Hezkuntzaren lege-aurreproiektua: Berdintasunaren bidegabekeria

Hezkuntzaren lege-aurreproiektua: Berdintasunaren bidegabekeria –

Hezkuntzaren lege-aurreproiektua: Berdintasunaren bidegabekeria

Ez dago bidegabekeria handiagorik desberdina dena, bestelakoa dena, berdin kontsideratzea baino, eta egia bada bakoitzari eman behar zaiola bere beharren arabera, ezin dira berdintasun-baldintzetan tratatu gure eskola-sistema osatzen duten ikastetxeak, ikasleak eta hezkuntza-sareak (publikoa eta pribatua), beren abiapuntua, egoera soziala, ematen duten zerbitzu mota eta dituzten beharrak zeharo desberdinak direlako. Eta, hala ere, horixe da Hezkuntzaren Lege berriak egin nahi duena, berriki aurkeztutako aurreproiektuaren bidez ezagutu dugunez.

Hutsetik abiatuko bagina bezala, ikastetxeen titulartasuna (publikoak eta pribatuak), hau da, jabetza, erabakigarria ez balitz bezala, interesak eta helburuak berdinak balira bezala, aurreproiektuak sare publikoa eta sare pribatua parekatu nahi ditu finantza eta baliabide-tratamenduari dagokionez. Aitzakia: bi sareek zerbitzu publikoa eskaintzen dutela(?). Medikuntzaren arloan pentsaezina dena (Osakidetza versus aseguru pribatuak) irakaskuntzan posible egin nahi da Hezkuntzaren Euskal Zerbitzu Publikoa izeneko kontzeptu lauso berri bat sortuz. “Zerbitzu hori ikastetxe publiko eta pribatu itunduen bidez emango da” (posible al da ikastetxe pribatuak zerbitzu publikoaren parte izatea?). Hartara, dauden desberdintasunak alde batera utzita, eta arlo pribatua publikoarekin berdinduta, pribatuei %100ean finantzatu nahi zaie baldintza baten truke: doakotasuna (baldintza hori 1985etik  eskatzen die legeak (LODE) eta ez dute inoiz bete). Horrela, sare-sistema eta eskola-segregazioa gainditu nahi direla esaten da, baina hori, jakina, ez da gertatuko.

Hezkuntzaren lege-aurreproiektua: Berdintasunaren bidegabekeria

Baina bi hezkuntza-sareak ez dira berdinak; aitzitik, oso desberdinak dira ematen duten zerbitzuan, hartzen dituzten ikasleetan, egiten duten funtzio sozialean eta bilatzen duten helburuan. Eskola pribatu-itunduak merkatuko arauen arabera jokatzen du beste ikastetxe batzuekin etengabe lehiatzen ikasle gehiago erakartzeko, ordu eta zerbitzu gehiago eskaintzen saiatuz, aukeratutako ikasleak erlijioz doktrinatuz (hezkuntza-sistemaren %30), legeak ezarriko dituen helburu akademikoak (euskararen ezagutzari dagokionez) beteko ez dituzten A eta B hizkuntza-ereduak emanez, irakasleak kontratatuz deialdi publikorik egin gabe, kuotak kobratuz… Eskola publikoak, aldiz, bere atea jotzen duen guztia hartzen du, integrazioa lortzen du, gizarte-kohesioa eta bizikidetza sortu, auzo-bizitza egin, desberdintasunak konpentsatu egiten ditu, inklusiboa eta unibertsala da, jasangarriagoa, irakasleak gardentasunez eta prozedura publikoen bidez kontratatzen ditu, eta, gainera, gehien euskalduntzen duen sarea da. Doakoa da, denona eta denontzat.

Hau dena kontuan hartu gabe, bi sareak berdinak, osagarriak eta beharrezkoak direlako proposamena egiten du aurreproiektuak, eta, itunpeko irakaskuntzari (hezkuntza-sistemaren eskola-segregazioaren jatorria eta arrazoia) mugak jarri beharrean, eta sare publikoaren hazkunde progresiboaren aldeko apustua egin beharrean (hegemonikoa bihurtu arte), berdintasunezko sareari, hezkuntzako zerbitzu publiko bakarrari, gehien behar duen sareari bere azpiegiturak hobetzen inbertitu beharrean eta plantilla handitu eta baliabideak eman beharrean, guzti hori egin beharrean, baliokidetzat hartuko ditu eta handitu egingo du irakaskuntza pribatuaren finantzazioa.

Baina hezkuntzarako eskubidea ezin da ekimen pribatuaren menpe utzi. Esperientziak egunero erakusten du sare pribatuak ez duela inoiz araudia betetzen, eta ez diela inoiz uko egingo bere interes propioei, ekonomikoak, ideologikoak edo bestelakoak izan. Aurreproiektu honek doakotasunari eta ikasleen diskriminazio ezari buruz proposatzen dituen aipamenak gaur egun indarrean dagoen legedian jasota daude, modu zehatzagoan eta asertiboagoan. Egoera berdinetan arazo berberetarako neurri berak aplikatzeak emaitza desberdinak ekarriko dituela esatea ez da inozokerian jaustea, gezurra esatea baizik.

Ez dugu hezkuntza-lege berririk behar, denak orain arte bezala jarrai dezan (edo are larriagotu dadin), ikastetxea aukeratzeko askatasun faltsu batean oinarritutako (familien zati batek baino ezin du hori gauzatu) egungo hezkuntza-sistema duala eta eskola-segregazioaren sortzailea sendotzeko, ikasleak hautatzen jarraituko duen irakaskuntza pribatuaren finantzazioa blindatzeko, bizikidetza eragozten duten ghettoak sortzeko, egoera diskriminatzaile, desorekatu eta bidegabe bat betikotzeko, eskola publikoari izaera asistentziala emanez. Ezberdinak direnak berdinak balira bezala tratatzeak desberdintasun gehiago, eskola-segregazio handiagoa eta gizarte-bazterketa baino ezin ditu ekarri. Badirudi lege berri honek sortu nahi duela, hezkuntzaren arloan, zerbitzu publikoak eraisten jarraitzeko eszenatokia, oraingoan, eskola publikoarena. 

.

Maribel LÓPEZ DE LUZURIAGA

José Manuel MARTÍNEZ

Euskal Eskola Publikoaren aldeko Plataformako kideak

Hezkuntzaren lege-aurreproiektua Hezkuntzaren lege-aurreproiektua

6 pentsamendu “Hezkuntzaren lege-aurreproiektua: Berdintasunaren bidegabekeria”-ri buruz

  • Sare pribatu itundua hain txarra eta gaiztoa bada (artikuluaren arabera ez du ezaugarri positibo bat ere), eta sare publikoa hain ona baldin bada (artikuluaren arabera ezaugarri positiboak baino ez ditu), zergatik eskola publikoetako hainbat irakasleren seme-alabak eskola pribatu itunduetara joaten dira? Eta gurasoek ez dituzte ateratzen!

  • Argi dago, ez? Hezkuntza publikoa ez dutelako behar den bezala zaintzen.

  • Lotsagarria da gertatzen ari dena eta lege honek ekarri dezakeena. Estatu laiko batean, entitate pribatu batzuen biziraupena guztion diruarekin bermatzea (titulartasun pribatua errespetatuz). Eta hori gutxi ez balitz, oraindik ere, sexu-segregazioan oinarritzen diren eskolak “presupuesto extraordinario” bitartez finantziatzen ari dira gure agintari maiteak.

    Nik ez diot itunpeko ikastetxeak txarrak edo gaiztoak direnik. Baina ezin daiteke ulertu inundik inora diru publikoarekin 100%arekin finantziatu behar direnik. Honek, zuzenean euskal eskola publikoa indargabetzen baitu. Errealitatean berau baita, herrian dagoen aniztasun haundiena xurgatu eta behar berezi gehiago dituna. Hori dela eta, baliabide gehiago beharko lituzke gainkarga horiei erantzuteko.

    Itunpeko sarean eta eskola publikoan lan egin dudan/nabilen irakasle bat naiz. Bi sareetan daude irakasle eskasak, onak eta bikainak. Baina gestioari dagokionez eta nire esperientzian oinarrituta, itunpeko ikastetxe batean legez eman ezin nituen irakasgaiak emandakoa naiz eta milaka trampa egiten direla ikusitakoa (administrazioaren aurrean) Beraz, nik argi daukat nire hautua eta nire alaba doan eskolarena ere. Ondo izan

  • Soilik bi kontu, Aitor. Espainia ez da estatu laikoa, akonfesionala da, ea behingoz ikasten dugun zertan ari garen eta bata ala bestea izateak zer dakarren. Aski da entzuten eta idazten diren ergelkeriekin. Eta bigarrena: irakaslea zarenez gero, ez duzu behin ere pentsatu alfabetatzeaz?

  • Baten batek esaten zuen bezala, musulmanek eta ebangelistek eskola kristaua nahiago publikoa baino, eta etorkinek oro har, azken batean doakoa da eta. Baina eskola publiko ez dakit zer horiek botijo bat, suia baino espainolagoak dira.

  • Lontxo, hori egiten dutenek (umeak eskola publikoan dituzten asko eta asko baitaude) zergatik egiten duten galdetzen duzu.
    Erantzunak askotarikoak izan daitezke. Hona hemen ideia batzuk (zuk aukeratu):
    1) irakasle ez diren gurasoen kasuan bezala, klasismoa.
    2) zuzenean jakitun izatea hezkuntza publikoa hondatzen ari direla, besteak beste itunpekoen mesedetan xahutzen delako pila bat diru publiko.
    3) Badakitelako, esperientziaz, eskola pribatuetan nota hobeak jarri ohi direla, eta umeak oso gora egin behar du arrakasta edukatibo eta laboralean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude