Agur, San Mames!

http://alteretaego.wordpress.com

 

40_errealitate aldakorraren hautematea

Argazkia: Errealitate aldakorraren hautematea
Egilea: Mr. Kaplan
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 5760×2754 px (2:1)
Sortze data: 2013/05/19
Latitudea: 43º 15,848´ N
Longitudea: 2º 55,851´ W
Kamera: Canon EOS 5D Mark III
Objektiboa: Canon EF 24-105mm f4/L IS USM
Distantzia fokala: 105mm
Irekidura: f7,1
Esposizio denbora: 1/160?
Sentikortasun eskala: 200 ISO
Flasha:

Oharrak: hiru argazkiz osatutako konposizioa.

 Alter dixit.

Maiz entzun ohi dugu bidaiatzea dela abertzaletasunen aurkako antidotorik onena. Niri, ordea, kontrakoa gertatu ohi zait, gehientsuenetan.

Gainera, bidaiatu izan dudan bakoitzean, badut ohitura nahiko xelebre bat: ezagutzear nagoen leku horretako eliza esanguratsuenetara joan, patxadan eseri, eta argia bertara nola sartzen den begi ematen geratzea, lasai asko.

Gogoan dut oraindik, zenbait urte direla, Torreviejako Jesusen Bihotz Sakratu barrura sartu nintzenekoa. Asfaltoa urtzeko adinako beroa zegoen kanpoan; barruan, aldiz, eta bestelako irizpide espiritualagoak albora utzita, bake santua. Eraikinak, Le Corbusier berak gustura sinatuko lukeen hormigoiaren aprobetxamendua tarteko, kanpoko argia harrapatu eta eraldatu egiten zuen. Erdi Aroko katedralgileak abilak ziren, baina badira gaur egun ere bere talentua ondo profitatzen dakiten arkitektoak.

Argiari dagokionez, zerikusirik ez Almonten Gure Rocioko Ama Birjinaren santutegiko kare zurizko hormek sortzen zuten eztandarekin konparatuz gero. Nik uste, hausnartzen jarrita, eurok proiektatzen zuten argi zuri estroboskopikoak azkartu zuela, hein handi batean, gure alaba izango zenak kanpora irtetzeko zuen nahia. Kanpoko harearen albedoa bera baino estanpa deigarriagoa iruditu zitzaidan niri, eta hori, asko esatea da.

Urrutiago egindako bidaietan ere gertatu izan zait hori, batzuetan. Sienako Duomoa bisitatu nuenean, adibidez. Hango marmol trabertino zuri eta berdeek, eta lurreko mosaiko ikaragarriek, are monumentalago bihurtzen zuten berez hain monumentala den herria. Ez dut pentsatu nahi, orain dela 300 edo 400 urte, katedral hura lehenengo aldiz zapaltzen zuen norbaitek zer sentituko ote zuen.

Parisera egiten den edozein ihesaldik merezi du Notre-Dame bisitatzeko tartetxo bat hartzea. Gotikoaren adibiderik gorenetakoa den eraikin horren barruan egoteak, eta gora begiratzeak, hitzez azaldu ezin daitekeen zirrara berezia sortu zidan.

Hurbilago ere baditugu begiz jota ditudan eliza edo antzerakoak. Zumarragako Antiguako Amaren baseliza da aipatu nahiko nukeen adibideetako bat, bakar bat aitatzearren. Uda bukaerako arrats gorri horietako batean, hara hurbiltzea baino ez du egurrak argia islatzeko duen gaitasun berezia bertatik bertara ezagutu nahi duenak.

Baina beharbada, patxadaz bisitatu ditudanen artean, Berlingo Kaiser-Wilhelm-Gedächtniskirche gorde dut beti estimatuenen artean. Atzean duen historiak ere lagunduko du, ziurrenik, baina bonbardaketen ostean zutik geratu zen dorreko beirate urdinek barruan dagoenari sortzen dioten emozioa bai dela deskribatu ezinezkoa.

Estimatuena, ordea, etxetik 35 kilometrora dagoen bat da. Asteazken gauean emango diogu azken agurra. 100 urteko historia luzean biztu duen argi guztia une bakarrean harrapatuta geratuko da bertan. Auskalo zenbat minututako burrunba zalapartatsua eta, kolpez, betirako itzaliko da.

Pena bakarra dut nirekin: munduko katedralik handienean emango den azkenengo mezan ez dela Julen izango herri oso baten, sentimendu oso baten izenean kaliza zerura altxatuko duena. Edo agian bai… Agur eta ohore, San Mames!

Ego dixi.