Gure ahaide primateak (eta II)

Gure ahaide primateak (eta II) –

Gure beste ahaide primate hurbila bonoboa da, eta txinpantzeak baino enpatikoagoa, sentikorragoa eta adeitsuagoa. Brian Hare antropologo iparramerikarrak proba ugari egin du haiekin eta hala frogatu du. Proba baten, ikerlariek bonobo gazte bati fruta-errazio ederra ematen zioten, eta hark denak jan zitzakeen, bakarrik bazegoen. Baina sarritan beste bonobo bat ikus zezakeen mailazko ate baten atzean eserita, eta bonobo gazteak atea ireki zezakeen. Bada, bonoboek egiten zuten lehen gauza atea irekitzea izaten zen, eta lagunarekin partekatzea fruta-festa; ez zitzaien axola eurek gutxiago jan beharra. Aldiz, inor ikusten ez zutenean, ez zuten aterik irekitzen. Are harrigarriagoa: proba baten, aukera ematen zitzaien beren lagunei janaria eskaintzeko baina berak batere gabe gelditzen zirelarik. Bada, aukera baliatzen zuten espezie berekoei jana emateko, nahiz eta beraientzat alferrikakoa izan.

Gure ahaide primateak (eta II)Honen aurreko artikuluan, Arnhem-eko txinpantze koloniako alfa eme “Ama”-z aritu gara. Nahiz eta fisikoki ez zituen ar helduak mendean hartzen, gehiengoa baino boteretsuagoa eta eraginkorragoa zen. Antzeko beste batzuk ere ezagutu zituen Frans de Waalek, baina emeen botereari dagokionez, eme boteretsuenak bonoboen artean bizi omen dira. 

Zoo baten bonobo ar bat eta bonobo eme bat bizi badira, orduan arrak aginduko omen du, fisikoki indartsuagoa delako, baina bigarren eme bat sartuz gero, emeek. Hala frogatu du bonoboen ikerketan aitzindari izan den Takayoshi Kano japoniarrak. Bonoboen kasuan, garrantzizkoena janaria omen da, eta janari-kontuan emeek agintzen dute. Sexua ez da bereizgarria, zeren konbinazio posible guztietan praktikatzen dute sexua bonoboek, sexu bereko espezieek barne. Harrigarria da emeek agintzea, zeren bonobo komunitateetan emeak ez dira ahaideak izaten, lagunak baizik. Pubertaroan, emeak bera jaio zen komunitatea abandonatzen du eta auzo talde bati lotzen zaio, non adin handiagoko eme bati atxikitzen zaion, hark bere babesean hartzen duela. Kokatzen diren lurraldean, oro har, ez dute ahaiderik izaten. Emeek ahizpen arteko elkartasuna aplikatzen dute ahaidetasunean ez baizik eta interes komunean oinarritua.

Txinpantzeen artean, emeek batzuetan tratu txarra eta infantizidioa jasan behar dute, baina bonobo emeek ez. Adin eta maila handiena duten emeek gazteagoak babesten dituzte, haiek arren batekin arazoren bat dutenean. Eta ahizpatasun horri esker, bonoboen artean emeek bizimodu axolagabeagoa dute, eta arren biolentziatik libre. Emeen arteko hierarkiaz informazio gutxiago dugu. Jeneralean, garbiro alfa den emea egoten da, baina posizio hori lortzeko lehia askoz leunagoa omen da txinpantze kolonietako arrena baino.

Ahaide antropoideengandik lehorreko ugaztun handienera etorriz, elefanteek sentimenik ba al dute?, izaki kontzienteak al dira? F. Waalen taldea elefante asiarrekin lanean aritu zen, eta aurrenekoak izan ziren frogatzen elefanteek euren burua ezagutzen dutela ispiluan, eta hori autokontzientziaren seinaletzat hartu ohi da. Frogatu zituzten elefanteek kooperaziorako dituzten trebetasunak, lagun baten tronparen beharra zuten probak jarrita. Antropoideek bezain ondo egin zituzten probak eta animalia gehienek baino hobeto. Thailandia eta Indiako herri batzuetan zintzarri-lepokoak jartzen dizkiete herritarrek elefanteak non dabiltzan jakiteko. Bada, batzuetan elefanteek belarra sartzen dute zintzarrietan haiek isilarazteko, eta herritarren oharkabean ibiltzeko. Irtenbide horrek imajinazioa eskatzen du, inork ez baitie hori egiten irakatsi, eta kausa eta efektuaren arteko kontzientzia.

Gizakiok antzeko gauzak egiteko gai gara neuronak ditugulako, ezta? Bada, elefanteak 4 kiloko garuna du (guk 1,4 kilokoa) eta guk baino hiru aldiz neurona gehiago. Hitz egiten ez dakitelako pentsatzen dugu ez direla izaki kontzienteak. Animalien psikologiak eta antrozoologiak (gizaki eta animalien arteko elkar-ekintzak) izan duten goraldiari esker, kopeta zabaleko gero eta filosofo gehiago hasi da pentsatzen animaliek badutela sintientzia (subjektiboki sentitzeko, hautemateko eta esperimentatzeko gaitasuna), eta ikerketari ekin diote. Aitortzen dute inoiz ez dugula jakingo “zer” sentitzen duten, baina bai baiezta dezakegula “sentitzen” dutela. Kontzientzia zer den erabat ongi ulertu gabe, ezin dugu posibilitate hori baztertu, eta ez du balio esatea kontzientzia mota asko daudela: autokontzientzia, kontzientzia existentziala, kontzientzia korporala, erreflexiboa, etab.

Animalien kontzientziaren gaineko debatearen azpian, zientzialari askok saihestu nahi luketen gai bat dago: gizateriak animaliekin egiten duena. Garbi dago ez ditugula ongi tratatzen, haietako gehienak behintzat ez. Errazago zaigu honela bizitzea garbi uzten badugu animaliak sentimendu eta kontzientziarik gabeko automatak direla, zientziak oraintsu arte egin duen bezala (oroit konduktismoa!). Abeltzaintza industrialaren aroan, animalien sintientzia gai ukiezina da. Zoologikoetan milaka animalia daude, milioiak laborategietan eta milioi batzuk gehiago gizakien etxeetan, baina abeltegi industrialetan milaka eta milaka milioi animalia daude.

Zergatik gertatu ziren joandako hamarkadan hegazti gripea, behi eroen gaitza eta gisakoak? Ez da denbora asko Mauleko hiltegietan abelburuak nola hiltzen zituzten ikusi genuela. Nola gehienetan ezkutuan edukitzen dituzten, bideo ilegalen batzuk tarteko ez direla, ez dugu ikusten zer-nolako bizi-baldintza eskasetan irauten duten animaliek harik eta akabatzen dituzten arte.

Begetarianismoaren jarraitzaileak ugaltzen ari dira, eta halaber Frans de Waalek dioen bezala, flexitarianismoarenak (dieta erdi-begetarianoa, haragia noizbehinka kontsumiturik) eta dietan haragiaren kontsumoa murrizteko proposamenak ere indarra hartzen ari dira, eta baliteke horrek pixkanaka haragi-ekoizleak euren metodoak aldatzera behartzea. Zezenketen aurkako kontzientzia ere handitzen ari da; Euskal Herrian ere bai. Helburu horien bila aritzea inperatibo moraltzat du holandar etologoak. Segur aski aldaketa klimatikoari buelta ematea baino errazagoa ez da, baina dudarik gabe bidea horixe da: ezagutzatik kontzientzia eta sentsibilitatea areagotzera, eta animalien aurkako tratu txarrak murriztera.  

Gure ahaide primateak (eta II)

Gure ahaide primateak (eta II)

Saiakera-idazlea

2 pentsamendu “Gure ahaide primateak (eta II)”-ri buruz