Harresi gehiago

Harresi gehiago –

Axier Lopezek Argia aldizkariko Begizta blogean.

Harresi gehiagoMilaka lagun ez aurrera ez atzera daude Bielorrusia eta Polonia arteko muga izoztuan. Kurduak, siriarrak, afganiarrak, kamerundarrak, kongoarrak… zero azpian, militarren jazarpenaren erdian, janaria eta ura lortzeko zailtasunekin. Bien bitartean, Poloniako gobernu homofobo eta ultrakontserbadoreak dio arazoa mugaz bestaldeko gobernuarena dela: Bielorrusia pertsona horiek erabiltzen ari dela Europar Batasunari presioa egiteko, EBren zigor ekonomikoei emandako erantzun gisa. Ikuspegi berekoak dira EB, NATO eta beste hainbat herrialde.

Poloniak 15.000 bat soldadu bidali ditu, eta berehalako itzulketak eta indarkeria nagusitu dira mugaldean. Larrialdi egoera ezarri du Andrej Duda presidenteak, eta horrek eragotzi du erakunde humanitarioak eta kazetariak gune jakin batzuetara sartzea. Azken bi hilabeteetan, gutxienez zortzi pertsona hil dira mugan.

Bestaldean, Varsoviak ez badu muga irekitzen, Errusiako gasa EBra garraiatzen duen gasbide bat ixteko mehatxua egin du Bielorrusiako Gobernuak, Europa energia krisi betean dagoela. Errusiak “arazoa” konpontzeko proposamena egin dio EBri: Turkiarekin 2015etik egiten den bezala, Bielorrusiari ere diru publikoa ematea, migratzaileak “kudeatzearen” truke.

.

Hesia nagusi
Momentuz, errezetarik ankerrena eta hutsalena ari da gailentzen: hormak. Beste harresi bat, baina oraingoan mugak desagerrarazi omen zituen Europar Batasunean bertan. Poloniako Gobernuak onartu du 2,5 metroko altuerako harresia eraikitzea Bielorrusiako mugan. Baina, gaia harago joan da. Zipre, Txekia, Austria, Danimarka, Bulgaria, Grezia, Hungaria, Estonia, Lituania, Letonia, Eslovakia eta Poloniako gobernuek gutun bateratua sinatu dute honako hau adierazteko: “Legez kanpoko migrazioaren erasoari aurre egiteko, hesi fisikoa babes-neurri eraginkorra da, EB osoaren interesentzat baliagarria. Neurri legitimo hori EBren aurrekontuaren kontura finantzatu beharko litzateke, lehentasunezko gai gisa”. Europako Parlamentuan gehiengoa duen alderdiak, Europako Alderdi Popularrak, eta Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak berak babestu dute harresiak altxatzeko finantzaketa publikoaren eskaera.

Irtenbide zaharkituak gaur egungo arazoentzat. Hesiek ez dituzte inoiz beharrak mugiarazitako pertsonak geldiarazi. Lortu duten bakarra zeharbide berriak sortzea izan da, baina arriskutsuagoak eta tragikoagoak, giza-trafikoaren nazioarteko mafientzako testuinguru egokia sortuz.

Harresi gehiago

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude