Guantanamera gabeko Guantanamon
Guantanamera gabeko Guantanamon egotea egokitu zaie batzuei. Laranjak bihurtu dira Euskal Herriko harresiak; laranja kolorez jantzirik daude Guantanamoko harresien atzean daudenak.
Duela gutxi egon ginen hizketan lagunartean Guantamoko base militarraz; Ameriketako Estatu Batuen esku jarraitzen du oraindik ere, jakingo duzuen bezala. Kubako gobernuak beti zabaldu du oso mezu garbia: yanki go home! AEBek irlaren burujabetzari eraso egiteko daukaten tresna bat dela salatu dute beti, eta tropa arrotzak kanporatuak izan behar direla bai ala bai. Baina beste batzuentzat amu moduko bat izan da, probokazio konstante bat. Guantanamoko basea ez da inoiz gotorleku garaitezin bat izan Kubako armadarentzat, nahi izanez gero lasai asko har zezaketen. Baina horrek bidea zabalik utziko lioke yankiari irla inbaditzeko. Hots: Kuba inbadituz gero, Guantanamoko base osoa suntsitua litzate, eta hori ez zen onargarria gobernu estatubatuarrarentzat; bestalde, baserik gabe, Kubak karta hori galduko zuen. Konstante historiko bat da, AEB beti sartu da gerretan erasotua izan ondoren (gehienetan). Gaixoak.
Gulagak zutik dirau. 107 gizonek jarraitzen dute bertan, eta horietatik 48 absolbituta daude aspalditik, euren kontrako froga falta dela eta. Asko ez ziren une egokian jaio, asko ez ziren toki aproposenean etorri mundura. Munduko armada boteretsuena bere etxe aldamenetik pasa zenean, han zeuden. Gehienak ez ziren gerrara joan, gerrak jo zien etxeko atea. Abu Ghraibeko zuzenbideak eraman zituen etxetik milaka kilometrora.
Tariq Ba Odah yemendarrak libre behar zuen dagoenekoz; hamalau urte daramatza giltzapetuta oso kondizio gogorretan. Gose grebaz gose greba aritu da, eta jasotako babesak ez du ase. Halabeharrez elikatzen dute egunean bi aldiz. Tariquek 33,5kg inguru ditu egun, eta itzaltzen ari da
Obamak Guantanamoko infernu hura ixteko agindua eman zuen. Baina badirudi ahaztu dela, edo errepublikarrek kontrolatzen duten Kongresuak saiakera oro zangotrabatzen diola, edo Pentagonoak ez dituela bere komandante nagusiaren aginduak bete nahi. Andy Worthington kazetariak webgune hau sortu zuen, ordulari batekin. Obamak bere promesa eman zuenetik gaurdaino igarotako denbora agertzen da.
Hau idazten amaitzekotan nagoen unean: 1319 egun, 17 ordu, 11 minutu, 54 segundu.
P.D.- Felipe Gonzalezek dio Venezuelako espetxeak okerragoak direla, prefosta.
Guantanamera gabeko Guantanamon