“Jauna, aurkitu dugu behar genuen froga”

Rueda reconocimientoTaliban taldeetan lehergailu adituak atzemateko orduan AEBko ejertzitoak erabilitako froga zen eskumuturreko Casio F91W modeloa. Ismael Ali Bakush izeneko gizonak uko egin zion Afganistanen entrenamendu militarra jaso izanari. Erloju hori izateak, ordea, amerikarren susmoa egia bilakatu eta tamainako zigorra jaso zuen. Guantanamon jarraitzen du epaiketaren zain.

Afganistanen Casio F91W edo A159W erlojuaren jabe ziren hirutik bat lehergailuetan aditua zen AEBko Defentsa Departamentuaren arabera. Ismael Ali Bakushek halakoa zuen atxilotu zutenean eta, besteak beste, horregatik, bere bertsioa gezurtzat jo zuten militarrek.

Zabaldu berri diren paper sekretuetan ageri denez, Ali AK47 eta granadekin harrapatu zuten 2001 urtean, handik Guantanamoko kartzelara bidali zuten 2002an eta 2004 urtean idatzi zuten txostena. “F91w erlojuak baieztatu egiten du atxilotua Al Qaedako lehergailuen aditua dela”, diote paperek.

Erlojuak Ismael Ali Bakush salatu zuen. “Terroristen” objektua izateak, “terrorista” bilakatu zuen. Haren aitzakiek ez zuten balio izan Casio erlojuaren “frogari” aurre egiteko.

Dagoeneko 9 urte bete ditu Guantanamoko kartzelan.

Bide batez, azken egunetan jakin izan da Guantanomon gertatzen zirenak: errugabeak atxilotu zituztela, torturatuak izan zirela, buru gaixotasuna duten pertsonak daudela, nerabeak, suizidio saiakerak, tratu txarrak, umiliazioak…

Ikusteko dago froga hauek nahikoak diren Guantanamoko erantzuleak zigortzeko…