Jackson eta George

Jackson eta George –

Bi afroamerikarren izenak dakartza artikulu horren tituluak. Biak AEB- etako poliziak eraildakoak, baina bi gertaera latzen artean berrogei urte baino gehiago iragan dira. Kasu bietan erailketen egileak polizi zuriak ziren.

Jackson eta George

Mikel Azurmendik olerki bat idatzi zuen 1972 garren urtean Jacksonen erailketari buruz, Imanolen ahots ozenak geure belarrietara ekarri zuena eta garai haietako euskaldunak hunkitu zituena. Hona hemen euskarazko errefrau zaharrez hasten diren bertsu nagusiak:

«Xuri guziak ez dira irinak
ez beltz guziak ikatzak.
70 dollar xuri
eta beltza hintzelako,
Jackson, aski dituk izan hi akabatzeko… »

Hilabete honetan Mineapolisen George Floyden arazoa aipatuz, ongi egokitzen dira bertsu horiek hitz batzuk aldatuz gero:

GEORGE FLOYD
Txeke bat gaizki egina,
eta beltza hintzelako,
George, aski dituk izan hi akabatzeko…

Gure mundu moderno sofistikatu eta numerikoan, baita lehenago ere, erreza da txeke bat gaizki egitea edo txartelaren zenbaki sekretua oker egitea; baina horretarako beharrezkoa ahal da poliziaren deitzea? Zeren eta jakin dudanez, behintzat, dendaren jabeak polizia deitu zuen George-k txekea gaizki egin zuelakoan. Zuri batek hits berdina egin balu, gauza bera gertatuko ote zen? Dudak badituzkegu gutako askok.

Ekintza latz horren ondorioa da berrogei urte hauetan beltzenganako arrazakeriazko jarrerak ez direla batere desagertu segregazio legeek desagertu arren, eta lehengo aldiz presidente beltz bat izateagatik.

Ez da harrigarria beraz, bai AEB-etan, baita mundu guzian ere George-ren aldeko eta arrazakeriaren kontrako manifestazioa handiak antolatu izana.

Immigrazioa garrantzitsua den herrialde aurreratu eta aberatsetan zenbat ondorio ukan dituzte manifestazio horiek, eta partikularki Frantziako Estatuan.

Traore arazoa eta auzo liskartsuetan immigraziotik sortutakoek polizia batzuengatik pairatzen dituzten erasoak oinarritzat hartuz, arau eta lege berriak ezarri nahi ditu Castaner Barne Arazoetako ministro jaunak. Neuri zintzo eta kuraiosa hartu duelakoan nago, arrazakeriaren kutsua duten atxiloketa eta berba guztiak zigortu nahi dituelako eta atxilotua hiltzeko arriskuan jartzen duen bide guziak debekatu nahi dituelako; hauen artean George Floyden heriotza ondorioztatu zuen lepo gainean belaunaren ezartzea. Neurri aurrerakoia beraz Macron presidenteak egin dituen beste bi horien ondoan: kolonialismoa gizadiaren kontrako krimena dela aitortzea lehenik, eta FLN-aren alde borrokatu izateagatik torturapean hil zen Audin komunista militantearen heriotza garaiko neurri kanpoko Frantziaren politikari leporatzea bigarrena.

Baina gaurkoari itzuliz gero oso kezkagarria zait Castaneren kontrako poliziaren sindikatuen erreakzioa; hain zuzen ere ez diote polizi batzuk ministroari arrazoia ematen, matxinada bat egiteko itxura egin nahi dute, euren buruzagiak estigmatizatu nahi dituelakoan; poliziaren sindikatuen arabera arrazakeriarik ez omen da poliziaren barnean; lekukotasun asko entzun ondoren hori guztiz faltsua da; alta ez da polizia osoa estigmatizatu behar, askotan islamistek sarraski izugarri bat gertatzekotan hor delako herritargoaren zaintzeko.

Kezkagarria zait ere arrazakeriaren leporatzeak direla eta txit bat ministro jaunak atzera egin izanak. Horrek esan nahi luke matxinoez osaturiko bunker mota bat dagokeela poliziaren barnean. Horren aurrean amore ematea sistema faxista bati ildoa irekitzea litzateke. Beraz gauden erne.

Jakes Lafitte

Jackson eta George

Ingeniaria.