek plazaratzeko, gainera, era guztietako irainak eta mespretxuak bota dituzue, presoei barre egin diezue, torturatuei barre egin diezue… etsaiaren jokoan sartuta sistemaren morroiak izategatik. Horregatik, kopeta behar da gai honetan iruzkina ataratzeko, are gehiago inori kargu hartzeko.

        Bigarrenik. Nik esandakoarekin ados bazaude (eta ados zaude Espanian Justizia demokratikoa ez dela esatearekin), zer demontre galdetu behar didazu? Zer ez duzu ulertu? Zuen arazoa, Ainhoa, zeuen burua beste guztien gainetik kokatzen duzuela da. Horregatik, zuk zeuk esango zenukeena neuk esateak amorrarazten zaitu. Nagusitasun hori sentituko ez bazenu, besterik gabe, nirekin ados zaudela esango zenuen.

        Hirugarrenik. Galdetzen duzu ea Espanian Justizia demokratikoa balitz euskaldunontzat baliagarria izango litzatekeen. Nik esan dut Espanian Justizia ez dela demokratikoa, eta horrenbestez, edozein gauzari buruz hitz egin baino lehen, horixe salatu behar dela. Besterik ulertu baduzu, zeuk jakingo duzu zergatik, nik ez, baina susmoa dut ikuspuntu hori zuen ustezko nagusitasun moraletik baino ezin dela ikusi. baina galderari erantzungo diot: Espanian Justizia demokratikoa balitz, esukaldunontzat balaiagarria litzateke, noski, besteak beste, estatu demokratikoa izategatik, eta horrenbestez, justizia demokratikoa emateaz gain herri hau independizatzeko eragozpenik jarriko ez lukeelako. Badakit ez duzula erantzunarekin bat egingo, zuen manikeismoan, demokrazia ez baita ekintzetan oinarritzen, zuei arrazoia ematean baizik.

        Eta, laugarrenik. Zure esanetan harrigarriena herriaren etsaiekin hitz egitea leporatzea eta, aldi berean, nirekin hitz egitea da. Ainhoa, zure ideiak ere ez dituzu batere argi. Zein alde ikusten duzu Basagoitiren eta nire artean. Zergatik hitz egiten duzu nirekin? Gogoratu behar dizut zuek bezala pentsatzen ez dugun guztiok etsaiak garela eta ez daukagula salbaziorik. Horregatik, mesedez, niri behintzat pribilegiorik ez emateko eskatzen dizut. Nahiago dut Basagoitiren parean jar nazazuen.

        • “… eta kartzelan dauden guztiak etsaiaren jokoan sartzeagatik ondo espetxeratuta daudela, merezi dutela ergelak izateagatik.”
          Gezurra da.

        • “presoei barre egin diezue, torturatuei barre egin diezue”
          Eta hau ere bai, gezurra.

        • Ainhoa Letamendia
          Ainhoaletamendia 2013-01-12 18:45

          Gonzalo,oraingoan argumentuei heldu ere ez diet egingo. Izan ere, esan dituzun GEZURREK muga guztiak gainditzen dituzte.
          Benetan eh! pasatu egin zara eta asko gainera.
          Nik nire artikulu eta iritzi guzti guztietan gorde ditut formak, kritika sakonak egin ere bai, baina zure iritzi honetan egotzi dizkidazun hitzak ez dituzu nigandik irakurri inoiz. Iparlatik ere hori ondorioztatzea ezinezkoa da.
          Aukera ona duzu idatzitakoez hausnartu eta atzera egiteko.
          Ezin dut sinetsi hori pentsatzen duzunik.

          • Gonzalo Etxague

            Gezurrak? Iparlaren oinarria deskalifikazio sistematikoa eta iraina da, ez da krikitka bat orain artekoa gaizki egin dela eta nola egin behar den esateko: “azpiklase politiko aborigena”, “erreibindikazio huts eta demagogikoak”, “konformismo instituzionala”, “oportunista-instituzionalista armadunak eta armagabeak” bezalakoak dokumentu osoan erabiltzen den tonuaren adibideak baino ez dira.

            Baina zuen oinarri nagusia, “500 urte estrategiarik gabe”, azken 500 urteotan herri hau askatzeko borrokan parte hartu duten guztientzat iraingarria da, aspaldi esan nizuen bezala. “500 urte estratregia okerrean” onartuko dizut, begi-bistakoa baita, baina ez bestea.

            Argi dago aspaldidanik, ordea, iparla-orreaga zaleon helburua ez dela inor konbentzitzea, hain zuzen, demokrazia modu berezian ulertzen duzuelako: euskal herritarren %100ek nahi dute independentzia, Oiartzun zein Tafallan, independentzia nahi ez dutenak euskal herritar ez direlako, asimilatuak baizik, kausarako galduak. Horrela ez da beharrezkoa inor konbentzitzea, noski. Horrenbestez, ahalegin osoa gustukoa ez duzuen oro boikoteatzeko egiten duzue, dela euskararen aldeko manifestazioa, dela hauteskundeak, dela presoen aldeko manifestazioa… “Asimilatu”, “korrupto”, “morroi”, “legitimatzaile” eta antzeko adjektiboak oparaitzen dizkiguzue zuek pentsatzen ez dugun guztioi.

            Demagogia ere ez duzue arrotz. Euskal presoak ez ditzuela iraintzen? Gogoan dut, adibidez, irail aldeko eztabaida antzu horietako batean zuetako bati (Alazne, iñaki, infanzoia…) kargu hartzea Otegi politiko korruptoa zela esategatik. “Espetxean dago, baina!”, esan nuen nik inozente, artean zuei neurria hartu gabe bainengoen. “Pobrecito” izan zen erantzuna, erdaraz, Iparlako pasarte honekin batera: “Mende askotako esperientzia erakusgarriaren ondoren, oraindik gure artean baldin badaude politiko profesionalak sinisten dutenak politiko espainolen fede onean, promesetan eta zintzotasunean, ONGI MEREZITA DUTE GERTATZEN ZAIEN ORO”. Noski, nik dakidala, Arnaldo Otegi ere euskal presoa da. Enfin, honezkero zer esango dizut iparla-orreaga zaleei buruz? Batzuek lan zikina egiten dutela eta besteok arosago zabiltzatela?

            Bukatzeko. “Nik nire artikulu eta iritzi guzti guztietan gorde ditut formak”, esan duzu. Zure lehen iruzkina ondo irakurri al duzu?: “Ez dakit zein adjektibo erabili zure lehen argudioa kalifikatzeko”, “Marka da gero nola lejitimatzen duzun okupazio errejimena”. Zuk normalean horrela hitz egiten duzu, zure ingurukoekin, kalean, lanean…?

        • Gezurretan jarraitzen duzu. Iparlan azterketa politikoa egiten da. Gordina, gogorra nahi baduzu ,baina politikoa denez , horrrela izan behar. Zuk idatzi duzu “presoei barre egitea” eta hori maltzurkeri handia da.

          • Gonzalo Etxague

            “Pobrecito” esatea barre egitea da. Gainera, iñaki, iparlazaleon beste axioma gogoratu behar dizut: “politika biolentzia egitea da”. Zuek eder aplikatzen duzue. Zuekin bat ez datozen guztiekin biolentzia erabiltzen duzue, eta biolentziaren barruan irainak eta mespretxuak sartzen dituzue, noski. Ez esan Iparla kritika politikoa denik, biolentzia politikoa baita.

          • “Zuekin bat ez datozen guztiekin biolentzia erabiltzen duzue”
            Konturatzen zara zer esaten ari zaren ?

          • Gonzalo Etxague

            Bai, iñaki, “sumiso”, “zipaio”, “legitimatzaile” eta antzekoak esatea biolentzia da, eta mota txarrekoa, indarkeria. Horixe da Ipalak eta iparlazaleek proposatzen eta ZUZEUn, behintzat, egunero praktikatzen duzuena.

          • Galduta zaude. Gero eta gehiago barne ministerioaren diskurtsoa zeureganatuta. Ez da nahikoa zuretzat zapaltzaileei biktima deitzea, gatazka amaitu dela esatea, okupazioa normalizazio politikoa dela , edo espainiar sisteman askatasunean hautazen ditugula agintariak ,esatea. Orain, aro berrian,independentziaren aldekoei biolentoak deitu behar. Spanish style.
            Bye.

          • Gonzalo Etxague

            Argudioak bukatu baina zer edo zer erantzun behar, ezta, Iñaki? Eta horrela hurrengora arte: “Ikaragarria da sumisioa…!” . Batez ere, aspergarriak zarete oso.

  • Borroka da kartzelarako bide bakarra 2013-01-12 12:14

    Infanzoi: “Pro Libertate patrria gens libera state” goiburua zutenek zuk gaur hemen idatzitakoa ikusiko balute zu zeu izango zinateke arerioa.

    Askatasuna zer den ere ez baitakizu.Pertsonatik hastn den zeozer da,bai.

    Ta Kolonizazioari buruz hitz egiteko joan Afrikara, baina ni ez naiz kolonizatua sentitzen. Si akaso marxismoa bezalako ideologia Euskalerrian egin duen suntsiketa eta kolonizazioaz arduratuta.

  • Fermin Galparsoro 2013-01-12 16:58

    Ez dira Parot doktrina eta dispertsioa euskal presoen auzia antidemokratiko bihurtzen dabenak. Espaiñiar estatua bera da antidemokratikoa. Presoen alde egin nahi badogu, lor dezagun askatasuna lehenengo eta behin. INDEPENDENTZIA DA ASKATASUNAREN ABIAPUNTUA. ASKATASUNA BERRESKURATZEN DOGUN MOMENTUAN LORTUKO DOGU DEMOKRAZIA!

  • Jokin,

    Manifestazioan eskaturiko gutxienekoak lortzea estimatuko nuke. Baina egia da, nahi, preso eta iheslariak etxean nahi ditudala, bizitza ahal den normalena egiten.

    Zure etika eta nire, bistan da, ez dira berdinak: zure etika martziala da, hau da, gerrakoa, mundua kosta ahala kosta irabazle on eta errugabeak eta galtzaile gaizto errudunen taldeetan banatuta ikusi behar duena. Egia esan, ez dut uste justizia eta injustizia gehiegi axola zaizkizunik.

    Zintzotasunaren gaia atera duzunez. Ez ditut Atutxa eta Garzia Gaztelu konparatu. Badakit Atutxa hiltzeko saio bat baino gehiago izan direla: pozten naiz bizi delako, benetan. Atutxa gizon zintzoa dela diozu: ez dizut ukatuko, baina gerra logika baten barruan funtzionatzen denean, norberarena sentitzen duen bandoaren alde, pertsonarik zintzoenak izaten dira maiz besteri kalte handiena egiten diotenak: Atutxak gauza tamalgarri asko egin edota babestu ditu, beste testuinguru batean epaitegi batek zigortuko lituzkeenak, eta hori berak badaki. Aurpegia eman du eta berak bakarrik daki zintzo agertu nahi izan duen beste hainbaten kontzientzia garbi mantentzearren zenbat kaka jan duen.

    Baina orain bake-logika bat eraiki nahita gabiltza: Atutxak gerrarako ausarta eta gogorra dela erakutsi du; animatzen dut bakerako ausarta eta malgua izatera eta euskal presoen auzia konponbidean jartzeko lan-egitera. Asko esango luke bere alde eta ez lioke inork horregatik ezer aurpegiratuko, ez lagunek, ez etsai izandakoek.

    Zu eta Izei ere animatzen zaituztet horretara. Gaurko manifestazioan jende asko izan gara, baina ez pentsa, zuek bezalako jendea ere bota dugu faltan. Ea hurrengorik ez den behar, baina tamalez datorren urtean ere horrelako manifestaziorik egin behar baldin bada, ea ordurako iritziz aldatuak zareten. Elkarri hitza behintzat zuzentzea ere bada zerbait eta, ongi izan.

    • Atutxa zintzoa?
      Ai ene, ze lotsa gutxi ala ze ezjakintasuna!
      Bere agindupean ehundaka gazte atxilotu eta torturatu! Eta horietako asko, errugabeak zirela jakinda atxilotu, torturatu eta gartzelaratu! Zenbat aldiz ikusi ez ote dut zipaio biolentoak lurrean eserita, eskuak altxatuta zegoen jendea jipoitzen, bere jefearen aginduak betetzen.
      Rosa Zarra eta beste batzuk hil zituzten, Lasa eta Zabalaren familiak jipoitu, ehundaka gazte zein heldu kolpatu, Atutxaren agindupean poliziak kartzelara eramandako ehundaka errugabeak, jipoiak, mehatxuak…
      Hori da gizon zintzo honen lana. Ekintza guztiak berdin epaituko balira, kartzelan egongo zen, dudarik gabe.
      Odolez eta sufrimenduz eskuak zikinduta duen gizona, Atutxa hori

      • “Ekintza guztiak berdin epaituko balira, kartzelan egongo zen”. Ba, segur aski, hala egongo zen, bai, beste jende batenak epaitu izan diren bezala epaitu izan balira, esana dut. Eta zerrendatu dituzun sailburu ohiaren “meritu” horiek guztiak ezagutzen ditut, ezagutuko ez ditut ba… eta halere ez dut ukatzen gizon zintzoa izan daitekeenik. Lagunen lagun ona eta etsaien etsai handia dena zintzotasunaren eredu izaten da askotan. Antza, zure ustez, Darta, besteri kaltea egitea eta aldi berean zintzoa izatea ezinezkoa da, banaketa garbia da. Badakit zer esan nahi duzun eta behar bada zuzen zaude. Niretzat, zintzotasuna kontu arraroagoa da, eta banaketa ez da hain garbia. Gaizki egindako gauzak eta ongi egindakoak bereiztea ez zait gehiegi kostatzen; jende zintzoa eta jende gaiztoa bereiztea, batzuetan, gehiago kostatzen zait. Eta ez naiz holokaustoa zuritzeko argudioak ematen ari ezta gertatutakoak ahazteko eskatzen ere, gure hitz eta ekintzek gerra-logika alde batera utzi eta bizikidetza bilatu behar luketela esaten baizik. Axola ez badizu, utz dezagun horretan. Erantzutekotan, erantzuidazu pribatuki, mesedez. Ongi izan.

        • Fermin Galparsoro 2013-01-13 11:37

          POLITIKA IRABAZTEKO EGIN BEHAR DA, EZ ZU ONA ETA ETSAIA TXARRA DALA DEMOSTRATZEKO.

        • Sugar,

          Atutxak egindakoak zuritu nahian nabilela uste baduzu, gauzak oso gaizki esplikatu ditudan seinale. Zuritu ez, “kokatu” egin nahi nituen, besteren artean. Bistan da ez dudala asmatu, beraz, hobeto nago isilik. Egun on ona izan.

    • Ibai,

      Neretzat preso politikoa Otegi izan daiteke, baina inolaz ere ETAkideak. Estrategia militarraren hautua ekintzetan gauzatu duten horiek oso krimen larriak egin dituzte eta inolaz ere ezin da hori ahaztu. Preso daudela baldintza duinak izatearen guztiz alde nago (hau eskatu behar izatea tamalgarria da) baina niri higuina amnistiak sortuko lidake. Hemen egindakoarekiko erantzunkizunik hartu gabe ezingo dugu sekula elkarbizitza uztartu. Ez dut uste gure posturak oso bateragarriak direnik baina bueno, zuk esan duzun bezela, hitz egitea ez da gutxi. Ondo segi.

      • Izeia
        .
        “…Batzuen ustez ordaintzen

        Dagokien zigorra

        Maite dutenentzat berriz

        Askatasun haizea…”
        .
        Nola gustatuko litzaidake edukitzea zuk daukazun askatasuna, esaten duzunaren kontrakoa nik argi eta garbi esan ahal izateko inork kartzelara eramateko arriskurik gabe.

      • “Hemen egindakoarekiko erantzunkizunik hartu gabe ezingo dugu sekula elkarbizitza uztartu”…
        Bada, hemen Frankistek egindakoarekiko erantzukizunik ez zaie sekula eskatu, baina elkarbizitza “uztartu” egin da. Franco gurtu egiten da Espainian (Alemanian Hitler goraipatzea delitua da), baina frankistek eta ingurukoek elkarbizitzaz lezioak ematen dituzte gaur bai eta bihar ere bai. Eta Felipe Gonzalezen Gobernuek egindakoarekiko erantzunkizun gutxitxo eskatu zaie, baina elkarbizitza “uztartu” egin da. Zer esanik ez, Goardia Zibilak, Poliziak eta euren lagun ultraeskuindarren basakeriak sarituak izan dira…
        Iruditzen zait batzuek darabilten etika oso aldebatekoa dela, hitz ederrak gora behera.

        • Itzain:
          .
          Zuk esandakoa osatu nahi dut.
          .
          Falta da aipatzea EAJ-k egindakoa.
          Noiz hartuko dute haien erantzukizuna Espainolistekin elkarlanean haiek gidatu duten Ertzaintzak egindakoagatik? Zenbat atxilotu torturatua ? Zenbat karga eta jipoia? Zenbat zauritu eta elbarri ehunka, milaka kontzentrazio edo manifestazioen aurka oldartzean? Zenbat militante publiko (Mahai Nazionalekoak barne) eta klandestino bidali zuten Espainiako kartzeletara? Zenbat debeku? Zenbat isun?…. Zenbat bortizkeria errepresiboa ?

  • Zorionak “Izeia”… sarrera ederra. Zurekin bat !!!!

  • EP
    Ba nik bai uste det zure iruzkinaren argudioak Franko, Hitler, Musolini etab zuritzeko balioko zukeen (ez det esaten zure nahia hori denik, ezta gutxiago ere). Lagunen lagunak badira ez? Beraien kausarekiko zuzenak badira? Atutxak bazekin edo ez errugabe asko jipoituak izaten zirela ? Ba zekin kartzelaru askok errugabeak zirela edo ez? Bazekin ebazoen askok torturapean lortu zirela inolako frogarik gabe ala ez? Erantzuna baietz bada, ez da tipo zintzoa. Zuritu nahi dezun moduan.

    • Aergatik diozue “preso” eta “preso politiko”?? Hau ez da gure Estatua: BAHITUAK DIRA, INPERIALISTEN GERRA-PRESOAK. Gora Askatasuna!! Gure Estatua+Demokrazia.

      • Nahi duzunean egizu “errealitatea” deitzen den herrialdera bidaiatxo bat, han gaude euskaldunak, ondo segi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude