Informazioaren erabilera maltzurraz
AFGANISTANGO GERRA ETA MEZUEN ERABILERA MALTZURRAZ
Time Magazin aldizkariak Uztailaren hondarreko egunetan, neska mutilatu baten argazkia jarri zuen azalean. Orduz geroztik, eztabaida sutsua dago Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) gerraren aldeko mezuen egokitasunaz eta informazioaren erabilera interesatuaz.
Neska beltzarana ageri zaigu aldizkariaren azaletik geuri begira. Sudurraren zati bat falta zaio. Aisha deitzen da, 18 urte ditu eta, sudurraz gain, belarriak ere moztu dizkiote bere senarrak eta haren familiak, euren ondotik alde egiten saiatzeagatik. “Hauxe da Afganistanen gertatuko dena, alde egiten badugu” dio aldizkari ospetsuak azaleko hizkietan. Seguru zeuk ere ikusia duzula ale hau.
Uztailaren 29tik hona, ahots ugarik egin du protesta: erabilera maltzurra dela esan duenik ez da faltatu, eta Time Magazinek bere burua defendatu behar izan du. Alabaina orain artean ezagutzen ez zen gauza bat gertatu da, talibanak eurak ere sartu dira eztabaidaren erdian.
Time Magazinek editorial batean esan du, justifikatuta dagoela Aisharen argazkia argitaratzea. Richard Stengel zuzendariaren aburuz: “WikiLeaksek argitaratu duen dokumentu andanak, piztua zuen lehenago ere gerrari buruzko eztabaida. Gure idatziak eta Jodi Bieber argazkilari hegoafrikarraren argazkiak, halaber, parte hartu nahi izan dute eztabaidan. Guk ez dugu erreportaje hau gerraren alde edo kontra gaudelako egin (AEBko ejerzitoak Afganistatzen segitzeaz, alegia), guk gauzak geratzen diren bezala baizik ez genituen kontatu nahi. (-) Guk argitaratzen dugun argazkia eta testua bezalakorik, ez duzu aurkituko WikiLeaksen 91.000 dokumentuen artean.”
Talibanek erantzun egin diote, euren kontrako propaganda baizik ez dela izan esanez. Sharia, berez, ez dela bakea eta justizia baizik. Eta AFP agentziaren arabera, gaitzetsi egiten dute Aisharen kontra erabili den biolentzia, journalistei duintasuna eta deontologia erreklamatuz batera: “Time Magazine eta Mendebaldeko gainerako komunikabideei eskatzen diegu utz dieziotela behingoz eurenak diren printzipio moralak birrintzeari, eta ez dezatela segitu populuari ahaztu arazi nahian gerra politiko eta militar batean sartuak daudela. Aldi berean, Afganistango hedabideei eskatzen diegu ez ditzatela halako gauza afganofobikoak itzuli eta argitaratu. Kazetaritza lanbide duin eta beharrezkoa da, ezin da horrela erabili mehatxua eta ustelkeriari laguntzeko”.
Ez dira, baina, gai honetaz mintzatu diren bakarrak.
The Guardian egunkari britainiarrak esaterako, Priyamvada Gopal, Cambridgeko irakaslearen iritzia bildu du: “WikiLeaksen dokumentuek ederki erakusten dute CIAk emakume afganiarren sufrimendua ere erabiltzen duela gerrarako”.
New York Times-ek esan du estatubatuarrak Afganistanen ziren bitartean moztu zizkiotela sudur-belarriak Aishari, eta ez dagoela esaterik ejerzitoak han segitzea, hobea denik emakumeentzat.
Tabsir bloga izango da, seguru asko, islamari eskainitako garrantzizkoenetakoa. Bertan idatzi du Daniel Varisco irakalseak, ez direla talibanak izan Arisha mutilatu dutenak: “Hori egiteko agindua eman duena ez da izan gobernu bat, jakintsu koraniko bat edota ohitura zaharrak gorde nahi zituen norbait. Amerikarren okupazioaren eta bere herriko gobernuaren aurka borrokatzen den komandante errebelde batek eman zuen agindua. Gure ejerzitoaren presentziak ez du bermatzen Aisha bezalako emakumeen segurtasunik, batez ere talibanen menpe dauden eremuetan”.
The Nation astekariak, gaiaren inguruko galdera piloa argiataratu du: eta gerran gero eta gehiago hiltzen diren zibilak? Eta soldadu estatubatuar elbarrituak? Zergatik ez ditu Timek horieen argazkiak azalean jartzen?…
Parodiaren susmoa.
Jodei Bieber-en argazkiak, nahi gabe ere, National Geographic-ek argiataratutako Steve MacCurryren beste haren oihartzuna dakar.
Slate magazinean bada esan duenik, “parodia groteskoa” baizik ez dela argazkia eta funtsean esan nahi duena, zera dela “gehiago eta gogorrago egin behar dugu talibanen aurka. Aisha bezalako emakumeak babesteko, gerra irabazi baizik ez dago. Zergatik ez dute esaten hau oraintxe bertan gertatzen da, gu Afanistanen egonagatik?”
Nor da kazetaria?
Aryn Baker du izena Time Magazine-ko albistea argitaratzeaz arduratu dena. Hala ere ahaztu egin zaio xehetasun txiki bat aipatzea: bere senar den Tamim Samee, negozio gizon erdi amerikar erdi afganiarrak, kontrato eder askoak ditu bai AEBko armadarekin eta bai hauek jarritako gobernu afganiarrarekin.
Zehatzago esateko, kanpotik etorritako 100 milioi dolarrekin Afganistanen egin beharreko proiektuez ardura dadin eskatu zion ministeritza afganiar batek eta Digistan eta Ora-Tech enpresen bitartez hornitzen ditu hornitzen ditu nazioarteko gudarosteetako soldaduak, azpiegitura zenbait barne, eta Hamid Karzai presidente txotxongiloaren oniritziarekin.
New York Observer-ek argitaratu du xehetasuna eta horren ostean, beste postu batera bidali dute Aryn Baker. Time Magazinek ez du esaten non dagoen, baina bai ordea, zergatik: “Ohiko aldaketa bat baino ez da izan”.
Aisha ostera, operatu egin zuten Estatu Batuetako ospital batean, gobernuz kanpoko erakunde batek ordainduta.
Irudia | National Geographicsen azala | zz | Creative Commons By SA
Irudia | Timeren uztaileko azala | zz | Creative Commons By SA