Basapiztiak

Basapiztiak –

Ez omen dira zinemarako garairik onenak, baina Rodrigo Sorogoyenen As bestas pelikula bere bidea egiten ari da, Donostiako Zinemaldian ikuslearen saria jaso zuenetik. Espainiako Estatuan, sarrera-erosleak erantzuten, kritikak laudatzen eta garaikurrak metatzen ari da, lehengo irailean hasitako ibilbideari eman zionetik. Galizian, ordea, hotzago egin zaio harrera.

Basapiztiak

Herrialde horretan kokatu du Sorogoyenek bere lana. Galiziako landa-eremuan, Galizia sakonean. Galizieraz mintzo den Galizian. Ez dute, ordea, hala egiten, frantsesez eta gaztelaniaz baizik, filmeko heroiek. Nola ez begiko izan, inguruaren ederrak liluraturik, halako herrixka batean etxea erosi eta bertatik laborantza ekologikoari ekin dion bikote ameslari, maitemindu, liburu zalea. Eta nola ez begitan hartu filmeko gaiztoak, hain bikote zoragarriaren amesgaizto bilakatzen diren auzoko pitzatuak, herrixkako betiko bi anaia mutilzahartuak, behitegian edo larrean azienda txar batzuk gobernatzen ari ez direlarik, denbora ostatuan edaten ematen dutenak. Basakeria galegoz mintzo baita As bestasen.

Eztabaida ez da luzatu. Galiziar aunitzek ez dute laket izan galiziartasunaz ematen den irudia. Filmean anaia zaharrenarena egin duen Luis Zahera antzezlea bera gogaiturik agertu da hedabideetan. Itxuraz, zuzendari espainiarrek galegoarena egiteko baizik ez dute deitzen, erran nahi baita, narkoarena edo basaburuar ilun eta basarena.

Basakeria galegoz mintzo da As bestasen. Eztabaida ez da luzatu. Galiziar aunitzek ez dute laket izan galiziartasunaz ematen den irudia

Ezaguna denez, benetako gertakari batzuetan oinarritu da Sorogoyen bere istorioa ontzeko. 2010ean, As bestasen agertzen diren bezalatsuko pasarteak gertatu ziren Ourenseko herrixka batean. Zuzendariak, dena dela, ez die beti benetako gertakizunei orpoz orpo segitu. Konparaziorako, egiazkoan protagonistak ez ziren frantsesak izan, nederlandarrak baizik. Istorio unibertsal bat aurkeztu nahi bazuen –zer zine zuzendarik ez du nahi istorio unibertsal bat aurkeztu?– neke handirik ez zion emanen bertze nonbait kokatzeak.

Izan ere, As bestasen kontatzen dena eta oinarrian duena bertze nonahi gerta zitekeen. Euskal Herrian ere bai, neke handirik gabe. Asmatzen duzue? As bestasen ordez, Basapiztiak. Film bat, non atzerritar puta batzuek defendatzen duten ama lurra, ekologia eta jasangarritasuna, eta baserritar jatorrak, aldiz, beren mendiak enpresa eoliko transnazional bati saltzeko prest dauden, aziendak kendu eta Azpeitian, Durangon edo Elizondon –demagun– taxi bat paratzeko adina diruren truke. Film bat, non basakeria euskaraz mintzo den.

Ez luke eztabaida tikirik piztuko gure artean. Ikusleen saria, bederen, ez luke hartuko Donostian.

ARGIArentzat egindako kolaborazioa

Basapiztiak

Iruñekoa, malgré moi, idazlea,iritzi-emailea.