Hurrengo belaunaldien premiak arriskuan ipiniko ez dituzten erabakiak hartu beharra
Hurrengo belaunaldien premiak arriskuan ipiniko ez dituzten erabakiak hartu beharra –
Amatiñok, bere blogean.
Ondo dago, etorkizuneko belaunaldien premiak arriskuan jarriko ez dituen ingurumen-estrategia proposatzea. Baina, aldi berean, etorkizuneko belaunaldien beharrak arriskuan jarriko ez dituzten erabaki ekonomikoak ere hartuko bagenitu?
Nazio Batuen eraginez, 1987an burutu zen Brundtland txostena, zeinetan lehen aldiz aurrez aurre elkarri begira kontrajarri ziren garapena eta ingurumena. Hartara, aurrenengo erkatze hark nabarmen salatu zuen ordu arte eragindako gizarte-aurrerapenari orekatu ezinezko ingurumen-kaltea zeriola.
Nazio Batuek onartu txosten hartan estreinako aipatu zen “garapen iraunkorra” delako terminoa, bai eta definizioa zehaztu ere: “garapen iraunkorra da egungo beharrak asetzen dituena, etorkizuneko belaunaldien beharrak arriskuan jarri gabe”. Harako txostena Brundtland deitu batzordeak egin zuen, ez baitzen alferrik izan Gro Harlem Brundtland, Norvegiako lehen ministroa, aitzindari eta batzordeburua.
Hogeita hamasei urte geroago ez ditu inork zalantzan Brundtland txostenaren diagnosia eta definizioa, baina bai, ordea, Europar Batasunak bere buruari ezarri dizkion erritmoak; areago munduko ekonomiarik handienekin alderatuz gero, Estatu Batuak eta Txina kasu. Bada dioenik, Europar Batasuna ez ote den inozoarenak egiten ari.
Izan ere, Brundtland txostenak etorkizuneko belaunaldien beharrak arriskuan jarriko ez dituen estrategia proposatzen duenean, ingurumenean baino ez du “frogaren karga” ipintzen, aktore guztiek konpromiso berdintsua hartu behar izango luketelakoan. Baina besterik da errealitatea.
Zenbait adibide soil azpimarratze aldera baino ez, Alemaniak ikatza erretzeari ekin behar izan dio gas errusiarrik ezean, Frantziak jatorri nuklearreko argindarra saltzen digu, eta fracking gasa erosten diegu Estatu Batuei, gurea ustiatu nahi ez dugulako.
Zer esanik ez Txinaz. Erensuge Gorriak denari ematen dio (nuklearra nahiz ikatza izan), espantu handirik gabe, nazioarteko merkatuan barreiatzen dituen altzairu eta manufaktura munduko kutsatzaileenak izan arren.
Gu, ordea, gure Euskadi txiki honetan, ahalik eta txintxoenak izan beharraren beharrez, munduaren salbatzaileak bagina bezala, nahiz Euskadiren urte osoko CO2 isuriak Txinak zazpi ordutan botatzen dituen beste baino ez izan.
Alegia, ondo dago, Brundtland txostenaren arabera, “etorkizuneko belaunaldien beharrak arriskuan” ipiniko ez dituen ingurumen-estrategia indarrean jartzea. Baina, aldi berean, “etorkizuneko belaunaldien beharrak” arriskuan jarriko ez dituzten erabaki ekonomikoak ere hartuko bagenitu?
Hurrengo belaunaldien premiak arriskuan ipiniko ez dituzten erabakiak hartu beharra