Kristalezko barrabilen sindromea
Kristalezko barrabilen sindromea –
Leire Narbaizak Gipuzkoako Hitzan argitaratua eta salabardoak Kalamuatik Txargainera blogetik jasoa.
Aurreko mendeko laurogeita hamarreko hamarkadan Bigas Luna zinemagile katalanak Huevos de oro (Urrezko arrautzak) izeneko filma pantailaratu zuen. Bertan, Javier Bardemek Benito Gonzalez gorpuzten du, anbizioz beteriko gazte matxo bat, testosteronaz betea, bere helburuak lortzeko edozer egiteko prest dagoena. Arrautzak dauzka neurri; bereak, noski. Hala ageri da pelikulako kartelean ere: zutik, hanka-zabal, eskuarekin hankarteari eutsita, jarrera desafiatzailean, urrezko arrautzak zeuzkala argi laga nahirik. Urrezkoak begitanduko zitzaizkion, baina, esango nuke, pertsonaia horrek kristalezko barrabilen sindromea ere bazuela.
Aurreko baten trenean lanera nindoala, eskuma aldean edadeko gizon bat eseri zitzaidan. Ezereztxoa zen, txikia eta iharra, korrikalari tipokoa. Hau da, gutxitxo okupatzen zuen gorputza zeukan, teorian. Ia gainean jesarri zitzaidan, eta ia gainean segitu zuen. Hasieran, uste nuen trena mugitu zelako inbaditu zuela nire espazioa. Baina ez, ipurdia ondo kokatu zuenean, hankak zabal-zabalik, izterra izterraren kontra zegoen. Nik hankak itxita eduki arren, bere izterra nirearen aurka. Orduan pentsatu nuen gizon hark ere kristalezko barrabilen sindromea zuela.
Kristalezko barrabilen sindromea oso gaitz zabaldua da (zabaldu hitzak dituen esanahi guztiekin: ireki eta hedatu). Gizonezko cis askok sufritzen dute; transexualak ez direnek, alegia. Sintoma nabarmenena da jesartzen direnean ezin dituztela hankak itxi, hankartean zintzilik daramatzaten barrabilak apurtuko zaizkien beldurrez, kristalezkoak direlakoan daude-eta. Hauskorrak eta babestu beharrekoak. Kristalezko arrautzak izena ere hartzen du sindromeak.
Txantxa dirudi honek guztionek, ezta? Baina egia berdaderoa da. Eta pentsatzen baduzue esajerazioa dela gizon ñañar horren jokaera, arrunta baino arruntagoa da, hainbeste non manspreading izena duen. Begira ezazue zuen ingurura zenbat gizonezko jartzen diren zangoak oso irekita. Arreta jar iezaiozue hartzen duten leku ikaragarri handiari.
Gainera, zaila da halako inbaditzaileak dagozkien lekuetara itzultzea, ez direlako batere kontziente okupatzen diguten espazioaz eta sortzen duten deserosotasunaz. Niri, behintzat, ez zait gustatzen jende ezezagunak ukitzea, are gutxiago udako egun beroetan, eta denondako lekua dagoenean (beste baterako lagako ditut Euskotrenen masifikazioa eta horren arriskuak). Zergatik jasan behar dut inoren azala nireari itsatsita? Zelan zentzatu espazio-inbaditzailea istilurik muntatu barik? Erronka gaitza!
Baina sustraira jo beharko genuke. Txikitatik erakusten zaigu neskoi esertzen belaunak elkarren ondoan ditugula, edo hankak gurutzatuta. Beti aitzakiaren bat jarrita: gona daroazu, eta kuleroak ikusiko zaizkizu; ez da batere fina horrela jesartzea, señorita bat ez da horrela jartzen. Irakasten zaigu emakumeoi ahalik eta espazio gutxien hartzen, diskretuak izaten; periferian kokatzen, pilota eta baloiekin gertatzen den lez eskoletako patioetan.
Ez da edukazioa —zentzu zabalenean— soilik. Emakume/gizon rolak betetzeko agindua dago arazoaren muinean. Gizonak dira zentro eta ardatz. Espazioaren jabeak dira. Eta besteok, andrazkook, lagatzen diguten lekutxoan egon behar.
Txikikeria dirudi, baina gauza txikietatik aldatzen hasi beharko gara, ezta? Beraz, gizonok, itxi itzazue hankak, zuen barrabilak ez dira apurtuko eta.
Kristalezko barrabilen sindromea
Salabardoa estoldeen inguruan sartzen baduzu, errezena kakamokordo bat ateratzea da.
ZuZeuko lagunak ez duzue ezer ikasi?
Hasier nola tratatu duten ikusteak ez al dizue erakutsi ez zaretela inoiz behar bezain aliatuak izango?