Hilkintzaren normaltasuna

Hilkintzaren normaltasuna –

Osvaldo Bayer historiagile eta kazetari argentinarrak idatzia da Rainer y Minou izeneko eleberri zoragarri bat, ozeanoz beste aldetik ekarria eta ozeanoaren alde honetan ez oso ezaguna. Bigarren Mundu Gerraren ondorioz eta ondoren, juduek jaso duten tratuaz eta juduen jokaeraz aski argigarria, horien erakusgarri diren paragrafo eta esaldi solteak biltzen dituelarik.

Hilkintzaren normaltasuna

Hirurogeita hamarreko hamarkadan Argentinatik Alemaniara joanda, Minou protagonista juduak «Alemanian ikasi zuen judu izaten. (…) Hor hasi zen ikasten judu izaten. Beraren irudiko alemaniar guztiak etsaiak ziren, denak haren Herriaren hiltzaileak. Eta hasiera-hasieratik alemaniarrak hiltzaile sentiarazi zituen. Errudun sentiarazi ere».

Minouren lagun judu batek kontatzen duenez, «zinemara joaten banaiz eta sarrerak agortuta badaude, saltzaileari oihu egiten diot: hara, noski, niri ez didazu sarrerarik saldu nahi judua naizelako, ezta?. Berehala saltzaileak deitu, eta norbait etorri eta uzten dit sartzen, eta eserleku hoberenean jartzen nau. Izan ere, egin zutenagatik ordainarazi behar zaie alemaniarrei».

Alemaniaren orduko testuinguruaz eta giroaz adibide ederrak ematen dizkigu Osvaldo Bayer intelektual anarkistak, argitasun handiko pasadizoak guk ere gaur hobeki uler dezagun egungo Alemaniaren errudun-konplexua Israelekiko eta Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyen anderearen jokaera, oraino gainditu ez duten konplexuaren ondorioa.

Orobat, kontatzen da nola historiagile judu batek sortu zuen «ahanzturaren normaltasuna» izeneko kontzeptua gerra osteko alemaniarrei juduen hilkintza eragotzi eta halere normaltasunera itzuli nahi izatea leporatzeko, bidenabar, juduak lehen mailako biktima bihurtuz, zeren eta, mailakatze horretan sarraskitutako ijitoak, homosexualak, ezkertiarrak eta abarrak ez dira lehen mailako biktimatzat hartzen, ezta gerlan hildako hogei milioi sobietarrak ere, jakina.

Noraino sartu diguten juduen kasua hilkintzaren adibidetzat, ezen Elhuyar Hiztegian bertan ere hilkintza hitzaren adibidean zera agertzen den: «juduen hilkintza izugarrien erantzulea». Oso adierazgarria, zeren eta jar zitekeen hurbilagoko beste adibide bat hilkintza elea adierazteko: «Sorgintzat hartutako emakumeen hilkintzak Ofizio Santuko tribunalek agindu zituzten» edo, bestela, herexen kontrako «Béziers-eko hilkintza, non guztiak, umeak, agure-atsoak sarraskiturik, ez zen inor atera, bat ere ez, bizirik»; edo, denboran aitzina eginda, «Errepublikaren aurkako matxinadan, hiru mila lagun baino gehiagoko hilkintza eragin zuten faxistek Nafarroa Garaian». Ene irudikoz, askoz adibide hurbilagoak dira.

Kontuak zer diren, egun Israelek Gazan aurrera daraman triskantza normaltzat hartzeko arriskua dago, zeren eta eguneroko sarraski bihurtu den heinean normaltzat jotzen dute sionistek eta bere agenteek autodefentsaren aitzakiapean, eta «hilkintzaren normaltasuna» ezarri nahian dabiltza.

Normala ez dena da sionisten inpunitatea eta Europako Batzordearen epelkeria, hobeki ulertzen dena aspalditik datorren gainditu gabeko alemaniarren trauma hori ezagututa.

Hilkintzaren normaltasuna

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Ingeles irakaslea —erretreta hartuta baina ez erretiratuta— poeta, idazlea eta artikulugilea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, bertzeak bertze, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria eta Atarrabiako Petri saria. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), Aingurak eta Arrangurak (Pamiela, 2018) eta Hitzen hasperenak (Maiatz, 2019). Zuihitsua saikaera da bere azken liburua (Dakit, 2022. Ohiko kolaboratzailea Euskalerria Irratian, Maiatz aldizkarian eta baita Hatsa olerki bilduman ere. Artikuluak ere, berrehun baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Noriko Matsui-ren How to perform kamishibai eta Ryookanen 101 haikuak liburuen itzultzailea da, eta, orobat, euskarara itzuli ditu Idea Vilariño, Wislawa Szymborska, Paco Urondo, Joan Margarit eta Ernest Hemingway-en poemak, Euskal Idazleen Elkarteko idazkari (2010-2014) eta Nafar Ateneoaren Euskara eleduna (2017-2020) izan da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude