“Internazionala”, txalaparta eta bestez

“`Internazionala´-ren bertsio hau harria eta egurraren hizkuntzan dago grabatua, txalapartaz“; eta Hutsun txalaparta taldeak egin du LAB-en eskariz, sindikatu abertzaletik bertatik diotenez. Bideoa Nafarroako leku ezberdinetan grabatu da; azken irudiak, Iruñeko Gaztelu Plazan.

 

“Internazionala” txalapartaz emateaz gain, Maiatzaren 1ean, Langileen Egunean mundu zabaleko plazatan kantatzen den ereserkiari buruzko argibideak ere eman ditu sindikatu abertzaleak. “Mundu osoko langileek bere egin duten kantua da Internazionala. Munduko hizkuntza gehienetan kantatua izan da, tartean euskaraz -irakurri ZUZEU-n orain lau urte Patxi Gaztelumendik idatzi zuen “Internazionala munduko 47 hizkuntzatan” sarrera-.

Edukiari dagokionez bertsio komunistak, anarkistak nahiz sozialistak egin dira. Bertsio hau, mundu osoko langileei eskainitako omenaldia da”.

 

"Internazionala", txalaparta eta bestez
Errepublika Plaza

Beste bertsio batzuk

Maiatzaren 1a dela profitatuta, eta LAB-ek txalapartarekin egin duen bertsioaren karira, “Internazionala”-ren beste bertsio bitxi batzuk aurkeztuko dizkizuegu.

1998an eta Gaztelupeko Hotsak zigiluan, “Apoaren edertasuna” argitaratu zuten Koldo Izagirre eta Joseba Tapiak. Eta “Putzu guztiek dute hondoan apoa” kantuan “pikutara joan da sobieten aroa” zioeten Izagirreren hitzek; baina munduan zeharreko bidaia ezagun izango duzuen doinu batekin hasten zuen apoak.

 

1944an, eta Naziak garaitu zituzten Aliatuen alde, Arturo Toscanini zuzendari itzaltsuak Verdiren “Herrien himnoa” -Britainia Handiko, Frantziako eta Italiako ereserkiak oinarri zituela sortua- moldatu zuen, eta garaileen omenez AEB-etako “The Star Spangled Banner” zein SESB-eko “Internazionala” gehituta eman. Baina 50eko hamarkadan, McCarthysmoarekin, estatubatuarrek zentsuratu egin zuten azken pieza hau, eta grabazioa galdutzat ematen zen, orain gutxi aurkitu duten arte.

NBC-ko orkestra sinfonikoak Westminster abesbatzarekin joa, bakarlari Ene Peerce tenorea zutela, hemen entzun dezakezue Toscaninik zuzendu zuen emanaldia, featurette legez grabatua. Azpian, eta AEB-etako zentsoreen kontrara, “Internazionala”-ren atala baino ez dakargu.

 

“`Internazionala´-ren jatorrizko letra, frantsesez, Pariseko Komunako hautetsi Eugène Pottierrek idatzi zuen 1871n. Eta 1888an Pierre Degeyterrek musika gehitu zion. 1892an II. Internazionalak ezagun egin zuen kanta eta ereserkitzat hartu zuen. 1910eko azaroaren 3an mundu osoko langileen ereserki bihurtu zen Copenhageko Kongresu Internazionalean.

1919an III. Internazionalak bere egin zuen eta Sobietar Batasuneko ereserki nazional bihurtu zen, 1943. urtera arte”.

Eta Toscaniniri McCarthysmoak zentsuratu zion bertsioa entzun badugu lehen, bukatzeko estatubatuar bat entzungo dugu, zer eta “L´Internationale” frantsezez, jatorriko hitzekin kantatzen; Pete Seeger sonatua, ezkerreko borroka kantugilea.  Ez Dok Amairuren inspirazio iturri izan ei zen folk musikariarak ez zituen ereserkiak gustako antza, herrien arteko gorrotoa zabaltzen zutela-eta. “Internazionala”-ri berriz esperantza kantua irizten zion, justizia, bake eta askatasun ereserkia.

 

“Internazionala” euskaraz:

Zutik lurrean kondenatu
zaren langile tristea,
nekez ginen elkarganatu
indazu albiristea.

Gertatuak ez du ardura,
jende esklabua jeiki,
aldaketak datoz mundura,
nor den herriak badaki.

Oro gudura ala! Bihar izan dadin
Internazionala gizonaren adin.
Oro gudura ala! Bihar izan dadin
Internazionala gizonaren (edo pertsonaren) adin.

* Itxura denez Gabriel Arestik itzulitakoa da honako bertsioa, orain arte ezagunena.

 

* Bada beste alternatibarik baina -2012an Andreas eta Gudrun ere mintzatu ziren honetaz ZUZEUn, “Greba Orokorrerako errepertorio bat” sarreran-, Leire Narbaiza Arizmendik “Kalamuatik Txargainera” blogean proposatzen zuen hauxe, esaterako:

Zutik munduko langileak
Zutik ogirik gabeak
Zapaltzaile denen aurrean
Altxa iraultzaileak
Iragana suntsitu behar da
Jende esklaboa jaiki
Aldaketak datoz mundura
Eta herriak badaki
Elkar gaitezen denok
Azken borrokara
Internazionala
Gure iraultza da
Elkar gaitezen denok
Azken borrokara
Internazionala
Gure iraultza da

Arturo Toscanini, Hutsun txalaparta taldea, Internazionala, Koldo Izagirre eta Joseba Tapia, lab, Langileen Eguna, Maiatzaren 1a, pete-seeger, txalaparta

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude