Katalunia independiente bati Espainiak ezin dio betoa jarri
Miguel-Anxo Murado: “Idependentzia lortzen erraza dela uste dutenak bezain ezjakinak dira, Europar Batasuna Espainiako batasunaren garante izango dela uste dutenak”
Miguel-Anxo Murado idazle eta kazetariak Huffington Post agerkari digitalean idatzitako artikulu batek hautsak harrotu ditu Estatuko kobazulo ilunenetan. Arrazoiz harrotu ere, Madril aldean vox populi den Kataluniaren Europar Batasuneko irteera “automatikoa” gezurtatzen baitu taxuzko argumentuekin. Oso ohikoa ez dugun eran bide batez.
Gai polemikoari Viviane Reding-en gutun famatuarekin heltzen dio. Bertan Reding-ek bat egiten du Espainiar Estatuaren posizioarekin: Katalunia independientea balitz ezingo luke EBko kide izan. Pertsona batek era pribatuan helarazitako iritzi bat, Espainiako eskuineko hedabideen lobbyak Bruselaren adierazpen baten mailara eramaten duela azpimarratzen du Muradok. Eta xehetasun batzuk kontuan artu behar direla gogoratzen digu. Izan ere, Reding andereak justuki aurkakoa esan zuen Sevillan duela ez asko. Beraz hasieran aipatu gutuna zuzenketa bezala ulertu behar dugu, era pribatuan (ez adierazpen publiko batez) egindako zuzenketa gisa. Esanguratsua idazlearen ustez.
“Orain arte Bruselatik gaiaren inguruan ateratako adierazpenak, kazetariek kostata ateratako iritzi pertsonal soilak dira”, dio Muradok, Bruselan gehien aipatu dena “barne kontu” bat denarena izan baita eta honek diplomazian neutraltasuna adierazi nahi du autorearen aburuz. Nahiz eta hedabide espainiarrek era patriotiko batez kontrakoa adierazi nahi izan. Europari ez zaio komeni kontu hau arazo bilakatzea, are gehiago Belgika aurki banatzeko aukera probablea izanik. Espainiar Estatuaren tesiaren arabera, hala Valonia, nola Flandes, Europar Batasunetik kanpo geratuko lirateke. Pentsaezina dela dio Huffington Posteko kazetariak.
“Europak ez du deus egiten automatikoki”
“Posible da independentzia lortzen erraza eta atsegina izango dela pentsatzen dutenak ezjakin batzuk izatea. Baina Europar Batasuna Espainiaren batasunaren garante izango dutela pentsatzen duten anti-independentistak ez dira hauek baino argiagoak”, dio. Europak bere subiranotasunaren alde egingo du autorearen iritziz, orekaren alde. Proiektua elite multinazional batek gidatzen du “aurreiritzi nazionalen aurka”. Portugalen tamainako ekonomia duen Katalunia hau Europar Batasunarentzako ia ezinbestekoa dela dio Muradok: “Paradoxa bada ere, Espainia litzateke gehien sofrituko lukeena banaketa”.
Zer izango den? Zer egingo duen Bruselak? Bada, momentua iritsi arte ezin dugu jakin. Baina ziur ez duela Katalunia “automatikoki” botako Batasunetik. “Europak ez du deus egiten automatikoki”. Hemen oso argi mintzo da artikulugilea Katalunia soilik bota daiteke Espainiak bere independentzia onartzen badu, ordura arte Espainiaren zati gisa ikusiko du. Eta onartuko balu, banaketa legala litzateke, eta Europa egoera berri horretara moldatuko litzateke. “EBk Bartzelona eta Madrilen arteko negoziaketa egiteko eskatuko luke, eta ikusiko balitz Espainia obstakulua dela batasun europearrarentzat pisu guztia Madrilen gainean legoke”, amaitzen du.
Badirudi Espainiaren diskurtso anti-independentista ardazten duen argudio potenteena gezur handi bat dela. Edo hala dio kazetari honek. Kontuan edukitzeko iritzia dena den.
- BBCk gaiaren inguruan egindako erreportajea: Kataluniak adios Espainiari?
- Miguel-Anxo Muradoren jatorrizko artikulua.
Baskonia honetan azken 40 urteetan bizi izan dugun giza drama eta kalte guztiaren ondoren, katalanek prozesu honekin independentzia lortzeko gai badira, sekulako lekzioa erakutsiko digute.