EITBk salbuespenezko hizkuntza-klausulak jarri izana salatzen dugu

EITBk salbuespenezko hizkuntza-klausulak jarri izana salatzen dugu –

Netflix Euskaraz-ek irmo salatzen du EITBk euskal ekoizpenen euskarazko bertsioen gainean salbuespenezko hizkuntza-klausulak jarri izana. Ikus-entzunezkoen Lege Orokorraren aurka daude, herritarren hizkuntza eskubideak urratzen dituzte eta itzelezko kaltea eragiten diote gure hizkuntzari.

EITBk salbuespenezko hizkuntza-klausulak jarri izana salatzen duguMarra gorria zeharkatu dute eta egia bihurtu dira lehenagotik genituen ardura eta kezka handienak. Euskal ekoiztetxe baten eskutik jakin berri dugu EITB klausulak ezartzen hasi dela euskal ekoizpenen euskarazko bertsioei. Klausula horien ondorioz, aurrerantzean, euskal ekoizpen bat plataformetan estreinatzean, litekeena da euskarazko bertsioa gainerako hizkuntzetako bertsioekin batera ez estreinatzea. Argitu behar dugu klausula edo baldintza horiek salbuespenezkoak direla, ez direla inongo herrialde eta hizkuntzatan gertatzen eta ez dutela banaketa eta emisio baimenekin inolako loturarik. EITBko buruek asmo horiek, ‘EITB 2030 estrategia‘ txostenaren aurkezpenean, publiko egin izan dituzten arren, egitateen zain geunden Netflix Euskaraz-eko kideak. Andoni Aldekoa EITBko zuzendari orokorrak berak joan den udazkenean publikoki adierazi zuen, aurrerantzean, euskal zinema-ekoizpenen finantziazio eskemetan hizkuntzaren gaineko baldintza ezartzeko asmoa zutela, euskarazko emanaldiak Primeran plataforman lehentasunez estreinatzeko, eta ekoiztetxeekin lehen hitzarmenak gauzatzen ari zirela.

Otsailaren 10ean izan genuen klausula horien lehen ebidentzia. Izan ere, egun horretan euskarazko bertsiorik gabe estreinatu zuten ‘Unicorn Wars’ euskal ekoizpena Movistar Plus plataforman. Filma Movistar Plus-en katalogoan jarri eta gutxira, Bilboko Uniko ekoiztetxearen eskutik jakin genuen zein zen plataforman euskarazko bertsioa ikusgai ez jartzearen arrazoia: euskarazko bertsioa ETBn estreinatuko delako lehentasunez; hau da, EITBk Uniko ekoiztetxearekin sinatutako akordioan jasotzen diren hizkuntza-klausulengatik ez da euskarazko bertsioa Movistar Plus-era iritsi; eta ez da iritsiko, harik eta, gutxienez, Primeran-en emititu arte.

Netflix Euskaraz-en iritziz, onartezina da EITB komunikazio taldeak era horretako ezohiko klausulak ezartzea hizkuntzaren kaltetan. EITB sustatzen ari den neurri horrek herritarren hizkuntza eskubideak urratzen ditu, bete-betean jotzen du euskararen eta euskarazko bertsioen sustapen eta zabalkundearen aurka, eta kaltea baino ez diote eragiten euskararen normalizazioari.

Erakunde publikoei euskaraz ekoitzi, bikoiztu eta azpidazten diren eduki guzti-guztiei ahalik eta hedapen handiena ematea dagokie, euskara guztion altxorra delako eta ahal denik eta zabalpen handiena eman behar zaio eta ez interes propioetarako erabili, horregatik, EITBko buruei eskatzen diegu publiko egiteko ekoiztetxeekin sinatu dituzten akordioak, eta azalpenak emateko. Gaia oso larria da, izan ere, euskarazko bertsioen gaineko salbuespenezko klausula horiek obra berrietarako finantziazio publikoa lortzeko baldintza gisa jasota daude. Argi dezatela zer gertatu den Disney Plus-en jarri zuten ‘Irabazi Arte!’ telesailaren lehen denboraldiarekin —abenduaren 15ean jarri zuten plataforman Pausoka ekoiztetxearen seriea, eta seriearen jatorrizko hizkuntza euskara bada ere, ez dago euskaraz ikusgai—. EITBko arduradunei eskatzen diegu argi dezatela ‘Irati’ filmarekin ere berdina gertatuko ote den, eta aurrerantzean plataformetan estreinatzen diren euskal ekoizpenekin.

Netflix Euskaraz ekimeneko kideok argi dugu hizkuntzarentzat zerbait estrategikorik bada, Euskal Telebista indartsu bat izatea dela. EITBri baitagokio euskara eta euskarazko ikus-entzunezkoak herritar guztien etxeetara iristen direla bermatzea. Euskal Telebista sendo bat nahi ditugu, euskara lehen hizkuntza izango duena eta euskal kulturan ardaztuko dena, euskarazko ikus-entzunezkoen benetako motorra, herria kohesionatzeko balioko duena, eraberritua, erakargarria, kalitatezkoa, hezitzailea, herritarrentzat erreferentzia nagusia izango dena. Horretarako, baliabideak jarri beharko dira, eta estrategietan asmatu. Horretan bidelagun izango gaituzte Netflix Euskaraz-eko kideak. Baina EITBk, bere audientzien izenean, hizkuntzaren kalterako diren klausulak ezartzea estrategia erabat onartezina dela deritzogu. Euskarazko bertsioak gainontzeko hizkuntzetako bertsioekin batera estreinatu behar dira plataformetan, eta euskarazko bertsioek gainerako hizkuntzetako bertsioekin bat eginik, banaezin, iraun behar dute edukiaren bizitza komertzial osoan. Jakina estrategikoa dela euskarazko estreinaldi berriak Primeran-en ere ematea; EITBk horren aldeko apustua egin behar du ezinbestez. Baina arbuiagarria da, horretarako, hizkuntzaren gaineko salbuespenezko klausulak erabiltzea, nork eta euskara sustatzea eginkizun nagusia duen Euskal Telebistak.

Bukatzeko, sendo salatzen dugu Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta EITBren arduragabekeria. Netflix Euskaraz ekimenaren bi urteko ibilbidean ez dugu Jaurlaritzaren eta EITBren pausorik txikiena ere ikusi, Netflix-en eta gainerako streaming plataformetan euskararen presentzia bermatzeko. Are gehiago, kontrara jardun dute eta jarduten ari dira.

Jaurlaritzak ikus-entzunezkoek guztion bizitzetan eta hizkuntza ohituretan duten eraginari arreta jarri behar dio, eta estrategiak kontsumo ohitura berrietara egokitu; horretarako, premiazkoa da Jaurlaritzatik ETBz haragoko hizkuntza politikak abian jartzea. Erronkari urgentziaz erantzuteko gai ez bagara, konponezina izan daiteke hizkuntzari denbora gutxian eragindako kaltea.

Lehenago ere salatu izan dugu EITBk ez dituela plataformetara bidaltzen iraganean diru publikoz bikoiztutako edukiak, eta EITBk euskarazko audiook bere audientzien mesedetan soilik nahi dituela. Denbora igaro ahala zuzen genbiltzala ohartu gara, eta jabetu gara arazoa uste genuena baino larriagoa dela: EITBk bere diru-partidetatik euskarara bikoiztutako audioak ez zabaltzeaz gain, eskua luzatu eta euskal ekoizpen guztien euskarazko audioen kontrola bereganatu nahi du, euskarazko bertsioak bere audientzien onerako soilik erabiliz.

Izugarri atsekabetzen gaitu Jaurlaritza eta EITBren ekimen eta borondate ezak, iazko uztailean Espainiako Kongresuan onartu zen Ikus-entzunezkoen Lege Orokorrak ematen digulako aukera streaming plataformetan euskararen presentzia nabarmen areagotzeko, legeak euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzen ez baditu ere eta erabat ez nahikoa bada ere. Lege Orokor berriaren arabera plataformak behartuta daude tokian tokiko erakundeek berezko hizkuntzetara bikoiztu eta azpidatzitako edukiak katalogoan txertatzera. Kataluniako erakunde eta telebista publikoa aurrerapauso handiak ari dira ematen norabide horretan, gurean ez bezala. Horren lekuko, Nata?lia Garriga Generalitat-eko Kultura Sailburuak joan den astean adierazitakoa: plataformetara bidaltzeko prest dituztela TV3ek orain arte katalanera bikoiztutako audio guzti-guztiak eta plataformek aurki txertatuko dituztela audioak.

Euskalgintzari eta, orohar, euskaltzale guztioi gaiari arreta jartzeko eskatzen diegu, eta mobiliza daitezela eta indarra egin dezatela ikus-entzunezkoetan euskaldunon hizkuntza eskubideak errespeta daitezen.

EITBk salbuespenezko hizkuntza-klausulak jarri izana salatzen dugu