Heriotza zigorrarekin hildako gehiago 2013an
Amnesty Internationalek urteroko heriotz zigor eta exekuzioen txostena argitaratu berri du. Txina, Iran, Irak, Saudi Arabia eta AEB dira, hurrenez hurren, epaileen erabakiz heriotza eragin duten estatu nagusiak. 2012tik 2013ra zerrenda beltz honetara batu zaizkie beste lau herrialde: Vietnam, Nigeria, Kuwait eta Indonesia.
Exekuzioek gora egin zuten iaz 2012arekin alderatuz, AIren arabera, Iran eta Iraken igoeragatik batez ere. 778 lagun exekutatu dituzte heriotza zigorra jaso eta gero, aurreko urtean baino %15 gehiago. Zenbaki horrek ez du kontuan hartzen herrialde krudelena: Txina. Bertako datu fidagarririk ez du AIk, baina 1.000tik gora hil dituzten zalantzarik ez du. Siria eta Egipton ere, barne gerrengatik, kontaketatik kanpo gelditu dira. Iranen 369 pertsonatik gora hil dituzte, eta Iraken 169 baino gehiago. Hiru horiek osatzen dute zerrenda beltzaren podiuma.
Berri pozgarriagoak datoz Singapur eta Pakistanetik. 2013 urtean ez zuten epaileen erabakiz inor hil, eta zigorrak barkatu dizkiete batzuei. Gaur gaurkoz, Nazio Batuetako estatuen erdiak heriotza zigorra bere legedian aitortzen du. Halere, estatu horietako gehienek de facto zigorra baztertu dute. Europan Bielorrusia da zigor aukerari eusten dion bakarra. AEBtan Maryland estatuak atzera bota du heriotza zigorra.
2004tik 2013ko zigorrak eta exekuzioak egin dituzten herrialdeak murriztu egin dira.