Hiri anitza eta koloretsua aldarri

Hiri anitza eta koloretsua aldarri

Gora Gasteiz plataformaren atari digitalera sartzea besterik ez dago herri ekimenak zer gura duen ezagutzeko, web orria kolore eztanda hutsa baita. Gasteiz ireki eta plural baten aldeko gasteiztar guztiei deia luzatu die ekimenak, datorren larunbatean, apirilaren 18an, kaleak hartu eta antolatu duten aldarrikapen jardunaldian parte har dezaten; “hiriari koloreak gehitzen jarraituko dugu, maitatzen eta aldarrikatzen dugun hiri-eredua ikusarazi eta gauzatzeko asmoz”.

 

Hona egitaraua:
Gora Gasteiz egitaraua

 

“Dei egiten dugu ilusioan oinarritutako hiri positibo honen alde borrokatzera eta diskurtso interesatuei jaramonik ez egitera. Gonbitea luzatu nahi dugu denontzako eskubideak eta aukerak defendatzen dituen ekimenetan parte hartzera, jatorria, generoa, orientazio sexuala edota erlijioa alde batera utzita; harro sentitzeko moduko hirian bizi gaitezen”.

 

 

“Gasteiz etengabe aldatzen ari den hiria da eta une honetan zer norabide hartu behar duen erabaki behar du”, dio gizarte zabaleko arlo ezberdinetako hiritarrez osatutako ekimenak, azken boladan hiritarren ongizatearekin zer ikusirik ez duten interesek bizikidetza aztoratu dutela-eta, kezkatuta. “Bizikidetzaren emaitza da gure hiria, denon artean eraikitzen eta aldatzen ari garen toki bat. Bizia, ezberdina eta geldi ez dagoena”, bere eskubideak aldarrikatzeko prest dagoena, pertsona guztientzako hiria.

Javier Maroto Gasteizko alkatea eta udala aipatu gabe -ezta Marotok “Laguntza bidezkoagoak” plataformarekin bultzatzen duen sinadura bilketa ere-, alkatetzatik bultzatu diren ekimenak arbuiatzera datorren herri ekimenak dioenez, egun hiriaren bilakaera zalantzan jarri dute boterea erabilita bazterketa eta arrazakeria bultzatzen dutenek. Horregatik guztiagatik, eta ilusio berritu bat bultzatzeko asmoz, “berretsi nahi dugu gure konpromisoa eskubide sozialen Gasteizen alde” dioen manifestua aurkeztu dute.

“Hiri justua eta solidarioa behar dugu, bere inguruarekin harremanetan dagoen hiri plurala, bere helburu gisa etengabe ikastea, partekatzea eta elkartrukatzea duena eta ordena soziala, ekonomikoa eta politikoa elkar ezagutzeko proiektu multikultural eta hezitzaile batera bideratuta dagoena, bizikidetza eta denontzako eskubide sozialak bermatuta dituena”.

 

Herri ekimenaren aurkezpen bideoa (2014ko azarokoa):

 

* Irantzu Lekuek 6.000 zapatekin egingo duen ekintza artistikoan ere hartuko du parte Gora Gasteiz herri ekimenak.

apirilak 18, Gora Gasteiz, herri ekimena, kultur aniztasuna, xenofobia
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude