Iluna abailtzean

Iluna abailtzean

“Imagens que passais pela retina
Dos meus olhos, porque não vos fixais?
Que passais como a água cristalina
Por uma fonte para nunca mais!”

Camilo Pessanha-Clepsydra

Iluna abailtzean

2017. urtea, XXI. Mendea. Iragan badira mendeak Apolo jainko nagusia zenetik antzinateko polis haietan, hala ere, egun inplizituki bada ere, haren xarma eta printzipioek agintean diraute egunerokoan. Monotoniaz mintzo naiz, errutinaz, egunerokotasunean maisu eta guru dugun arrazionaltasunaz.

Hala ere, badira, sinesgaitza dirudien arren, unibertso honetan aurki daitezkeen mikrokosmos ttipiak, mundu paralelo baten antzera jarduten dutenak. Hauetan denboraren baliozkotasunak ez du zeresanik, ez du aginpiderik, eta denboraren kontzeptuaz jabetzeke, hau ez da existitzen. Mikrokosmos hauek batez ere, zulo beltzak bailiran, era aleatorio batean agertzen dira, gutxien espero dugunean. Ostegun edo zapatu gauak, martitzenak ere izan daitezkeenak, eta zergatik ez, eguazten edo domeka gauak ere. Ez dago araurik agertzerako orduan. Oro har, ez da araurik existitzen.

Eguneko argiarekin, leku hauek abandonatuak dirudite, jabe bakoak, eta ondorioz, zaintza bakoak. Baina gauean, barneratzeko aukera existitzekotan, beste unibertsorako atea zabaldu ohi dute, irrazionalki jokatzeak, sentimenduek, emozioek, pasioek agintzen duten espaziora. Apolo baino Dionisiok agintzen duen mundu atenporal batera.

Halako mundurako ateak zabaldu zitzaizkidan aurreko zapatu gabeko performance batera abiatu nintzenean, Coimbrako Prá-Kys-Tao Errepublikan. Egunerokotasunean ezinezkoa, eta txarto ikusita egongo litzatekeen oro normalizatu egin zen espazio hartan, atmosfera psikodeliko-oniriko batean murgiltzen zelarik ene arima. Bost gela ezberdinetan banaturik, errepublikako gela ezberdinak profitatuz, testuinguru ezberdinak sortu zituzten Círculo de Iniciação Teatral da Academia de Coimbrako artista ezberdinek.

Bost performance hauek Camilo Pessanhak, Portugaleko Sinbolismoaren adierazle nagusietariko bat, idatziriko “Clepsydra” obrako irakurketa eta interpretazioak dituzte oinarri, artista honen jaiotzaren 150. urteurrena ospatzeko helburuz, besteak beste.

Hasierako urduritasun eta konfiantza faltak agerikoak ziren, baina ohitzearekin batera, testuinguru harekin mimetizatuz joan ginen. Performance orok helburu duen publikoarekin interakzioa gertatu zen bertan, interprete guzti horiek ukitzearekin batera, obra haren izate eta parte bihurtu ginen.

Kaleratzean, lagun batek aztoraturik esan zidan ezinegona eta urduritasuna baino ez zuela sentitu, eta berriz halako zerbait sentitzera ez litzatekela itzuliko. Emozio eta pasioak erreprimitzea nahiago omen du nire lagunak, gizarte arrazional batean bakea lortzeko bidea errazagoa baita emozio, sentimendu eta plazer oro ezabatuz, budaren hitzaren arabera behintzat, sufrimenduaren askapenak soilik eskaini baitezake Nirvana.

Egunean zehar moldatu eta arrazionaltasun eta inposaturiko balore batzuen arabera bizi beharra dugu, eta hori ukaezina da, baina behintzat espazio paralelo hauek existitzen diren bitartean, gauak behintzat puru eta biziagoak gerta dakizkiguke, gerora, errealitate tradizional dogmatikora buelta zaila badela jakin badakigun arren.

Iluna abailtzean
artea, Hausnarketak, iritzia, Kultura

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude