No time for love…

http://alteretaego.wordpress.com

Argazkia: Korridorean
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 3264×2448 px (4:3)
Sortze data: 2013/07/15
Latitudea: 43º 29,641´ N
Longitudea: 1º 27,885´ W
Kamera: Canon EOS 5D Mark III
Objektiboa: Canon EF 100mm f/2.8 L Macro IS USM
Distantzia fokala: 100mm
Irekidura: f2,8
Esposizio denbora: 1/160?
Sentikortasun eskala: 1600 ISO
Flasha:

Alter dixit.

Sevilla, 2014ko martxoaren 26a.

Bigarren aldia da, nire bizitza osoan, Sevilla zapaltzen dudana. Berezia da, eta ez kantuak dioelako bakarrik, hiri hau: argiari botako nioke nik erru osoa.

Ezagutzen ez ditudan lekuetan lehenengo aldiz nagoenetan, eta bakarrik banago, noraezean ibiltzea dut gustuko. Gerora jakin izan dut hori ere, aspaldi, asmatuta zegoela. Situazionismoak proposatutako deribaren kontzeptua du bere oinarrian, antza, psikogeografiak osatzen duen proposamen zabalago baten barnean koka daitekeelarik. Nagusiki, hirietako bizitza ikusi eta barneratzeko moduen inguruko gogoeta bat dago atzean: ikusi beharrekoak diren lekuak bisitatzera joan ordez, norbere emozioak jarraitu eta eramaten gaituzten lekuetara joatea, hain zuzen ere, eta eurok beste begi batzuekin begiratzea. Tipo xelebrea zen, nonbait, Guy Debord: momentuaren deia jarraitzea maite zuen.

Sevilla, era horretara behintzat, ezagun nuela probestuz, nahiago izan dut bigarren aldi honetan Trianako zubiaren ondoan dagoen tabernako terrazan eseri eta gerta daitekeenari so geratzea. Florentziako Ponte Vecchio zubian ikusi nituen lehenengo aldiz maiteminduek zubira kateaturik uzten dituzten giltzarrapoen kontua. Bada, dirudienez, Trianako zubian gauza bera egitea ere, nonbait, modan dago. Edo zegoen. Bai, behintzat, euron pisuak zubiaren egitura kaltetu zezakeenaren aldeko lehenengo teoriak plazaratu eta oztopoak jartzen hasi ziren arte. No time for love…

Isunak isun, Toskanatik inportatutako praktika horrekin jarraitu nahi duen bikote bati begira nagoela erreparatu diot euren atzetik igaro berri den neskari: Rachel da!

Urte bete baino gehiago da elkar ikusten ez duguna, sukaldeko armairu batean notatxo hura utzi zidanetik, hain justu. Elkarren telefono zenbakiak ditugun arren, harrezkero, ez diegu sakelako Kontaktuak aplikazioko sarrera horiei inolako jaramonik egin. Eskuarekin agurtu dut.

Azkar eguneratu ditugu egun hartatik aurrerako bion bizipenak, agur xelebre hari ezertarako erreparatu gabe. Beste mila gauzaren artean, Becquer hotelean hartzen duela ostatu esan dit, eta baita bihar dela alde egitekoa ere. Bi ordu luzeko solasaldiaren ostean, komunera joan behar duela esan dit. Egoeraren bereziari nire gogoetak gehitu nahian geratu naiz, bitartean.

Bueltatzerakoan, eta ohi duen moduan, post-it bat utzi du mahai gainean, nire laugarren garagardoaren ondoan. 116 zenbakia dago bertan, eskuz idatzita. Eta alde egin du, hitz erdi bat ere luzatu gabe.

Dudatan egon ostean, luzaro, zer egin ez dakidala, mahaitik jaiki eta bere hotelerantz abiatu naiz. Konturatu ere ez naiz egin, baina gaua ere aspaldi iritsita dago. Hotelera sartu, 116. gela aurkitu eta erdi irekita dagoen atea itxi dut neure atzean. Argia itzalita dago, eta nik ez dut piztu. Arropak kendu, ohean sartu eta elkarrekin egon ginen azken gau hartakoaren pareko gozatua hartu dut, ilunpetan.

Goiza da, jada, eta nirea ez den hoteleko logela horretan esnatu naiz, bakarrik. Sakelakora sartu berri den WhatsApp mezu batek iratzarri nau. Rachelena da, eta atzo ez zinen agertu dio. Itsumustuan, aulki gainean botata ditudan praketarantz abiatu naiz. Patriketan bila hasi, eta atzo eman zidan post-it hura esku artean izan arte ez naiz lasai geratu: 116 jartzen du, baina 911 buelta emanez gero…

Ego dixi.