Udaltzaingoen gaineko sententziak herritarren eskubide urraketak betikotzeko arriskua dakar

Udaltzaingoen gaineko sententziak herritarren eskubide urraketak betikotzeko arriskua dakar –

  • Behatokiak salatu du Gasteizko Epaitegiaren sententziak herritarren eskubideen kaltetan eta zerbitzuaren kalitatean eragingo duela.
  • Administrazio publikoari lotuta, urtero herritarren hizkuntza hautua baldintzatzen duten ehunka kasu jasotzen ditu Behatokiak.
  • Lan-poltsez harago, lanpostu finkoen deialdietan ere neurri zehatzak hartu behar direla aldarrikatu du.

Udaltzaingoen gaineko sententziak herritarren eskubide urraketak betikotzeko arriskua dakar

Gasteizko Administrazioarekiko Auzien 2. Epaitegiak EAEko udaltzaingoen lan-poltsetan B2 hizkuntza-eskakizuna egiaztatu behar izatearen aurka ebatzi du. Behatokiak salatu du Gasteizko Epaitegiaren sententziak herritarren eskubideen kaltetan eta ondorioz zerbitzuaren kalitatean eragingo duela.

Izan ere, lan-poltsan dauden hautagaiek edozein postu betetzeko gai izan behar dute, gehienetan herritarrekiko zuzeneko arreta izateaz gain, lanpostu guztiak herritarren segurtasunari lotutako lanpostuak baitira. Ondorioz, uneoro euskarazko arreta bermatzeko gaituta egon beharko lirateke, herritarren eskubideak errespetatu eta kalitatezko zerbitzua eskaini nahi badira. Baina, tamalez, herritarrari beharrezko euskarazko arreta eskaini gabe jarraitzen da, eta urtero herritarren hizkuntza hautua baldintzatzen duten ehunka kasu jasotzen ditu Behatokiak.

Lan-poltsetan hautagaiek bete beharreko baldintza minimoa B2a izateak garrantzia handia zuen zerbitzuaren betekizunak herritar guztiei berdintasunean bermatzeari begira. Baina, epaitegietan neurri hori atzera botatzea, eskubide kolektiboen kontrako neurria izateaz gaindi, egunerokotasunean udaltzaingo zein zerbitzu publikoetako bestelako alorretan dauden hutsuneak ez gainditzeari begirako erabakia da. Lan-poltsa horietan sartzeko beharrezkoak diren beste baldintza batzuk auzitan jartzen ez diren bitartean, euskararen kasuan behin eta berriz epaitegietara eramaten dute neurri oro.

Aurtengo udan ere, B2a nahitaezkoa ez zen aurreko urteetako lan-poltsetako udaltzaingoak izan dira lanean, eta ondorioz, udaltzainen behar handiena izaten den garaian, hainbat udaletan euskaraz artatzeko gai ez ziren udaltzaingoak kontratatu dira. Donostiako Udalaren kasuan adibidez, aurten ere, Udaletik hizkuntza eskakizuna egiaztatuta zuten hautagaiak eskatu arren, Arkautetik eskakizun hori ez zuten lan-poltsetako hautagaiak eskaini zizkieten, zerrendetan euskararen gutxieneko ezagutza zuen hautagairik geratzen ez zela argudiatuaz. Horrelakoak ekiditeko, beharrezkoa da lan-poltsa berrietan hautagai denek lanerako beharrezko euskararen gutxieneko ezagutza egiaztatuta dutela bermatzea.

Bestalde, lan-poltsez harago, neurri zehatzak hartu behar dira lanpostu finkoen deialdietan. Izan ere, oraindik orain, euskararen ezagutza egiaztatzeko derrigortasun datak iraungi gabe dituzten lanpostuen deialdiak ateratzen dira. Ondorioz, lanpostu finkoen kasuan ere, euskarazko arreta bermatzeko gaitasunik ez duten hautagaiak sartzen dira, herritarren eskubide urraketak betikotuz.

Udaltzaingoen gaineko sententziak herritarren eskubide urraketak betikotzeko arriskua dakar

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.