Euskadi Irratiaren etorkizuna

Hurrengo ostiralean, hilaren 23an, 30 urte beteko ditu Euskadi Irratiak. Horregatik, bi jardunaldi antolatu dituzte Koldo Mitxelenan, hain zuzen ere, iraganaz, orainaldiaz eta etorkizunaz mintzatu dira irratiaren munduko edo inguruko hainbat langile eta aditu.

Gaur, zehazki, etorkizunari buruz hitz egin dute Xabi Erkiziak eta Joseina Etxeberriak. Lehenengoak, irratiaren funtsa amnesiarekin erkatu du, entzuleak musika, ahotsa eta zarata sentitzen baititu, baina hauek ez baitira berarengan finko geratzen, ihes egiten diote, memoriak bezala. Gainera, jakinarazi du irratiari asko geratzen zaiola oraindik, irratsaio onek on izaten jarraituko dutelako, nahiz eta podcast bihurtu. Aldiz, irratsaio txarrak ez baitira bat-batean on bilakatuko soilik podcasta izateagatik. Irratiak konpainia ematen du, eta hori inoiz aldatuko ez den zerbait da, gizaki guztiek behar baitute.

Gazteako esatariak, bestalde, Euskadi Irratiak meritu handia duela aipatu du, 30 urtez ehuneko ehunean euskarazko hedabidea izan delako, “Gaztean desberdina da, publiko desberdin bati zuzentzen garenez gero, erdarak sartzen ditugulako bai solasalditan eta baita abestietan ere”. Etxeberriaren hitzetan, “Euskadi Irratiak argi utzi du euskarazko mundua posible dela, eta aspaldi «Video killed the radio star» abestia famatua egin zen arren, irratiak gaur egunera arte iraun baldin badu, garbi ikusten da oraindik denbora asko geratzen zaiola”.

Jardunaldiaren muina Anjel Alkain aktoreak eta Jose Luis Padron poetak egin duten performancean egon da. Bakoitza bere ogibidearen haritik, irratia eta euskara batzen dituen emanalditxoa egin dute. Bere gogoetan, Padronek irudimenaz hitz egin du, besteak beste esanez hartaz baliatzen garela errealitatea eta etorkizuna eraikitzeko, eta krisi garaietan, Einsteinek zioen bezala, ezagutza baino garrantzitsuagoa dela. Esan duenez, “Zertarako balio du maitasuna edo askatasuna bezalako hitzen esanahia ezagutzeak gero ezin baditugu sentitu? Hitzak baliotsuak dira, airean marraztutako koadro ikusezina osatzen dutelako, eta irratiak sentiarazten laguntzen du”.

Alkainek, nola ez ba, umorearekin ekin dio gaiari, guztiok pentsatzen duguna plazaratuz, alegia, telebistak potoldu, baina irratiak edertzen gaituela. Maikruzen zalantza teknologikoak argitu eta ikusle batzuei galderatxoak egin ostean, bere sekretu handiena kontatu du: berak irratia komunean dagoenean entzuten duela.

Besteak beste, Dani Arizala eta Xabier Unanueren parte hartzea ere egon da  etorkizunari buruzko jardunaldian, non aurreko guztiaz gain, irratsaio bat imitatu duten eta “Gure bazterrak” errezitatu duten. Badago Padronen hitzei erreparatzea berriz, “irratiak eskua hartu eta bihotza ukitzen dizu, lagun minak egiten duen bezala. Gogoratu, orduan, honek bakean uzteko eskatzen dizunean, hala egiten al duzu?” eta ez da beharrezkoa entzule amorratua izatea berak esandakoa sinesteko, “30 urte beranduago, irratiaren etorkizuna orain hasten da”. Atzo, gaur eta bihar hitzak, jaso gabe, jasotzen dituen esaldi ederra.

HITZ ARTEAN GALDUTA - Banago, beraz, existitzen naiz...

Zer duzu buruan “Euskadi Irratiaren etorkizuna”-ri buruz

  • Nik Euskadi Irratia maite dut, beste hitzik ez daukat. Neurea eta guztiona sentitzen dut, kalitate handikoa, modernoa, euskararen hauspoa. Altxorra dugu. Segi dezala luzez!