Mugimendua(n) gara

Mugimendua(n) gara –

Udane Barinagarrementeria Lakak Klitto agerkari feministan.

Irakurtzean azalean iltzatuta geratzen zaizkizun esaldi horietako bat zuekin konpartitzera natorkizue gaurkoan. “Garena eta izan nahi dugunaren arteko amildegian gara nor”. Geure buruak definitzeko eta identitateak eraikitzeko bideez aipu zoragarri hau irakurri nuen aspaldi Mari Luz Estebanen  Amaren heriotzak libreago egin ninduen liburuan.

Mugimendua(n) garaEsaldiaren beraren edertasunagatik baino, momentuan nigan eragin zuenagatik iltzatu zitzaidala esango nuke. Nor izateko bilaketaren labirintoan, ni izateko barne-borrokan, horma batzuk apurtzeko erabilitako erabakien esentzia transmititzen didalako.

Kontraesanez betetako barne-borroka horretan behin baino gehiagotan egin izan dut topo horma berarekin. Neure buruaren definizioarekin, naizena izatearekin (tal como soy). Badago nire burua definitzeko eroso sentitzen naizen hitzen bat? Ezaugarrien zerrenda bat?

Zer nahi duzue esatea, lagunekin parrandan ordu luzez egon daiteken hori naiz, baina hiru egun etxetik atera gabe egoteko gogoa duena ere bai. Soziala naiz orduan, ala antisoziala? Mundua eta neure burua eraldatzeko indarrez sentitzen den hori naiz, bileretatik tailerretara eta tailerretatik manifestazioetara    determinazioz joaten dena. Baina munduak jan egiten nauenaren sentsazioz errenditzen dena ere banaiz. Abesti berarekin egun batean oihu eta bestean negar egiten duena. Alferkeriagatik entsalada bat prestatzeko gai ez dena, baina lau orduz sukaldean plater bat prestatzen kantari egon dena ere bai. Eta hor dago nire horma: nola sartzen da benetakotasuna izaeraren definizio estankoetan?

Hain zuzen, horigatik gustatzen zait aipu honek transmititzen didan esentzia. Mugimendua(n) naizela onartzen lagundu didalako. Bai, horiek guztiak naiz, eta banaiz, etengabeko mugimenduan nagoelako. Fisikoki eta emozionalki. Hormonen dantzak gorpuzten nauelako. Eta dantza horretan dagoelako, nonbait egotekotan, nire benetakotasuna. Ez izan ginenean, ez izan nahi dugunean, bien bitarteko amildegian baizik.

Etengabe jotzen nuen horma hori apurtzeko balio izan dit ikuspegi ziklikoa barneratzeak. Irakurriz, ikertuz, gorpuztuz, ohartu naiz nire gorputza modu linealean eta produktiboan irakurtzera behartzea nire (gure) benetakotasunari lekurik ez egitea litzatekeela. Hilerokodun gorputzak bazterretan kokatzen diren honetan, ikuspegi ziklikoa are bazterrerago kokatzen delako. Gure baitan ematen diren aldaketa fisiko, hormonal, emozionalek egiten gaituzte, baina zer dakigu haietaz? Zenbat leku egiten diegu gure egunerokotasun produktiboetan?

Gorputzak modu linealean irakurtzera behartzen gaituen sistema honetan, ni asko garela eta horiek guztiek osatzen nautela onartzeko. Eroso sentituko naizen definizio horren baldintza estatikoa ez izatean datzalako. Eta zergatik ez, politikoa ere badelako. Autoezagutza jabekuntza delako. Gorputzen ikuspegi ziklikoa, merkatuen logikei eta produktibitatera bideratutako bizitza ereduei erresistentzia delako.

Mugimendua(n) gara
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

2 pentsamendu “Mugimendua(n) gara”-ri buruz

  • Iruditzen zait neska gazte belaunaldi hau zeharo galduta dabilela.

    Ulertzen dut giza gorputza misterio bat izan daitekeela, batez ere emakumeongan. Batzuetan hormonek zurrunbiloetan nahasten gaituzte.

    Baina hor egon da ama. Hor egon da ahizpa, hor egon da izeba eta amona. Hor egon dira beste emakumeak. Beste emakumeak erakusten digute normala dela, gure lekua aurkitzen laguntzen digute.

    Erreferentzialtasun falta hau, gizarte enajenatu honen ondorioa da.

  • Gorputzen ikuspegi ziklikoa, merkatuen logikei eta produktibitatera bideratutako bizitza ereduei erresistentzia delako.

    Hori esan dusuna neri asko molatxen nau

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude