Guaraniera eta Paraguay: herrialde guztiz elebidun eskasetakoa munduan

Guaraniera eta Paraguay – 

Guaraniera eta Euskarak parekotasun batzuk dituzte. Normalizatzen ari diren hizkuntzak dira. Nire adineko neska bat ezagutu nuen eta galdera batzuk egiten hasi nintzaion. Hasierako azaleko kuriositate hori, arian-arian, gero eta interesgarriagoa bihurtzen joan zen. Hitz batzuk ere ikasi nituen, baina aitortu behar dut, oso zaila egin zaidala gogoratzea. Gogoratu daiteeken bat ordea: Paraguay-k honakoa esan nahi du gutxi gora behera: Para (itsasoa) gua (nora) y (ura). Hau da, “itsasora doan ura” adierazten du Paraguay izenak.

Guarani edo Guaraniera hegoamerikako jatorrizko hizkuntza da, alegia, europar kolonoen aurrekoa. Hegoamerika bertako biztanleek Kitxua, Aymara eta beste hainbat hizkuntza bezala, “precolombino” deitzen dira (Colon aurrekoak), euskara preindoeuropeo (indoeuroparren aurrekoa) den bitartean. Guaraniaren beste ezaugarri garrantzitsu bat zera da: oraindik bizirik eta osasuntsuen mantentzen den hizkuntza prekolonbinoa dela. Paraguay da bere sorterria (Bolivian, Brasilen eta Argentinako gune gutxi batzuetan ere hitz egin da betidanik). Paraguayn 1992 urtetik da ofizial herrialde osoan (aurreko diktadura bukatu ondoren lortutakoa). Hau da, euskara baino 12 urte beranduago.

Hau arraroa iruditu dezake. Hegoamerikako herrialdeak Espainiar Koroaren menpekotasunetik independizatu ziren, Euskal Herria ez bezala. Hala ere, nahiz eta herrialde burujabeak izan ez dute ahalegin handirik egin -orain dela gutxi arte- haien jatorrizko hizkuntzak berreskuratzeko. Zergatik da hori? Ba, nagusiki, nahiz eta independente izan, herrialde horien agintariak europearren ondorengoak izan direlako. Kolonialismo kulturala presente izan da eta presente dago. Presidente eta Lehen Ministro indio gutxi izan dira Amerikako herrialdeen agintariak.

Edonola ere, gaur egun guaraniari dagokionez, Paraguayko biztanleen %77k hitz egin edo ulertu dezake, HegoAmerikako herrialdeen artean ehuneko portzentai handiena jatorrizko hizkuntzei dagokienez. Bitxia, kontuan izanda populazio indigena soilik %1,5 dela. Gainontzekoak mestizoak edo europar jatorrikoak dira. 5,5 milioi hiztunek ama hizkuntza dute guarani. Eta oro har, 6,5 milioi biztanlek hitz egin/ulertu dezake.

Euskerarekin duen beste antzekotasun bat: globalizazioak eta nekazal girotik hiriko girora joateko joera belaunaldi berrietan eragiten du. Ondorioz, Guaranieraren biziraupenak erronka handia du belaunaldi berrietan. Ofiziala bihurtu zenetik, ordea, eskoletan irakasten hasi da. Hasieran soilik ikasgai bat bezala. Baina azken urteotan ikasgai gehienak zuzenean guaranieraz irakasten hasi dira. Prozesu hau euskarak duen ibilbidearekin parekatu daiteke.

Guarania indartsua da, batez ere, nekazal lurraldeetan. Hirietan, aldiz, txikiagoa. Hedabideetan, ekonomian, justizian… eta abarrean, presentzia txikia du.

Euskarak eta guaraniak, nola ez, ezberdintasun handiak dituzte. Guaraniak herrialde soberano batean da ofiziala, ez zati batean bakarrik. Munduan dauden herrialde elebidun bakarretakoa da Paraguy -5 milioi biztanletik gorako herrialdeak aintzat hartuta, batik bat-. Hiztun kopurua askoz handiagoa da euskararekin alderatuz. Paraguayk zailtasun ekonomiko handiak ditu, hego Amerikako herrialde txiro eder honek, horrek suposatzen duen guztiarekin.

********

Barakaldon bizi den Gloria Beatrizek 14 urte darama Euskal Herrian bizitzen. 3 seme-alaba ditu. Txikiena, 17 urtekoa batxiler ikasten dabil eta Araceli du izena. Bera izan zen nire aurreneko kontaktua paraguayar batekin. A ereduan ikasten du, D ereduan sartzea ezinezkoa izan zen berarentzat 11 urterekin etorri zelako. Orain, euskara ikasten du ikasgai bezala eta B2 ateratzeko asmoa du etorkizunean oposizioren batean parte hartzeko.

Gloriari bere sentimenduez galdetuta, esan dit paraguytarra izateaz harro dagoela eta bere herrikide gehienak ere. Baina hizkuntzari dagokionez, hemen bizi diren herrikide askok edo gehienak ez daude guaranieraz harro. Batzuek ez dute ezer jakin nahi edo baldin badakite ere, ez diete bere seme-alabei irakasten. “Zergatik erabaki zenuen Euskal Herrira etortzea?” galdetuta, komentatu zidan familiakide batengatik eta aukera ekonomikoak hobetzeagatik izan zela. Zuzenean Madriletik Portugaletera joan zen eta ordutik Bizkaiko ezkerraldean egon da bizitzen.

Guaraniera eta Paraguay: herrialde guztiz elebidun eskasetakoa munduan