Itxaronaldi gogorra Serbian
Itxaronaldi gogorra Serbian –
“Aukera bat nahi dugu Europan. Gure herriko tiro eta bonbetatik ihes egin nahi dugu, eta bizitza berri bati ekin, bakean eta bizikidetzan. Etorkizun hobea nahi dugu”. Horrelako testigantzak behin eta berriro entzun ditut Serbiara egindako bidaian.
Han izan gara Eusko Legebiltzarreko pertsona migratzaile eta errefuxiatuen Taldeartekoa, Eusko Jaurlaritza eta Save The Children (bertan lanean diharduen elkarteetako bat da). Horrelako testigantzak eman dizkigute Belgradon hilabete asko daramatzaten gizon, emakume eta gazteek. Zain daude, bideari berriro ekiteko Europar Batasunerantz. Gehienak Afganistandik, Pakistanetik eta Siriatik datoz, eta Europara iritsi baino ez dute nahi, bertan asiloa eskatzeko eta herritar libreak izateko.
Harrapatuta daude, eta europar ametsari gogor heltzen diote. Pertsona guzti horientzat, oraindik ere, Europar Batasunak dituen esangurak dira aukera, bizitza duina, lana eta giza eskubideak. Euren aurpegiek borroka, nekea eta gogaitasuna islatzen dute. Belgradon egunak luzeak dira eurentzat: pasiatu, hitz egin, eta itxaron, horixe egiten dute. Noizbait mugak irekiko dizkieten esperantza dute, eta asilo-eskaerei erantzungo dietela espero.
Errealitate gordina, Europan bertan. Itxaronaldi mingarria, iragana atzean utzi nahiarekin batera. Gudek, gatazkek eta miseriak kolpatutako iragana. Ibilbide luze eta izugarriak egin dituzte; batzuek, mafiek engainatuta. Etorkizuna agintzen diete milaka euroren truke, eta milaka pertsonaren ilusioak trafikatuz aberasten dira mafia horiek.
Adin guztietako gizon-emakumeak, familia osoak eta bakarrik doazen adin txikikoak ikusi ditugu, harrapatuta eta kezkatuta, ez baitute etorkizun argirik ikusten. Egunotan Serbiako hiriburuan ikusitakoak ez du bere lekua lortzen hedabideetan. Ez, behintzat, 2015ean izandako mailan. Garai hartan, krisi humanitarioa areagotu zen eta 16.000 pertsona iristen ziren egunero herrialdera, gurutzatu eta EBko lurralderen batera iristeko. Gizarte zibileko erakundeen ordezkariek eta Serbiako hainbat ministeriotako ordezkarik esan digutenez, gehienek bidaiarekin jarraitu nahi dute, ez dute Serbian geratu nahi.
Erakundeen eta GKEen lanak azpiegiturak sortzen lagundu du, Europa Komunitariora iristen saiatzen diren pertsona horiei aterpea eta elikagaia emateko. Hainbat eta hainbat harrera etxe daude herrialdean barrena sakabanatuta, eta bertan lanean dihardute Balkanetara iristen direnen bizi-baldintzak hobetzeko. Bereziki bakarrik doazen adin txikikoak artatzeko lan egiten duten elkarteetako bat da Save The Children. Premia oinarrizkoenak asetzen saiatzen dira, eta arriskuz beteriko kaleetatik ateratzen.
Indarrean duten programetako bat da “Haur migratzaileen babesa Balkanetan”, Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutakoa, Bake eta Bizikidetza Zuzendaritzaren bidez. Belgradon egon garen bitartean, hainbat harrera etxe bisitatu ditugu: batzuk hirian bertan, eta beste batzuk landa eremuetan. Jatekoa, osasun arreta, formakuntza, aholkularitza juridikoa, hezkuntza laguntza eta laguntza psikologikoa ematen dituzte. Azken hori oso garrantzitsua da, zein egoeratan iristen diren kontuan hartuta. Egun osoak jan eta edan gabe, baso eta tuneletan lo eginez tenperatura oso baxuetan. Esan digute guztiek ez dutela igarotze- edo harrera-etxeetan egon nahi, eta asko kalean geratzen direla, uste baitute igarotze-herrialdeetan erregistratzen badituzte, zailtasunak izango dituztela asiloa lortzeko nahi duten EBko herrian.
“Miksaliste”, “Bogovadja” eta “Krnjaca” zentroetan izan ginen, eta ikusi genuen zer nolako ahalegina egiten duten nazioarteko elkarte eta administrazioek pertsona migratzaile eta errefuxiatuei babesa eta laguntza emateko. Funtsezko zeregina dute hezkuntzaren eremuan, hor haurrek balioetan eta konpetentzietan oinarritutako hezkuntza jasotzen baitute, ondoren bizitza ibilbiderako baliagarriak. Belgradoko plaza eta kaleetatik ere ibili ginen; miseria ikusi genuen, eraikinak hondamendi-egoeran, hutsik zeuden lokaletan pilatutako pertsonak, adin txikikoak bakar-bakarrik, etsipen begiradak… errealitate horiek mugiarazi egin behar gaituzte, drama horri erantzun duina eta humanitarioa emateko. Gizartearen gehiengoa eskuzabala da eta badaki gehien behar dutenen alde ahalegin guztia egin beharra daukala.
Iñigo Urkullu Lehendakariak erantzun eraginkor bat egituratu zuen, kota-banaketak egin zirenean; baina kide diren estatuek ez dute hitza bete eta, ondorioz, ezinezko egin dute laguntza eta elkartasun hori praktikan jartzea. Izaskun Bilbao gure europarlamentariak eskatu du Europako immigrazio politiketan lurralde-erakundeak integratzea. Izan ere, desafio horri erantzuna eman behar zaie baita ere udal eta lurralde mailako komunitateetatik. Politika komun bat ezarri beharra dago immigrazioari heltzeko, baina politika komun hori ezartzeko, udal eta eskualdeetako erakundeen partehartzea aintzat hartu behar da.