Kurdistan, Estatu izateari uko?
Otsail bukaeran, eta zortzi egunez, Euskal Herrian izan ditugu Melike Yasar eta Nursel Kilic, bi ekintzaile kurdu, euren herriko borrokaren berri ematen; besteak beste, Kobanê ahotan hartuta. Ernai gazte antolakundearen eta Bilgune Feministaren eskutik izan dira gurean bi emakumeak, Kurdistango askapen mugimenduaren eta proiektu politikoaren ezaugarri adierazgarriena baita feminismoa eta emakumeen borroka.
Bi ekintzaileek hitzaldiak eman dituzte Gasteiz, Bilbo, Donostian eta, azkenik Iruñean. Guk gure aldetik, eta Nursel Kilic Gasteizko Parlamentuan bere herriaren egoerari buruzko azalpenak ematen ari zela, Melike Yasar entzun genuen Gipuzkoar hiriburuko Koldo Mitxelenan, aretoa lepo eta jendea kanpoan sartu ezinik zela -atariko pantailetan jarraitu zuten batzuek hitzaldia-.
Melike Yasar Alemanian hazia da eta Suitzan bizi da egun. Hamasei urte zituenetik Kurduen askapen mugimenduko militante, bere herriaren emakume mugimenduaren ordezkaria da Europan. Kurduen borrokarako, ezinbestekotzat jotzen dute diasporako lana; horretan dihardu.
“Borrokan dabiltzan emakumeen aldetik elkartasun keinua” eginez hasi zuen jarduna Yasar-ek, bere esanetan, Kobanê-ren askapena ez bailitzateke posible elkartasun internazionalik gabe. “Estatu Islamiarraren aurkako borrokan, Sirian, nabarmendu ez diren arte, ez da inoiz kurduei buruz positiboki hitz egin munduan”.
Kurduen historiaz, egungo egoeraz eta emakumeen borrokaz luze mintzatu zen Melike Yasar, baina galderen txandan, independentziaren alde baina Estatu egituraren kontra agertu izana egin zitzaigun deigarri:
«Melike Yasar (independentziaz itaunduta):
“Zer esan nahi du independentziak?
Ez da bakarrik Estatu propioarekin lortzen den kontu bat. Kurduek independentziaren aldekoak izaten jarraitzen dute, baina ez Estatu baten metodoarekin.Kataluniak edo euskal Herriak, adibidez, erresistentzia oso indartsua izan dute, mugimendua da independentea. Baina… Estatuarekin ere izango lirateke independente?
Estatuak betebeharrak ditu sistema inperialistaren aurrean:
Estatuak legeak ditu, Estatuak poliziak ditu, Estatuak espetxeak ditu. Botere estruktura bat finkatzen du Estatuak; non emakumeak ezin duen askatasunik izan”.»
Kurdistan eta Öcalan
Ofizialtasunik gabeko nazioa da Kurdistan, Mesopotamia inguruko herri zaharrenetakoa. 40 milioi biztanle ditu eta, egun, lau herrialdetan banatuta dago: Iran, Irak, Siria eta Turkia. Milioi batetik gora dira Europan erbesteratutako kurduak.
XVI. mendean Otomandar inperioa desegin zenetik batasunik ez duen herri kurdua lautan zatitu zuten Lausanako hitzarmenetan (1923an), eta geroztik borrokan dihardu. Irak eta Turkian gogor zapalduak izan dira matxinadak, eta onarpenik gabe, egoera oso zaila izan dute beti Sirian.
1968tik gaur egun arte altxamendu aipagarri bat hasi zuen PKK langileen alderdiak, Abdullah Öcalan-en gidaritzapean. Turkian preso dago Öcalan 1999tik -Imrali uharteko kartzelan preso bakarra izan zen hamar urtez!-. Hitzaldi osoan zehar, Yasar-ek askotan aipatu zuen Öcalan, miresmenez beti.
Askapen mugimenduko kidearen esanetan, 70eko hamarkadatik aurrera esperantza sortu zuen PKK langileen alderdiak, perspektiba marxista-leninista batetik -egun aldatu den perspektiba-. “Egunetik egunera mugimendua handitu egin zen, jendea gehitu zitzaion, eta gizarteak ausardia berreskuratu zuen borrokarako”. Bide horretan, emakumeen borroka eztabaidaren hasiera-hasieran izan zuten kurduek, dio Yasar-ek, “nazio eztabaidaren aurretik dago egun emakumearena”. Kurduak bizi diren herrialdeetan emakumeak egunerokotasunean parte hartzea ez da kontu arrunta izan gaurdaino -sistema feudala indarrean dute oraindik inguru batzuetan- eta PKK alderdia askatasunaren sinonimotzat hartu zuten borrokara lerratu ziren emakumeek.
Bidea, hala ere, ez da erraza izan, Yasar-ek onartzen duenez. “Asko izan dira kurduen arteko kontraesanak eta emakumeek gizonen aldetik lehen unean jaso izan zuten ulertu ezina eta onespenik ezari aurre egin behar izan diote, beren komunitateetan ere”. Guzti horretaz mintzo da Melike Yasar ondorengo bideoan:
Herri kurduak daraman borroka luzean, Irak eta Siriako gudak ere pairatu behar izan ditu -parte hartze garrantzitsuarekin gainera-.
Siriako gatazkan, 2012an Rojavako autonomia aldarrikatu zuten kurduek, eta demokrazia zuzeneko sistema politikoa jarri dute martxan. Emakumeei euren eskubideak aitortu dizkiete, eta balore feministetan oinarritutako sistema bat osatu dute. Bertako “Konfederalismo Demokratikoa” Ekialde Hurbilean benetako demokrazia eraikitzeko bide egokitzat du Melike Yasar ekintzaileak.
Askatasuna ez du estatudirik bermatzen, baina estadu gabe ezingo da askatasunik izan, Siriak aitortu die, beraz aske ez, Siriak uzten diena momentuz.
Emakumeak ezin direla aske izan estatu baten ez dakit nori men egin behar dietelako? Bere auttonomia jainkoari egiten dio men edo?
Emakumeak, gizonak… aske izan daitezke estadu baten, gehiengoa nahi badu edo horren alde egiten dutenak indarra badute.
Estadu gabe inoiz ez dira aske izango.
Daflipat.