Udazkeneko ekinozioa Euskal Herrian

Udazkeneko ekinozioa Euskal Herrian –

Garai zaharretako euskaldunek solstizioak eta ekinozioak baliatu zituzten urtearen banaketa egiteko. Horrela egin zuten Europa zaharreko  herri naturista eta animista guztiek. Kristauek, erromatar inperioaren laguntzaz hasieran, eta Erdi Aroko gizarte feudalaren egituren bidez ondoren, heien erlijioa suz eta garrez ezarri zuten Europa osoan.  Ezarketa adimentsua izan zen, ongi pentsatua, sinesmen zaharretako erritoak eta ikurrak bereganatzen jakin zuena. Horrela, erlijio berriak kontinente osoan horren zabaldurik zeuden solstizio eta ekinozioetako erritoen  ordez, errito berriak hedatu zituen.

Udazkeneko ekinozioa Euskal Herrian

Kultu zaharrak lurraren, eguzkiaren eta ilargiaren ingurukoak ziren, neurri handi batean. Horrela, neguburuan (neguko solstizioan) eguzki zaharra hiltzen zen eta Eguberri egunean, eguzki berria pizten zen. Kristauek eguzki jaio berriaren irudiaren ordez, Jesus Haurraren jaiotza ipini zuten. Udaberriko ekinozioaren inguruan inaute bestak ziren Europa osoan sustraiturik. Kristauek Garizumaren aitzineko aste horretan kokatu zuten inauteri berria, besta zaharraren esanahia ezabatuz eta Hausterre egunarekin eta Garizumarekin uztartuz. Udaburuan (udako solstizioan) eguzki ahalguztiduna gurtzen zuten, su-metak plaza eta mendietan piztuz. Eguzkiaren egunaren ordez, udaburutik aski gertu, San Joan martiriaren besta ezarri zuten. Su-metak baimendu zituzten, baina aipatu santuaren omenez. Eta udazkeneko ekinozioarekin zer gertatu zen?

Badirudi jai hau oso lotua zela tximista, trumoi eta ekaitzekin. Eguzkia, irail aldean, indarra galtzen ari da, indargabetzen ari da, hiltzen ari da… eta tximista eta ekaitza irudikatzen zituen herensuge edo suzko suge arra gurtzen zuten udazkeneko ekinozioaren inguruko egunetan. Euskal Herrian, Sugaar edo Sugoi deitzen zitzaion, gehien bat. Udaberrian Sugaar zeruetan barna ibiltzen zen bere garrak erakutsiz eta zabalduz. Udazkenean, berriz, mendietako zuloetan aterpetzen zen, Mari jainkosa handia bizi zen mendi eta zuloetan. Kontatzen zenez, batzuetan bildu egiten ziren biak, eta harremanak izaten zituzten. Horrelako sinesmena, pertsonaia eta izen ezberdinekin, Europa osoan zabalduta zegoen, eta mendi sakratuetako kultu zahar hori ordezkatzeko, kristauek baselizak altxatu zituzten, ainitzetan, leku sakratu zaharrak ziren toki berberetan, edota aski gertu. Euskal Herrian Mariren oroitzapena ezabatu nahian, gure mendi guztiak Andra Mariri eskainitako elizatxoz bete zuten.

Eta Europako mendi sakratuetan, Herensuge edo Sugaar gurtzen zuten mendi horietan, Done Mikel edo Mikel Deunari eskainitako baselizak ezarri zituzten. Euskal Herrian, adibiderik ezagunena, Aralarko Mikel Deunaren baseliza dugu. Herensuge edo Sugaarren inguruko kultuak, lehen aipatu dugun bezala, bi garaitan egiten zuten, udaberrian, maiatz aldean-edo, Sugaar indartsua gurtzen zuten, eta irailean, udazkeneko ekinozioaren inguruan, mendi zuloetan babestutako Sugaar zuten gurtzen. Horregatik, kristauek heien liturgian, Mikel goiaingeruaren jaia bi garai horietan ezarri zuten, udaberrikoa maiatzaren 8an eta udazkeneko ekinozioaren ingurukoa (ekinozioa irailaren 22-23an da) irailaren 29an. Jai hau kristautasuna zabaltzeko ederki erabili zuten.

Euskaldunen lurraldean ere, kristau fedea zabaltzeko abagune ederra izan zen. X. mendetik aitzina Nafarroako erregeek Andra Mariren eta Mikel Deunaren aldeko debozioa bultzatu zuten.  Apaizek kontakizun bat asmatu zuten eta horrekin uztartuz, bi jai ezarri zituzten, Sugaarren kultu egun beretan. Lehena maiatzaren 8an, Mikel goiaingeruaren agerpena, eta irailaren 29an, Mikel Deunaren ohorezko egun handia.

Aipatu ordezkatze prozesu horretan, Aralarko Mikel goiaingeruaren elezahar edo kontakizuna asmatu zuten. Honen helburua zera zen, Sugaarren irudia gutxiestea eta kristau erlijioa irabazle gisa aurkeztea. Horretarako Sugaar edo Herensuge hil beharra zegoen. Ikus dezagun nola harilkatu zuten dena Teodosio Goñikoaren elezaharraren inguruan.

Zabaldu zutenez, antzinako denboretan, ospetsua izan zen Goñiko Teodosio izeneko buruzagi kristau handia bizi izan zen. Iruñeko lehen erregetzat hartu nahi izan zuten eta horretarako, Iruñera izan ziren hainbat bilera eta ospakizunetara abiatu zen. Errege izateko bezperan, etxerako bidea hartu zuen. Bide bazterrean Basajaun agertu omen zitzaion eta esan omen zion bere emaztea beste gizon batekin oheraturik zegoela. Hori ez zen, inolaz ere egia, baina Teodosiok sinetsi zuen. Egia arras bestelakoa zen. Gau hartan, Teodosioren gurasoak Goñira hurbildu ziren, semearen etxean lo egiteko, eta hurrengo egunean, semearekin batera, Iruñeko ospakizunetara joateko. Hori dela eta, etxeko andereak bere ohean lo egitera gonbidatu zituen. Teodosio etxera iristean, korrika eta arrapaladan, bere logelara sartu zen, eta ohean bi lagun zirela ikustean, ezpata hartu eta biak bertan erail zituen.

Bere gurasoak hil zituela ikusirik, Erromara abiatu zen Aita Santuaren barkamen eske. Honek, berriz, penitentzia moduan, eskuak eta oinak kate astun batez loturik, Aralarko mendietan bizitzera kondenatu zuen, kateak erori arte. Eta horrela bizi izan zen, urte luzez, bakarrik, Aralarko mendietan barrena, hango leize-zulo batean bizi zelarik. Behin, Herensuge handia agertu omen zitzaion, eta Teodosiok Mikel goiaingeruaren laguntza eskatu zuen: Mikel gurea, zaizu Euskal Herria! Momentu horretan, Mikel Deuna agertu zitzaion eta “Nor Jainkoa adina!” oihu eginez, herensugea ezpataz akabatu zuen. Momentu berean, Teodosioren kateak askatu eta lurrera erori omen ziren. Huraxe zen penitentzia bukatua zela jakiteko seinalea. Teodosio Goñiko etxera itzuli zen, baina esker ona adierazteko, goiaingeruak Herensuge hil zuen tokian baseliza bat eraiki zuen. Gaur egun, erdiko kaperaren erdian, paretan ezarririk, Teodosioren kateak ikus daitezke. Horrekin Sugaarren heriotza eta Kristoren garaipena adierazi nahi dute.

Antzeko kontakizunak badira beste zenbait tokitan. Bada beste elezahar bat Mari gutxiesten duena, eta horren ordez, Arantzazuko Ama goraipatzen duena. Kontakizun horien funtzioa mito zaharrak ehorztea eta heien tokian erlijio garailearen mito berriak ezartzea zen. Zalantzarik gabe, ongixko egin zuten, mito berri horiek gure egunetaraino iraun baitute.

 Sugaar / Herensuge, Sugaar / udagoiena dugu zahar, / udazkena dezagun har! / Haizeak ufatu eta hostoak jausi, / aro berrian gaitezen sar! // Herensuge, Sugaar / biziaren sasi eta lar, / sukoia ortzian bakar / sua gailurretan, tximista zeruetan  / eta pentzetan gar. // Herensuge, Sugaar / lurrean ikara eta dardar, / Amalur gaixoaren sukar, / urruneko eltzea urrez, bertakoa lurrez / hurbil zazpi eta urrun hamar. // Herensuge, Sugaar / gizakion urratsak baldar, / biziaren uhinetan zehar, / euskaldunon nahikari eta ametsetan / haziak lilia dakar.

Udazkeneko ekinozioa Euskal Herrian Udazkeneko ekinozioa Euskal Herrian Udazkeneko ekinozioa Euskal Herrian  Udazkeneko ekinozioa Euskal Herrian Udazkeneko ekinozioa Euskal Herrian Udazkeneko ekinozioa Euskal Herrian  Udazkeneko ekinozioa Euskal Herrian Udazkeneko ekinozioa Euskal Herrian Udazkeneko ekinozioa Euskal Herrian 
ekinozioa, mitologia, sugaar, udazkena, Udazkeneko ekinozioa Euskal Herrian
Joseba Aurkenerena

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude