Kazetaritza eta objektibotasuna
Objektibotasuna kazetaritzan ezinezkoa da, baina ez kazetariok hala nahi dugulako, baizik eta informazioa pertsona batek, subjektu batek, kudeatzen duen momentutik, objektibotasuna galdu egiten duelako nahitaez. Hitzen aukeraketa, kontakizuneko protagonistak, ekintzak eta haien ordena,… Kazetariaren aukeraketa dago bazter guztietan. Dena dela, objektibotasuna handiagoa ala txikiagoa izan daiteke.
Zentik blogean honako sarrera aurkitu dugu kazetaritza eta objektibotasunaren inguruan, Ana Pastor kazetariak azken aldian sorrarazi duen eztabaidaren inguruan, alegia. Interesgarria iruditu zaigu eta horregatik zurekin partekatu nahi dugu.
<<Martxoaren erdialdera, albiste bihurtu zen Pastor, Irango Ahmadineyad presidenteari elkarrizketa egin ondoren. Batetik, presidentearen aurrean buruko zapia erori zitzaiolako. Baina, nagusiki, Irango gobernuburuari “aurre” egiteagatik; Irango “bidegabekeriak” gogor salatzeagatik eta Espainiako “demokrazia” indartsu defendatzeagatik. Hainbat egunkaritan eta Twitterren “heroi” izendatu zuten askok.
Halakoak irakurrita, noski bideoa ikustera jo nuen. Ez nuen Irango presidentea saldu zidaten bezain estu ikusi. Ezta Pastor bera esaten zituen hitzez hain ziur. Baina egiten duen tokian egiten du lan. Hemen uzten dizuet elkarrizketaren zati bat, ikus dezazuen:
Eta Alfonso Sastrek Garan idatzitako artikulu bat ere uzten dizuet. Oso interesgarria da: La Tortura y el Reino.
Horrez gain, aste honetan, beste eztabaida bat izan du Pastorrek. Kasu honetan, PPko Maria Dolores de Cospedalekin, Los Desayunos de TVE programan. Cospedalek telebista publikoaren objektibotasun salatu zuen. Eta kazetariak, inpartzialtasuna defendatu, telebista beste garai batzuetakoa ez dela esanez (PPren garaiei erreferentzia eginez, baita bata PSOE gobernuan zegoen beste garai batzuei ere). Hona zatitxo bat:
Hasteko, ez dut sinisten objektibotasunean eta inpartzialtasunean. Are gutxiago, gobernu batek kontrolatutako hedabideei dagokienean. Beraz, ez dut uste RTVE objektiboa denik. Eta ziur nago bertako langileek ere badakitela hori.
Bestetik, kazetari bezala, Ana Pastorri Espainiako errealitatea (eta kanpokoa ere, ziur) guztiz ezagutzeko hainbat bertsio falta zaizkiola iruditzen zait. Defendatzen dituen gauza batzuk, defenda ezinak dira. Eta ziur nago badakiela.
Halako jarrerek egiten du kalte gehien iritzi publikoan. Kazetarion lana ere bada ahalik eta informazio gehien eskuratzea (alde guztietakoa ahal izanez gero) eta jendeari helaraztea. Benetan informatuta egon daitezen, eta iritzia eurek sor dezaten.
Aste Santuan, esaterako, Extremaduran egon naiz. Eta ia gai bakarra izan dute albistegiek. Bildu eta hauteskundeak. Benetan esaten dizuet, han biziko banintz, saltzen dizkiguten gauza asko sinistuko nituzke (bai, pertsonaren arabera ere bada, baina ematen didatena besterik hartzen ez badut…).
Horrez gain, azkenaldian Ana Pastorrek hartutako protagonismoaz hainbat galdera sortu zaizkit. Zergatik hainbesteko protagonismoa azkenaldian? Zerk egiten du Ana Pastor hain kazetari ona? Gure eredu izan behar du?
Atzetik interesen bat dagoela iruditzen zait. Ez zait Pastor hain kazetari ona iruditzen. Ez behintzat saldu nahi diguten bezain ona, aukerak baliatzen badakien arren eta langilea den arren. Ziur nago duen postua irabazi duela. Gure eredu? Ez, inola ere ez. Ez duelako bizi den herrialdeko benetako errealitatea ezagutzen. Edo okerrago, ezagutu bai, eta gainera ezkutatu egiten duelako.
Zer iruditzen zaizue zuei?>>
Eta zer da Espainiako “benetako” errealitatea ezagutzea? Edo noiz esan dezakegu zerbaiten inguruko errealitate osoa ezagutzen dugula? Esku artetik ihes egiten didan kontua da hori. Horren ordez, nik nahiago nuke kazetariaren zintzotasun edo onradutasunaz hitz egin.
Eta ez dakit Ana Pastorrek zintzotasunez lan egiten duen. Baina bi gauza azpimarratuko nituzte: bat, elkarrizketatzaile ona iruditzen zait, zuzena, egindako galderaren erantzuna exijitzen duena (hau ez da txorakeria) eta elkarrizketatua baino koxka bat gorago kokatzen dena. Bi, kazetaria bera albiste bihurtu da, eta, zoritxarrez, susmoa dut ez diola horri uko egiten.
Puntu dexente ukitzen ditu sarrerak eta ez dakit nondik hasi. Objetibotasuna edo haren ezaren gaiari mila buelta eman diezaiokegu, baina objetibotasuna eta subjetibotasuna zeri deitzen diogun adostu ezean, alperrik gabiltzala uste dut.
Kazetaritzan ezinezkoa omen da objetibotasuna… baina nik beti kezka bera izan dut: Ikusi eta ikasi dudanetik, zuri hau eta horrela kontatzea erabaki dudala esaten badizut, ez al da objetiboa? Kazetariak subjetibotasuna onartzen duen unetik (jarreraz, ez hitzez) objetibotasunera gerturatzen garela esango nuke. Baina horretarako kazetariak aske, independiente beharko luke (medioak ere bai ere berean, eta halakoak eskasten doazkigu).
Erabat ezberdinak dira “hau gertatu da” edo ” gertatu denetik, hau iruditu zait zuri kontatu beharrekoa” esaldiak. Badakit hori praktikara sekula ez dugula zuzenean eramaten eta beti nahastutzen direla uste bezala emandakoak eta egi bezala kontatutakoak, baina uste dut kazetariaren abiapuntuak edo jarrerak objetiboago egin dezakeela kontaera. Objetibotasuna inpartziala denik aldiz ez dut sinesten, edo agian inpartzialtasunean sinesten ez dudala izango da gakoa.
Pastorren gaia komentatzeko ez daukat baserik. Ahmadineyadi egindako elkarrizketatik han eta hemen zabaldu diren pasarterik esanguratsuenak bakarrik ikusi ditut, Sastreren idatzia letu dut baina ez dut gehiagorik ezagutzen. Hala ere objetibotasuna baino inpartzialitate eza edo dakien guzia ez kontatzea egozten zaiola iruditzen zait eta hori arrunta da. Ados hau eta hura ez dituela kontatu, baina horrek egindako elkarrizketak kaskartzen al dizkio? Ez dut bere alde egin nahi, ez baitut defendatzeko adina ezagutzen (ez bera eta ez haren lana ere, baina ez dut gutxiesteko arrazoirik ere) baina batzuetan zurrunbiloa urrunegi eraman nahi izaten dugunaren susmoa daukat.
@Imbezima: arrazoi. Ezinezkoa da errealitate osoa ezagutzea. Baina gauza jakinak (eta larriak) ukatzeaz ari gara, gehienbat. Agian ez da ulertzen. Pastorrek bere lana ondo egiten duela ere agertzen da testuan. Eta ados nago zurekin, ez diola ukorik egiten kazetaria bera albiste bihurtu izanari.
@Gari Garaialde: oso hausnarketa interesgarria.
barkatu gaizki idatzi dut nahi gabe @Imbeizama da.
Nik egunkariak irakurtzen ditudanean ez dut informazioa bilatzen, izan ere, informazioz saturatuta gaude. Nik “formazioa” bilatzen dut informazioa baino gehiago. Arazoa da, kazetari gehienak fakultatetik atera eta gero bekario gisa per secula seuculorum badaude informazio-talde handien esanetara lanean, eta hedabide independenteek militante zintzoen doako lanari esker irauten badute, oso zaila dela informazio fidagarria eta formazio sendoa jasotzea.
Artikulua idatzi duen zuzeulariak dio: “…ez dut sinisten objektibotasunean eta inpartzialtasunean. Are gutxiago, gobernu batek kontrolatutako hedabideei dagokienean. Beraz, ez dut uste RTVE objektiboa denik”.
Kontutxo bat besterik ez: Pascual Serrano kazetaria beti hedabide publikoen alde mintzo da. Italia adibidetzat jarri izan du, non RAI den Berlusconiren ustelkeriaz beldurrik gabe mintzo den hedabide bakarra, Il Caballiere zaharra beste ia guztien jabea da eta. Hemen, Euskaldunon Egunkaria jaiotzear zelarik, sesioak eta haserreak egon ziren. Azkenean, bide zintzoena atera zen garaile eta Amatiñoren lagunen azpikeria galtzaile. Hala ere, beti gogoan izan hedabide pribatuak direla publikoen kontra sutsuki gehien hitz egiten dutenak, eta zerbaitegatik da.
Ez dut ukatzen RTVE gobernuaren nolabaiteko kontrolpean dagoela, informatiboetan batik bat, baina RTVEk, iragarkiak kendu zituenetik, bere arorik hoberena bizi duela iruditzen zait. La2 gauez zoragarria da. Eguzki Bideoak-en bi lan eman dituzte dagoeneko, El Papus aldizkariaren kontrako atentatuaz dokumental izugarri ausarta, “Copiad Malditos” Creative Commons lizentziapean,… Eta ez goizaldeko orduetan, prime timean baizik. Horrelakorik ez luke sekulan eginen telebista komertzial batek.
Eta Ana Pastorrez, barkatuko didazue, baina emakume horren harropuzkeria eraman ezina egiten zait. Ezin dut jasan, eta gainera, ez dut soportatzen.