Gunter Galeano eta Eduardo Grass-en arteko kafea

Elkarrekin bat etorrita baleude bezala, Gunter Grass eta Eduardo Galeano idazleak zendu ziren atzo, batak 87 eta besteak 74 urte zituela.

Hamarkada eta kontinente ezberdinetan jaio ziren arren, mundu ezberdinetan, garaikideak ez ezik aberkide izan zirela ere esan daiteke, biek ala biek bidegabekeriaz betetako mundu bat ezagutu eta aurre egin ziotelako lumarekin, beti ere ezkerreko begirada batetik –“konpromisoa eta hitza” dira gaur egunkarietan gehien errepikatzen direnetakoak bi idazleak ahotan hartzerakoan-. Ez da ikuspuntu politikoa amankomunean zuten bakarra.

 

Gunter Galeano eta Eduardo Grass-en arteko kafeaGerra txikiak eta handiak

Hiru aldiz ezkondu eta hiru seme-alaba izan zituen Galeanok; bi aldiz ezkondu eta lau seme-alaba Grass-ek, eta beste bi ezkontzetatik kanpo.

Politikan parte hartze handia izan zuten G-k eta G-k. Grass-ek Ekialdeko Alemaniako langileen kontrako errepresioa gogor kritikatu zuen 50eko hamarkadan, eta alderdi sozialdemokratatik hurbil izan zen beti. Ez zegoen ados egiten Alemania bien bateratzearekin. Galeanok, bere aldetik, Frente Amplio babestu zuen, oligarkia eta inperioaren kontrako ezkerreko alderdi uruguaiarra.

Idatziz nazien aurka egin baino lehen Waffen-SS-etan borrokatu zen naziekin -autobiografian berak kontatua, berandu ezagutu eta kalapita sortu zuen kontuak-, eta AEB-etako soldaduek preso hartu zuten. Galeano ere, 1973ko Estatu kolpearen ondorioz, aurrena kartzelaratua eta gero Uruguai atzean uztera behartu zuten. Argentinan erbesteratu eta bertan bizi izan zen urte luzez, jaiotzez poloniarra zen Grass Alemanian bezala.

Letren munduan pilatu zuten ospe eta oihartzuna kontutan hartuta, pentsatzekoa da Gunter Grass eta Eduardo Galeanok bazutela elkarren berri baina… ezagutu zuten elkar?

 

Kafe bat elkarrekin

Eduardo Galeanok, beka bati esker, Parisen ikasteko aukera izan zuen gaztetan; eta erbestean zen Juan Domingo Perón-ekin elkarrizketa bat izan zuen bertan. Data zehatza ez dugu ezagutzen, baina politikari argentinarra 1955-1973 bitartean erbesteratua izan zela kontutan hartuta, eta 1940an jaio zen Galeano 70eko hamarkada hasierarako Uruguain zegoela berriro, pentsa daiteke ikasle zela 50eko hamarkada bukaeran eta 60ko hamarkada hasieran joko zuela Europara.

Eta hara non, Gunter Grass Frantziako hiriburuan bizi izan zen 1956tik 1960ra bitartean, Berlin bizilekutzat hartu baino lehen. Gurutzatuko ote ziren Gunter eta Eduardo gazteak Montmartreko espaloiren batean, partekatuko zuten kaferik Saint-Germain-Des-Prés auzoko tabernetan, batak besteari bizkarra emanez, elkarren ezezagun?

 

Gunter Galeano eta Eduardo Grass-en arteko kafeaMarrazkilari gazte

Luma hartu dugu lehen bien lanabes gisa, mundu mailan idazle legez ezagunak diren arren, Grass zein Galeanok marraztu ere egiten zuten eta. Grass-ek, potasio meatze batean lan egin eta eskulturarekin saiatu ondoren, Düsseldorf-eko Arte Eder eskola ikasi zuen, eta Berlinekoan gero; bere lan grafikoa kontutan hartzekoa dela diote.

Galeanok ere, bere aldetik, ogibide askotan egin zuen beharra idazkerari guztiz eman baino lehen. Fabrika batean, banku batean, mezulari, pintore eta… marrazkilari. Hamalau urte baino ez zituela saldu ei zuen bere lehen karikatura, zer eta Alderdi Sozialistarena zen El Sol astekariari.

Bistan da faxismoa ondo ezagutu zutela, biek ere. Euskaratu gabea den “Latorrizko danborra” esaterako, frankistek zentsuratu eta ez zen Espainian argitaratu 1978ra arte -gazteleraz bai aurretik, Mexikon-. EtaAmerika Latinoaren zain irekiak“, Galeanorena, Uruguai, Argentina eta Txileko diktadura militarrek debekatu zuten.

 

Amaren (ab)izenean

Eduardo Germán María Hughes Galeano jaiotzez, amaren Galeano abizena hautatu zuen uruguaiarrak letren munduan ezagutzera emateko. Gunter Grass aitaren abizenarekin da ezaguna, baina 1968an Artur Knoff ezizenarekin argitaratu zuen “Geschichten” narrazio laburren liburua, amaren abizena erabilita.

Atzo zendutako bi idazleak sarituak izan dira oso. Gunter Grass-ek Asturias Printzearen Letren saria erdietsi zuen 1999an, baita Literatura Nobela ere. Suediarra da Stig Dagerman saria ere, urtero hitzaren askatasunaren alde egiten duen idazle bati eskainia. 2010ean Eduardo Galeanok eskuratu zuen, aurretik, 1978an eta besteak beste, Casa de las Américas-ek ematen duena jaso zuen bezala.

Sariak jaso ez ezik eskaini ere eskaini zituzten. 1992an Daniel Chodowiecki Fundazioa sortu zuen Gunter Grass-ek, poloniar marrazkilari gazteak sustatzeko asmoz; eta 2010ean Premio Memoria del Fuego sortu zuen Brecha astekariak Eduardo Galeanok urtero artista bati eman ziezaion, sorkuntzan agertutako konpromiso soziala eta giza eskubideen aldekoa zela-medio.

 

Euskara ekarriak

1959ko “Die Blechtrommel” (Latorrizko danborra) da Gunter Grass-en lehen lana, eta goraipatuena -Volker Schlöndorff zuzendariak zinemara eraman zuen 1978an, eta Cannes zinemaldian Urrezko Palma eskuratu zuen; baita Oscar saria ere, ingelesa ez beste hizkuntzetan filmatutakoen atalean (eta bideotxo batean laburpena ekarri dizuegu)-. Lau urte geroagokoa da Eduardo Galeanoren lehen lana, “Los días siguientes”, eta 1971koa “Las venas abiertas de América Latina” (Amerika Latinoaren zain irekiak), seguruenera bere lanik ezagunena. Bata zein bestea euskarara ekarri gabeak ditugu.

Euskarara ekarrita irakurgai ditugun Grass eta Galeanoren liburuak bat baino gehiago dira, ezagunenak ez izanagatik ere.

Gunter Grass-i dagokionez, Andolin Eguzkitzak “Batzarra Telgten” (Alberdania, 2002) itzuli zuen eta aurretik Xabier Mendigurenek “Katua eta sagua” (Ibaizabal, 1994) Literatura Unibertsala bildumarako. Azken hau katalogoz kanpo ei dago eta liburutegietan baino ez da aurkituko; ez dago Urrezko Bibliotekan.

Eduardo Galeanoren lan bat gehiago du euskaratu. Gerardo Markuletak “Istorio hiperlaburrak” (Erein, 1995) eta “Hitz ibiltariak” (Txalaparta, 2000) itzuli zituen, eta “Ispiluak. Mundu ia ororen historia” Xabier Alegriak (Txalaparta, 2013), argitaletxe nafarrerako hau ere.

 

Futbol zale

Bukatzeko, eta literatura kontuak alde batera utzita, ezaguna da bi idazleek zuten futbol zaletasuna ere. Grass Friburgo hiriko SC Freiburg taldeko jarraitzaile amorratua ei zen, Alemaniako Lehen Mailan jokatzen duen taldea, eta Galeano bere jaioterriko taldearena, Nacional de Montevideo; 1995ean “El futbol, a sol y sombra” idatzi zuen uruguaiarrak.

2012an, orain hiru urte, eta Thinking Football zinemaldira -Donostiako Literaktum jaialdian ere parte hartu zuen urte berean-, Bilbora gonbidatu zuen Athletic Fundazioak Eduardo Galeano. Ordu beteko berbaldia Errepublika garaiko Euskadi taldea ahotan hartuta bukatu zuen idazleak, detaile modura azpidatzi eta bertara gehitu duguna. Bizkaitar hiriburura egindako bisitaldia San Mames zaharra agurtzeko ere profitatu zuen Galeanok, guk @bzarrabeitia-ri eta hark @GalderReguera-ri ebatsitako goiko argazkian frogatzen denez.

* Ez Gunter ezta Eduardo azalera ez ekartzearren, eta gaur Espainian Errepublikaren eguna ospatzen dutela-eta, orduan tirokatutako liburu bat paratu dugu sarrera honen azalean.

** 2010ean “Emakumea Galeanoren arabera” izeneko sarrera egin zuen ZUZEU-n E. Iturriak.

Eduardo Galeano, Gunter Grass, Latorrizko danborra, literatura unibertsala, Thinking Football

2 pentsamendu “Gunter Galeano eta Eduardo Grass-en arteko kafea”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude