Nafarroako akordio programatikoari bistadizo bat

Nafarroako akordio programatikoari bistadizo bat –

77 orrialde dauzka dokumentuak, eta “sustatu”, “bultzatu” eta antzeko hitz positiboak agertzen dira ezker-eskuin. Ekintza politikorako hamar ardatz aipatzen dituzte, eta horien irakurketatik ondorio batzuk atera daitezkela deritzot. 

Nafarroako akordio programatikoari bistadizo bat

Hirugarren puntua,  “bakea, oroimena, elkarbizitza eta biolentziaren deslegitimizazioa”. Hitz ponpoxo hauek guztiak itzultzaile automatikotik pasaz gero erantzuna argigarria da.

  • Bakea: nik inposatutako statu quoari amen egitea; eta egiten ez badiozu, ba kea.
  • Oroimena: batzuena soilik.
  • Elkarbizitza: nire bakea eta nire oroimena onartzea.
  • Biolentziaren deslegitimizazioa: merkatu librea maite dugu gai honetan ezik, biolentziaren monopolioa estatuarena da. Nik 155a ezarri eta jendeari burua ireki behar badiot, zilegi da.

Bosgarren puntua, “XXI. mendeko hiritarren eskubideak bultzatzea”. Mozal Legeak indarrean dirau, eta eskubide zibil eta politikoak geroz eta argalago daude. Gasteizko legebiltzarrak Mozal Legea ez ezartzea adostu zuen, teorian, eta ondoren milaka aldiz aplikatu; Ipar Euskal Herriari dagokionez, Frantziak atentatu islamistak baliatu ditu salbuespen egoera betikotu eta errepresio egoera gordintzeko jaka horien eta herri mugimendu ezberdinen aurka. Nafarroa estatuaren laborategi izan da hainbat kontuetan, jazarpena barne. Polizia Foralak 3.052 aldiz ezarri zuen Mozal Legea 2015eko apiriletik 2016ko abendura; 289k eragin zuzena zeukaten oinarrizko eskubide zibil eta politikoetan. Horrek ez bazuen laukoaren akordio programatikoa txikitu, oraingoan are gutxiago.

Nafarroako akordio programatikoari bistadizo bat

Bederatzigarren puntua, “gure autogobernuaren defentsa legalitate eta leialtasun instituzionalaren barnean, … elkartasuna estatuko gainera lurraldeekin…”. Abentura sezesionistarik ez, beraz, lasai alde horretatik.

Hamargarren puntua, “Nafarroaren errealitate historiko, kultural eta soziala babestu, berau osatzen duten hizkuntzak barne”. Hizkuntzak. Pluralean. K. Ez zaizkit okurritzen Nafarroan babesa, sustapena eta tratu berdintasuna behar duten bi hizkuntza, nahiz eta buruari hamaika buelta eman. Iaz idatzi nuen artikulu batean aipatzen nuen nola euskararekin eta Euskal Herriarekin zerikusi zuen edozerri egurra ematea izan zela oposizioaren lan tresna nagusia; PSNrena ere, bistan dena. Hurrengo lau urteetan Navarra Sumak ez dio goxoki horri muzin egingo, eta era berean PSNk ez die ezertarako aitzaki txikiena ere eman nahiko, Ahal Dugu ez da batere bustiko, Ezkerra gustura, eta Geroa Baik ez du gobernuaren egonkortasuna arriskuan jarriko horregatik. Apartheida ez zen inoiz desagertu, baina orain apur bat gogortuko denik ezin uka. Bestalde, Garikoitz Goikoetxeak puntu honi buruzko hainbat gogoeta bildu ditu Berrian idatzitako artikuluan.

Nafarroako akordio programatikoari bistadizo bat

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

Zer duzu buruan “Nafarroako akordio programatikoari bistadizo bat”-ri buruz

  • Nola moderazioaren eta posibilismoaren mantupean datorren akordio programatikoa, Beñaten artikulua irakurrita, ematen du oso erradikala dela. Baina euskal ikuspegitik errealitate politiko-kultural-linguistikoa da gordina, oso gordina.