Harakinik gabeko harategiak

Okela beharrean okelaren irudiak. Fruten lekuan itsasgarri frutadunak. Maiz Ipar Koreako dendei egotzi zaien irudikeria Europan bertan existitzen da, gordin-gordin. Azken astean horren lekuko izan dira Irlandako Fermanagh eskualdeko gizon-emakumeak.

harategia

Halako trikimailua zer dela eta gauzatu den ondo aski dakite Fermanagh-eko 60.000 biztanleek. Munduaren aurrean aurpegi ederrena erakutsi nahi dute ekainaren 17an eta 18an.  Nazioarteko komunikabide guztiak inguruetan hartuko dute ostatu, G8 munduko zortzi herrialde boteretsuenen 39garren goi bileraz informatzeko. Han izango dira Angela Merkel (Alemania), Stephen Harper (Kanada), Barack Obama (AEB), François Hollande (Frantzia), Enrico Letta (Italia), Yoshihiko Noda (Japonia), David Cameron (Erresuma Batua) eta Vladimir Putin (Errusia) goi agintariak. Haiekin batera milaka eta milaka segurtasun indar, manifestariak uxatu nahian.

Munduaren begiak bertan izango dira bi egunez, eta batzuek ez dute aukera txikiena ere galdu nahi. Fermanagh eskualdea, Erresuma Batuko Ipar Irlandaren menpeko, turismo toki atsegin gisa saltzeko aukera aparta bailitzan ikusten dute Ipar Irlandako agintariek.

David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak aukeratu zuen G8ko bilerentzako tokia: Eirne lakuko hotela. Ingurunearen edertasun ukaezinaz gain, segurtasun baldintza egokiengatik aukeratu dute tokia (urez inguratuta, errepide estuak, bizilagun gutxi inguruetan…). Izan ere, munduko zortzi agintari boteretsuenak nora joan hara doaz mundu osoko ekintzaileak. G8aren kontrako protestak froga zorrotza izango dira Ipar Irlandako poliziarentzat, eskarmentu handikoak badira ere. Aurrekariak ikusita ez zaie lanik faltako, nahiz eta segurtasun perimetroak urrun mantentzeko ahaleginak egingo dituen. Genoan 2001 urtean Carlo Giuliani italiarra hil zuen poliziak, G8aren kontrako protestetan.bulegoa

Harira itzul gaitezen. Eirne laku inguruko herrixketako 100 denda baino gehiago itsasgarriz estali dituzte. Itxitako dendak apaintzerako orduan produktuz betetako guneak irudikatu dituzte. Ateak zabal-zabal dituzten harakinik gabeko haragitegiak, esate baterako. Bulego sofistikatuen itxura ere eman diete krisiak itxitako farmaziei. Aldiz, inork erabiltzen ez dituen biltegien hormetan eskualdeko ingurugiro aberastsa erakusten duten kartelak jarri dituzte. Aurpegia garbitzeko planak ehunka milaka librako gastu publikoa erabili du. Gizarte eta Ingurumen Garapenerako Sailak ordaindu ditu itsasgarriak, (margolarien zorionerako).

Merkatal sare bizi-bizia erakutsi nahi dute porrot eginiko negozioak dauden lekuan. Nola ez, iruzurrarekin harri eta zur daude bizilagunak. Telegraph egunkariak jasotako herritarren iritzi batzuek hala diote: “Ez daukat itsasgarriekin arazorik, baina pertsona batzuek helarazi nahi dute gezurrezko ideia bat: Fermanagh-en ez dela itxitako negoziorik existitzen… Gezur erraldoia da eta ekonomia faltsu bat”.

Eskualdean Sinn Fein errepublikarrek dute babesik handiena. Alderdiko Phil Flanagan ordezkariak itsasgarrien estrategia kritikatu du, modu arras harrigarrian: “Inor ez dute engainatuko. Amaginarreba etxera bisitan etortzen zaizunean egiten duten azaleko garbiketa bezalakoa da. Dirua alferrik galtzea da.”

Irish Times egunkariak tokian-tokiko agintari Brendan Hegarthy-ren lekukotasunek zera dio: “Eskualdea ahalik eta ederren erakusten saiatu behar gara turismoa eta industria erakartzeko”.

Hori bera egin dute: itxurakeriaren mundua muturreraino eraman. Neoliberalismoaren attrezzo xarmanta sortu dute, balizko etekin batzuen izenean. Miseriak alfonbra azpira 48 orduz, eta gero ikusiko da. Zer izango ote da hurrena, Fermanagh-eko bizilagunek derrigorrez irribarre egiteko dekretua?

 

 

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra