‘Gernikako Arbola’ euskal ereserkiak 170 urte

‘Gernikako Arbola’ euskal ereserkiak 170 urte –

Aurrekoan Gernikako Arbola euskal ereserkiaren 170. urteurrena ospatu zen Urretxun; kantu horixe izan zen Jose Mari Iparragirreren arrakastatsuena. Egunotan, zenbait artikulu argitaratu dira egunkari honetan, tartean dela Twitter-eko (X-ko) bozketa bat ere. Egungo pertzepzioaren barometro bat da, baina irudiko luke ereserki bat uneko boladaren eta aldartearen kontu bat dela, «atsegite» pertsonalari lotua, tabula rasa. Niri, ordea, bururatzen zait galderak honelakoxe zerbait beharko lukeela: nahi duzu Gernikako Arbola Euskal Herriaren ereserki nazional izaten jarraitzea?

'Gernikako Arbola' euskal ereserkiak 170 urte
Arg: Otamotz

Ez baikara zerotik abiatu. Gernikako Arbola, hasteko, gure memoriaren leku bat dugu (Antoni Furiók, besteak beste, Nabarralderen 2018ko Memoria lekuak jardunaldian landu kontzeptua). Nazio ereserki batek epika bat du atzetik, herri horren jazoera historiko garrantzitsuetan presente egon da, baita gerrakoetan eta une saminenetan ere. Adostasun handikoa behar du, eta lurralde guztietan errotua, kasu honetan Euskal Herrikoetan. Iparragirreren doinuek espainiar agintari eta funtzionarioak urduritu zituzten, herritarren artean hautsak harrotzeko zuen ahalmenagatik, euskal legeen eta erakundeen jarraipena kolokan zirenean. Halaxe ezagutu zuen erbestea Iparragirrek 1853an, eta erbeste horretan sortu zen Gernikako Arbola, Madrilen.

Nafarroa Garaian, sakon errotu zen, karlista borrokalarien artean, baina baita liberalen artean eta, geroago, ideologia guztietakoen artean. Sabin Aranak Euskal abendaren ereserkia hobetsi zuen. Gamazada erreboltak (1893) Gernikako Arbola zortzikoaren, haren lehen ahapaldiaren, ospea harrotu zuen, bereziki abuztuko Donostiako sarraskiaren ondoren, euskaldunen askatasunen aldeko altxamendua (nazioarteko prentsan agertu bezala), protestariek ahotan Gernikako Arbola zerabiltela.

Ipar Euskal Herriko lore jokoen epelean, kantu solemne bihurtu zen, betiere herritarren artean, gutxi batzuk ikasiak eta agintariak, beste gehienetan jende arrunta. Deserriko euskaldunek eta, oro har, euskal herritarrek beren kohesiorako ikur bihurtu zuten, eta 1914-1918ko Gerla Handira behartutako soldadu euskaldunek lubakietan kantatu zuten. 1899an, grabatutako lehen euskal abestia izan zen, eta alemanek preso euskaldunei grabatu zieten Alemaniako Prusian. Ordurako, the Basque national anthem zen, l’hymne national des Basques, gaztelaniaz, gutxiagotan, himno nacional de los vascos, mundo osoan ezaguna. 1937ko Gernikaren bonbardaketak areagotu egin zuen Gernikako Arbolaren itzala eta nazioarteko sinbolismoa.

Eusko gudariak borrokalariagoa, ordea, tokia jaten joan zitzaion zortzikoari, XX. mendeko 60ko hamarkadaz geroztik. Trantsizioak gainerakoa egin zuen euskal ereserki nazionala itzaltzen joateko: alde batetik, polarizazioak eta alderdikeriak, eta, bestetik, belaunaldi hausturak. Neronek biak ere ezagutu nituen. Gernika koka kola abestia Baldin Bada taldeak atera zuen 1986an, disko bikain bezain lotsagabean. Kantu hori ere halakoxea zen: arauak apurtu, ideiak burutik pasatu ahala («PNVren artean», sintaxia ere ez zen onik atera). Berehalakotasuna eta bizi gogoa, sakroa hautsi, profano bizi.

Azken hamarkadotan, transmisioaren hausturak, desnazionalizazioak eta indibidualizazioak beren bidea egin dute. Hezkuntza curriculumak segur aski ez du Gamazadaz deus esango, ezta Gernikakoaz ere, eta hor dago gakoetako bat. Bestalde, gizabanakoari dei egiten dion kantu bat («txoria», «ni»), ederra izanagatik, inspiratzailea eta kantatzeko erraza (erritmo dantzariko Gernikako Arbola bezala), nekez izan daiteke nazio ereserki bat. Betiere, zilegi da, noski, Txoriak txori edo Ikusi mendizaleak mirestea/atsegitea, edo are, ereserkirik nahi ez izatea. Denboran, espazioan eta taldean, bada, euskaldunok, euskal herritarrok, eman eta zabal.

Euskal Wikilarien Elkarteko kidea, itzultzailea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude