Denbora banaketa

Denbora banaketa

Denbora banaketaz hitz egingo dut; ez egunarena, urtearena baizik.

Duela urte batzuk jira eta bira ibili nintzen Hego Amerikan zehar lagun batekin. Argentina zeharkatu genuen motxila bizkarrean hartuta, eta tamalez, autobusez; inork ez zigun hartzen autostop egiten, eta blablacar asmatu gabe. Mendebalderanzko bidean, Cordoban geratu ginen. Bertan ostatu eman zigun lagun batek Uritorco izeneko mendikate batera joatea gomendatu zigun egun batzuetarako (nik uste bere hozkailua husten ari ginelako).

denboraIritsi ginen Uritorcora (autobusez), eta bidean mendi horren inguruko hainbat histori kontatu zizkiguten. Sekta pila batentzako mendi sakratua da, izpirituen bazkatoki eta objektu hegalari ezezagunen pausaleku. Ziotenez, astebete lehenago jendetza bildu zen mendi hartan, 10.000 lagun inguru, eta sekulako segurtasun neurriak jarri behar izan zituzten, sektetako jendeak mendi horretan bere buruaz beste egiteko ohitura txarra baitauka. Apaiz edo antzeko guru izpiritual euskaldun batek hartu omen zuen hitza jendearen aurrean. Munilla? Nik ez nuke zalantzan jarriko tipoa OHE batetik jaitsitakoa denik.

Bai, zera! Guk ez dugu kaka horietan sinesten, baina badaezpada ez genuen gaua basoan pasa nahi. Izan ere, ibilian denbora eta distantzia kalkulu okerra egin genuen, eta azkenerako, korrika txikian gindoazen herrixka batera ilundu aurretik iristeko.

Bat-batean, izpiritu moduko bat agertu zitzaigun. Gizon ilehori altu bat, sekulako tximekin, zaldi baten gainean; ikaragarria. Ea norabide onean gindoazen galdetu genion; eta berak baietz, baina beharbada ez zigula astirik emango, eta nahi izanez gero, bere etxera gonbidatuko gintuela. Etxera? Baietz, gune kolektibo batean bizi zela basoaren erdian.

Kito! Flipatu horietakoak izango zirela pentsatu genuen…

Ba ez (uste dut). Erretiro izpiritualerako auzune bat zen, errekaren ondoan egurrezko txabolez osatua; erretiroa zertarako? Denboraz patxadarekin hitz egiteko.

Gure urtea egutegi gregorianoaren arabera dago banatua. Hots, XVI.mendean sortutako egutegi proposamen batetik abiatutakoa, garaiko Gregorio aita santuaren oniritziz. Uritorcoko lagunek ziotenez, egutegi hori fartsa hutsa da. Jatorrizko herriek urtea ilargi zikloen arabera banatzen omen zuten: ilargi ziklo batek 28 egun inguru dauzka, beraz, urtean 13 ziklo. Hori omen da banaketa egokia, eta horrela ez zen urte bisiestoa bezalako akatsik egongo (aurten tokatzen zaigu). Funtsean, hori baita, kalkulu akats bat. Uritorcoko tenporizadoreen arabera, ilargiaren zikloek elementu askorekin daukate harremana: itsasoa, hilerokoa, haurdunaldia, nekazaritza…

Hori oinarritzat hartuta, munduaren inguruko kritika egin eta euren kosmos-bisioa aurkeztu ziguten.

Uritorcon adoktrinatua izan ote nintzen neu ere?

Denbora banaketa
banaketa, denbora, egutegia, Ganbelai, Pakito, uritorco

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude