Jordi Sanchez eta Jordi Cuixarten gutuna, kartzelatik

Jordi Sanchez eta Jordi Cuixarten gutuna, kartzelatik –

Vilaweb atari Katalanetik jaso eta euskarara (libre samar) ekarria.

2017ko irailaren 20ko urteurrena zela-eta, Assemblea Nacional Catalana eta Ómnium Culturalek Ekonomia Kontseilaritzaren aurrean  deitutako elkarretaratzean Jordi Sánchez (ANC-kko lehendakari ohia) eta Jordi Cuixartek (Ómniumeko lehendakaria) Lledonerseko kartzelan idatzitako gutuna irakurri dute. Hementxe duzuen hauxe:

Jordi Sanchez eta Jordi Cuixarten gutuna, kartzelatik

Jordi Sánchez eta Jordi Cuixarten gutuna:

«Gutxitan bizi izan ditugu, gure herriaren historia hurbilean, horren duintasun pertsonal eta kolektiboko uneak, eta aldi berean hainbesteko determinazio momentu askatasunaren, demokraziaren eta gure erakundeen defentsan, gaur urte bete Ekonomia Kontseilaritzako ateetan bizi izan zirenak bestekoak.

Milaka eta milaka gizon eta emakume, bake eraikitzaile sentitu ginen, herri. Jatorri eta pentsaera ezberdinekoak ginen. Pluralak ginen, gure herria plurala den bezalaxe. Norbaitek idatzia zuen gu ahuldu eta apurtzeko estrategia. Baina egoera aldarazi, eta gure erakundeen, askatasunaren eta demokraziaren inguruko kontsentsu handiak indartu genituen, herri bezala horren indartsu egiten gaituztenak.

Duintasunez egin genuen, modu baketsuan, ordura arte elkarretaratze guztietan egin genuen bezala, eta aurrerantzean ere egingo genuen bezala. Horixe da gure konpromisoa, eta ez gaitu inork bide horretatik aldenduko.

Urriaren 1eko arrakasta egun horretan hasi zen gauzatzen, milaka eta milaka lagunek ordu luzez duintasun pertsonala eta ausardia kolektiboa erakutsi zenutenean, eta aurretik gutxitan ikusitako konbentzimendu ez biolentoa.

Iazko irailaren 20a, urriaren 1aren iragarpena izan zen. Gau hartan jakin genuen, ziurtasunez, bozkatuko genuela, horretarako erabakia hartua genuelako, geldiezinak ginelako. Eta bozkatuz, Estatuak ezarritako mehatxu, izu, isiltasun eta bortxaren kontrako borroka irabaziko genuela.

Orain urte bete milaka eta milaka lagunek ez etsitzeko konjurazioa egin genuen, berriro ez isilik gelditzekoa, eta, burugogor, bortxakeriarik gabeko borrokari eustekoa, askatasunaren, demokraziaren eta Errepublikaren alde.

Kartzelatik, hartutako konpromiso horri leial jarraitzen dugu, zain. Apal, baina uste sendoz, ez etsitzera deitzen zaituztegu.

Badakizue gure kartzelatzea ez dela zilegi, gure epaiketa zilegi izango ez den bezala. Lagun gaitzazu ahal bezain jende gehienari dena azaltzen, deliturik ez dagoela azaltzen, besteak beste mundu guztiak dakielako ez zela bortxarik izan. Eta nahasmendu judizial guzti honen irtenbide bakarra auzia artxibatu edo gure aldeko absoluzioa dela.

Epaileek eta fiskalek ere badakite, baina gezurretan ari dira eta nahiago dute asmatutako gure aurkako salaketak mantentzea, gu kartzelatuta mantentzea, gu zigortuz zuek zigortu eta isilarazte aldera.

Ez diezaiegun utzi, bestalde, beraien amorrua kutsatzen. Ez diezaiegun utzi beren gezurrei gu harrapatu eta aldatzen. Guk ez dugu beraiek bezalakoak izan nahi, ezin dugu beraiek bezalakoak izan. Konjuratu gaitezen beraiek jokatzen duten moduan inoiz ez jokatzeko.

Lehenago ala geroago argituko dira beraien gezur eta injustiziak. Eta hau guztia pasatzean, guk zutik jarraituko dugu, irribarretsu, eta bidean aurrera egiteko erabakia irmo hartuta, demokratikoki irabazteko Errepublika izateko eskubidea, eta demokrazia eta askatasunak berriro sekula zokoratuko ez diren herri batean bizitzekoa.

Milesker hor egoteagatik. Argia begietan eta indarra besoan!

Jordi Sánchez eta Jordi Cuixart, irailaren 20an, Lledonersen».

Jordi Sanchez eta Jordi Cuixarten gutuna, kartzelatik Jordi Sanchez eta Jordi Cuixarten gutuna, kartzelatik

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.