Klima aldaketa saihestu beharrean, egoerari egokitu: arrazionaltasun ekonomikoaren akatsak agerian

Klima aldaketa saihestu beharrean –

Joan den otsailean, Christophe Béchu Frantziako Ingurumen ministroak bazterrak harrotu zituen erraterakoan gertatu daitekeen lau graduko beroketaren aurrean prestatu beharko dugula. Adierazpen hori entzuterakoan eta ezohiko sute eta lehorteek jotako 2022ko udatik atera berri, arriskuaren aurrean estatuak amore ematen zuelakoan zeuden asko. Ministroak hori ezeztatu arren, Frantziatik harago herrialde industrializatuek aspalditik hautatu zuten, saihestu beharrean, klima aldaketari egokitzea.

Klima aldaketa saihestu beharrean
Garzweiler ikatz meategiko erauzketarako makina. XX. mende bukaerako irizpide ekonomiko nagusien arabera, erregai fosilen erauzketak hazkundea ondorioztaturik, klima aldaketari egokitzen laguntzen du.wikimedia commons

1976ean, AEBen Living with Climate Change: Phase II (“Klima Aldaketarekin Bizitzea: 2. Fasea”) deituriko kongresua antolatzen zuen Mitre Corporation azterketa kabinete militarrak. Sarreran klimaren beroketa laburki aipatzen zen, halabeharrezkotzat jotzen zen. Aldiz, ekonomian izanen zuen eragina zuten gai nagusitzat. Laborantza zaurgarritzat jotzen bazuten ere, haien iritziz aski zatekeen ekoizpen zonaldeak iparrera mugitzea (aldaketa hain sinplea delakoan…). Gai horri buruz, 1983an AEBetako Zientzien Akademiak egindako Changing Climate (“Klima Aldakorra” edota “Klima Eraldatuz”) txostenaren azken kapituluak aitortzen zuen beroketak laborantzan izanen zuen eragina, baina lehen sektoreak pisu guti ukanik ekonomia nazionalean (dolarretan), ez zitzaion garrantzi asko eman. Eskualde batzuk hondamendiak pairatuko zituztela aurreikusten zen, baina horien sakrifizioa beharrezkotzat jotzen zuten –nahiz eta kalteak ordaindu beharko zirela aitortu–, hori gabe horren aurkako neurriek gainontzeko eskualdeen hazkundea (dolarretan) oztopatuko zuketelako. Erresuma Batuan, 1989an, Margaret Thatcherren gobernuak antzeko azterketa egin zuen, eta laborantza ministeritzak azaldu zuen eragingarriak izateko oso gogorrak izan beharko zuketela neurriek eta erresumaren lehiakortasun ekonomikoa izugarri kaltetuko zutela –eta orduan, hor ere, bide horretan ez abiatzea hobetsi zuten–. Energia ministeritzak gehitu zuen Erresuma Batuaren isurketak mundukoen %3 baizik ez zirela (isurketa historiko metatuak airoski ahantziz), eta Txinaren igoerarekin ehuneko hori txikiagoa ere bihurtuko zela. Beraz, ahalegina klima aldaketa saihestean baino, egokitzean jartzea lehenetsi zuten.

Fisikak, klimatologiak eta historiak gezurtatu arren, indarrean jarraitzen dute klima aldaketa saihesteko ahaleginik ez egiteko argudio ekonomikoek

Ardura historikoak ahaztea, errealitatearen neurgailutzat dirua hartzea eta nazioarteko bide bakartzat, elkarlana beharrean, lehia edukitzea: koktel ezagun baten osagaiak prest zeuden jada.

Ekonomialariak zentroan

Garai berean, William Nordhaus ekonomialaria kalkulatzen hasi zen zenbatekoa litzatekeen klimaren beroketa optimoa, irizpide ekonomikotan, kontuan harturik, alde batetik, klima aldaketa murrizteko neurrien kostua, eta bertze aldetik, klima aldaketaren eraginen kostua. 2018an lan horientzako Nobel saria jaso zuen. Bere konklusioak arreta deitzen du: mende bukaerarako 4 gradukoa omen da beroketa optimoa, hipotesi horretan BPGa %3.6 bakarrik jaitsiko omen litzateke, eta gauza bera gertatuko omen litzateke berotu baino 4 gradu gutiagokoa izanen balitz tenperatura globala. Hain zuzen, azken Izotz Aroan gaur baino 4 gradu apalagoa zen tenperatura globala… nola irudikatu beraz munta honetako aldaketak gure ekonomietan 2008ko krisia baino eragin gutiago lukeela? Steve Keen ekonomialariak erakutsi zuen Nordhausen lanaren oinarrian hipotesi ahul xamar bat dagoela (AEB barruko hirien tenperatura eta BPGaren arteko lotura ekonomialaria ez den bati arraroa iduri arren) eta konklusioen sinesgarritasuna kolokan jartzen duela. Aldiz, IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak dio, ekonomian ez baina fisika atmosferikoan oinarrituz, 1,5 eta 2 graduren arteko beroketarekin milioika milioi dolarreko kalteak daudela. Tarte horretan, beroketaren eraginak konpontzea baino 70 bider merkeagoa da beroketa saihestea. Zergatik orduan ekonomialariei hainbertze arreta ematen jarraitzen diegu eta klimatologoei hain guti?

Ideologia kontua da

1990an, Thomas Schelling ekonomiako Nobel saridunak idatzitako Global Environmental Forces (“Ingurumen Indar Globalak”) tituludun artikulu batek ongi biltzen ditu garai hartan indarrean zeuden kontzeptuak, eta gakoak ematen dizkigu egindako hautuak beren testuinguruan ulertzeko. Bertan lau ideia nagusi ikus daitezke: (1) arriskua baino handiagoa omen da egokitzeko ahalmena (garapen teknikoak eta produktibitatearen emendatzeak arazoa gainditzen lagunduko gaituztelakoan); (2) irizpide bakarra kostuen eta irabazien neurria da, horren arabera erregai fosiletan inbertitzea positiboa da, hazkundea sortzen duelako eta beraz egokitzeko gaitasuna hobetu; (3) diplomazia gakotua da eta lehia testuinguru batean ezin da interes amankomunik aurkitu; (4) gizakiaren historian zehar aldaketa asko izan dira eta egokitzeko gaitasuna bultzatu dute.

William Nordhaus ekonomialariaren lanak hipotesi ahul batean oinarrituak izan arren, 2018an jaso zuen Nobel saria, klimari buruzko bere lanentzat

Hirugarren puntuari dagokionez, egia da gizateriaren goreneko interesak ez direla orain artean lehen planora ezarri, eta horrek zerikusia du gerra hotzarekin eta horren ondorengo globalizazioarekin. Haatik, bertze hiruen aurkako argudio sendoak ematen dizkigu fisikak: mineralak eta energia mugatuak ditugun mundu honetan, produktibitatea ez da mugagabe igoko eta arriskuak biderkatuko diren bitartean, horiei aurre egiteko baliabide fisiko gutiago izanen ditugu; arrisku biderkorrak eta uzkailketa puntuak kontuan hartu gabe ezin da azterketa errealistarik egin; eta gizakiaren historian ez da inoiz izan orain bezainbat beroketa azkarrik –eta gure egokitzeko gaitasuna gainditu dezakeenik–.

Baina Schellingen ikuspegiko “arrazionaltasun” hori erabaki hartzaileei esanguratsua zaie –nahiz eta fisikoki bideragarria ez izan–, eta argumentu ekonomiko, geopolitiko eta teknikoen arteko sintesia eginez, ideologia oso indartsu bat hornitzen die, erabakiguneen balio-sisteman osoki kabitzen dena. Ideologia horrek erraztu ditu klima aldaketa saihesteko ahaleginen murrizketak eta atzerapenak –erabakiak inoiz hala adierazi gabe, debaterik gabe eta herritarrak informatu gabe, batez ere jadanik klima aldaketaren lehen lerroan daudenak. Ikuspegi honi bideraturiko kritika asko izan dira, baina kritika horiek ez dute lortu Schellingek lortu duena: narratiba bat inposatzea.

Hori izan daiteke beharbada gizarteak klima aldaketa serioski hartzea nahi dutenen erronka: argumentu fisiko, ekosistemiko eta sozialen arteko sintesia eginez, narratiba indartsu bat sortzea, gizateria lehen planoan jarri nahi dutenen balio sistemarekin bat egiten duena.

ARGIAn argitaratua

Klima aldaketa saihestu beharrean Klima aldaketa saihestu beharrean Klima aldaketa saihestu beharrean Klima aldaketa saihestu beharrean Klima aldaketa saihestu beharrean

Ikertzailea, Bizi!ko kidea, baratzezaina eta irrati kronikalaria