Kabestruari ippon, sore made

Kabestruari ippon, sore made

Judoaz hitz egin nizun duela astebete pulpitu hontatik bertatik. Puigdemont gerriko beltzak erresistentzia ezaren printzipioa nola baliatu zuen, politikaren tatamian pausu bat atzera egin eta Rajoyren hurrengo urratsari itxaroteko. Ez da denbora asko pasa eta Mariano Rajoy kabestrudun zaldia nola, zamalkan oldartu zaio. Kabestruak txahal larruz egindako pieza opakuak dira. Zaldiei alboetako ikusmena estaltzeko egindako larru txatalak. Ingeleraz blinder deitzen zaie, itsutzaile alegia. Espainierako adieretako baten arabera aldiz, besterengandik eragiten uzten den pertsona traketsa da cabestroa.

Kabestruari ippon, sore made

Puigdemontek orain, bere indarrez gain,
Rajoyren oldarraldiaren inertzia ere alde du


Espainiako Presidenteak kataluniar bidea desaktibatzeko euskal bidea hautatu du, paradoxikoki. Atxiloketena eta eskubide zibilen urraketarena, hain zuzen ere. Bortxarena. Erantzunak honezkero oihartzuna izan du nazioarteko iritzi publikatuan. Juan Kruz Lakastak urriaren 1ean txiokatu zuen bezala, garrantzitsua ez baita nora iristen zaren soilik, gakoa ere bada nola iristen zaren. Izan ere, Kataluniako gatazkan gertatzen ari den batailarik berebizikoena zilegitasunarena da. Errelatoarena, nahi baldin baduzu. Diotenez, politikari argienek, estadista bikainenek, urrunera begiratu eta besteok ikusten ez dugun hori aurreikusteko gaitasuna dute, jendartea 360ºtan irakurtzeko gaitasuna. Puigdemont maisuki ari da buruzagi lanetan, ez baita ari soilik independentista porrokatuentzako hizketan. Ez baitu alboetako ikusmena estali, eta PSCk zein Podemosek ordezkatzen duten herritar multzo hori ere kontutan izan baitu bideorria aldatzea erabakitzerakoan. Hurbil da asalto honen amaierako kanpai hotsa, baina, round asko izango dituen konbate bat da Kataluniakoa. Eta azken urteetan zehar lortu gehiengoa mantentzea baino, geratzen den aldapa pikoan zehar beste esparru batzuetara hedatzea izan behar du presidentaren erronka.

Beti galdera berarekin egiten dugu topo: Eta orain zer? Bada, Cuixart eta Sanchezen kartzelaratzearen ostean, Puigdemonti dagokio giltza hautatzea. Baina oraingoan, bere indarrez gain, Rajoyren oldarraldiaren inertzia alde izango du. Atzo baino herritar gehiago izango ditu atzean, dena delako erabakia hartzeko. Aitzitik, ezkorrenak ere egiazta dezake dagoeneko, round hau kataluniar herriak irabazi duela: ippon, sore made. 

Kabestruari ippon, sore made Kabestruari ippon, sore made Kabestruari ippon, sore made
Jordi Cuixart, Jordi Sanchez, kabestrua, Mariano rajoy, Puigemont
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

Zer duzu buruan “Kabestruari ippon, sore made”-ri buruz

  • ganbaratxotik 2017-10-19 16:22

    Enric Juliana analistak gaur goizean:
    . Kataluniako populazioaren baitan ezinegona eta beldurra nagusituko da egunetik egunera. Ondorioz denbora aurka dutenez hauteskundeak egitea baino beste biderik ez dute izango.

    Benetan adierazgarria iruditzen zait, unionisten ustez erreferentzazko lumek horrelako asterketa motzak egiten jardutea. Ados erabat zurekin, Katalunia irabazten ari da. Seguruena euskaldunok egindako akatsetatik ikasi dutelako, besteak beste, hurrengo hauteskundeei begira baino hurrengo bi belaunaldiei begira egin behar dela planifikazio estrategikoa XXI. mendeko politikagintzan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude