Genozidioa Donbassen

Genozidioa Donbassen –

Artikulu hau duela hamar hilabete idatzi nuen. Baina gaur Maidanen garaipenaren hamargarren urteurrena betetzen denez, interesgarria iruditu zait guda honen nondik norakoak gogora ekartzea.

Genozidioa Donbassen
Argazkian, Ukrainako armadak Luhansken 2014-06-18an egindako bonbardaketaren ondorioz hildako zibilak

INFORMAZIA LORTZEKO ZAILTASUNAK

Errusiak “operazio militar berezia” 2022-02-24an abian jarri zuenean kalitatezko informazioa nahi zuena galduta ibili zen hura bilatzen. Hemengo komunikabideek Ukrainaren ikuspuntutik soilik ematen zuten informazioa. Hori gutxi balitz, debekatu egin zuten Rusia Today, Sputnik eta gainerako komunikabide errusiarren difusioa. Gauzak honela, Europar Batasuneko agintariek baimentzen dituzten albisteak bakarrik eskura genitzake gaur ere. Ondorioz, Ukrainako ekialdea jasaten ari den genozidioari buruzko informazioa ezkutuan geratzen da.

Garai batean Euskal Herriko komunikabideek jarrera positiboagoa izaten zuten halako tragedien inguruan, baina honetan zoritxarrez nekez aurkituko dugu desberdintasunik Estatuko gainerakoekin alderatuta. Sare sozialetan murgiltzea beste aukerarik ez zaigu geratzen; jende asko Telegram izeneko sareaz baliatzen da geroztik informazio fidagarria jasotzeko. Halaber, Miguel Ruiz Calvoren Youtubeko kanala eta Negocios TV ere oso aukera interesgarriak dira. EHUko irakaslea den Adrian Zelaia durangarraren azterketak ere oso baliotsuak dira.

ISILEAN GORDETAKO GENOZIDIOA DONBASSEN

Informazio freskoa jasotzen hasi orduko gauza batek emanen dizu arreta: Ukrainako Gobernua Ukraina bertakoa den Donbass eskualdea (bere baitan Luhansk eta Donetsk eskualdeak hartzen dituena) egunero ari dela bonbardatzen, maiz hildako zibilak eraginez. Ospitaleak, eskolak, parkeak edota elizak ez dira libratzen. Ezta herritarrez betetako azokak, lanera doazen edo lanetik heldu diren langileak garraiatzen dituzten autobusak, taxiak, gainerako autoak edota kalean paseoan dabiltzan oinezkoak ere. Aukeratu duten helburura misilak zuzen-zuzen irits daitezen NATOko aditu militarren laguntza jasotzen dutela esan beharra da ere. Baina, nola demontre liteke Gobernu batek bere herritarrak bonbardatzea?

AMERIKAKO ESTATU BATUEN PLANGINTZA

Sobiet Batasuna desegin zenetik AEBen helburua Errusiar Federazioa sakabanatzea izan da, SESB sakabanatu zen moduan. Helburura gerturatzeko, NATO urte hauetan Sobiet Batasunetik atera ziren herrialde guztietan joan da base militarrak kokatzen, nahiz II. Mundu Gerra amaitzean hori ez zutela eginen ziurtatu. Zertarako, noizbait Errusiari erasotzeko ez bada?

2013an, eraso horretarako Ukrainan baldintza egokiak bazirela hausnartuta, AEBek aurrerapauso bat eman zuten “Euromaidan” bezala ezagutzen dena diseinatu, finantzatu eta aktibatuz.

Oinarria ordurako oso indartuta zeuden talde naziak izan ziren. Beren ekintza sonatuena 2014an Odesako sindikatuen etxeari su ematea izan zen, barruan beren bortizkeriatik ihesi joan zen ukrainar “errusiazale” asko barruan zela. Atera zirenei tiroz eta kolpez ekin zieten. Dozenaka lagun hil zuten, horietako asko etxe barruan kiskalita. Legezko presidentea Yanukovich boteretik kendu zuten, Poroshenko ipini eta honek errusierari ofizialtasuna ezabatzea erabaki zuen, besteak beste. Orduantxe piztu zen gaur arte ezin bortitzago iraun duen sua. Ukrainar “errusiazaleek” protestak antolatu zituzten. Lehen unean Krimean izan ziren bizienak eta Krimeako biztanleek erreferenduma prestatu, independentzia aldarrikatu eta Errusiarekin bat egitea erabaki zuten. 2014ko martxoa zen. Urte bereko maiatzean, aurrez Krimeak egin zuen bezala erreferendumak antolatu ondoren, Luhansk eta Donetskeko eskualdeek ere errepublikak aldarrikatu eta Errusiarekin bat egiteko erabakia hartu zuten.

NAZISMOA UKRAINAN

Mugimendu hauek gertatu bezain azkar hasi ziren egun oraindik amaitu ez diren bonbardaketak gauzatzen. Poroshenkok abian jarri zuen genozidio politikari Zelenski hurrengo presidenteak jarraipena eman zion eta honela iritsi gara gaurko egunera. 2013tik hona Ukraina era guztietako ezaugarri naziz hornitu da, Hitlerren kolaboratzailea izan zen Stepan Bandera nazia lider nagusitzat dutelarik. Banderetan, tankeetan, autoetan, bularrean nahiz bizkarrean edota besoetan, nonahi aurkituko dituzu ezaugarri naziak. Harro erakusten dituzte.

Baina nazismoa ez da fenomeno berria Ukrainan. Adibide gisa, 1943an Ukrainako Volinia eskualdean, ukrainarrek 35.000-60.000 poloniar hil zuten. Ukrainako beste inguruetan hil zituztenak gehituta 150.000tik gora kalkulatzen dute, etnia desberdinekoak izate hutsagatik, ukrainar naziek hil zituztenak.

Baina zergatik zibilak egunero hil behar hau gaur egun? Batzuek esanen dizute Gobernuaren mendekua dela, “errusiazale” hauek Gobernuari bizkarra eman diotelako. Beste batzuek, herritarrei ezartzen zaien zigorra dela errusieraz mintzatzeagatik eta kultura errusiarra maite dutelako. Beste hainbatek, Errusiarekin harremanak estutu nahi dituztelako. Agian, besterik gabe, errusiar sentitzen direlako. Arrazoi horiek guztiek balio dezakete, azken batez Gobernua han egiten ari dena genozidioa delako. Informazio batzuen arabera, 2014tik 2022ra bitartean, hamar milatik gora dira armada ukrainarrak hildako zibilak. Nekez jakinen dugu orain zenbat hildako gehiago izan den azken bi urte hauetan. Baina badakigu, ongi jakin ere, lehen maiz izaten ziren bonbardaketak orain eguneroko zerbait bihurtu direla eta hildako zibilen zerrenda luzatuz doala, amaierarik ikusten ez zaion soka luzea osatuz.

ZELENSKIREN POLITIKA

Europar Batasunak hasiera-hasieratik, 2014tik alegia, Zelenskiren politika babesteko erabakia hartu zuen eta horretan segitzen du gaur ere. Inoiz armada batek bere esku eduki ez dituen obus, blindatu, tanke, hegazkin, aholkulari, aditu, ikastaro eta gainerako arma kopurua ematen ari gatzaizkio etengabe Zelenski aseezinari Europar Batasunetik. Eta gainerako gastuetarako, hemengo herritarren bizimodua hobetzeko beharrezkoak diren ehunka mila euro ere. Bitartean, ze politika ari da egiten presidente hau hain laguntza erraldoiren truke? Lehenik, aipatua dugun Donbassko genozidioa azpimarratu beharko dugu berriz ere. Genozidioa delako Gobernuak Ukrainaren ekialdea gupidarik gabe behin eta berriz bonbardatzea, bertako herritarren heriotza nahita bilatuz. Gorrotoak eraginda, ukrainarrak ez balira bezala hartzen ditu Gobernuak Donbassko ukrainarrak.

Bere politikaren bigarren oinak kultura du helburu. Kultura errusiarraren arrasto guztiak ezabatzeko asmoz, orain eskolan eta unibertsitatean ezin da errusieraz ikasi, liburu dendetan errusieraz idatzitako liburuak ezin dira saldu eta liburutegietatik hizkuntza horretaz idatzitako liburuak erretiratu egin dituzte. Hortaz gain, ehunka urtez errotuta egon den erlijio ortodoxo errusiarraren elizak erretzen eta suntsitzen eta apaizak eta monjak atxilotzen ari direla ere azpimarratzekoa da. Hau da, errusiar kultura eta usarioekin lotura duen oro ezabatzeari ekin dio, indarrez eta bortxaz. Misilen lanaren neurri osagarriak. Genozidioaren ifrentzua.

Errusiar sentimenduekin bat egiten duten komunikabide, alderdi politiko eta sindikatuak aspaldi itxi edota legez kanpo utzi eta militante ugari gartzelaratu zituela gogoan izanik.

EUROPAR BATASUNAREN INPLIKAZIOA

Europar Batasunak badaki Zelenskiren Gobernua egunero zibilak hiltzen ari dela eta Ukrainan nazismoa indartzen. Badaki Errusiaren ekonomia kaltetzeko hartu dituzten zigor neurriek Errusiari ez baina Europako mendebaldeko herritarroi egiten digutela kalte, janaria eta energia garestituz, enpresak ixtera edo kanpora joatera behartuz, langabezia handituz, e.a. Alemaniak -EBren motorra- atzeraldi ekonomikoan erori dela aitortu berri du. Europar Batasunean inflazioak gora egin du. Eta, kuriosoena, Errusia inoiz baino petrolio eta gas gehiago saltzen ari da mundu osoan barna eta bere ekonomia bizkortzen ari da.

Hortaz gain, egun hauetan EB osoan zergak igo behar dizkigutela esan berri digute eta hezkuntzarako eta osasungintzarako dirua murriztu egin behar dutela, Zelenskiren Gobernuari milaka milioi euro gehiago bidali behar zaiolako. Gure agintari politikoek Europako mendebaldea Amerikako Estatu Batuen morroi bihurtu dute, EBko ekonomia etorkizunik gabe uzten ari dira eta familiak gero eta behartsuago. Nord Stream gas hodien leherketak Europar Batasunaren autonomia politikoa zapuzteko balio izan du eta itxaropenerako ateak itxita geratu zaizkigu.

MINSKEKO HITZARMENARI BOIKOTA

Gertatzen ari diren milaka hildakoak ekidin izan zitezkeen Bielorrusiako Minsk hirian sinatu ziren hitzarmenak errespetatuak izan balira. 2014 eta 2015ean adostu ziren, sinatzaileak Errusia, Ukraina, Europako mendebaldea eta Luhansk eta Donetskeko Errepubliketako ordezkariak izan zirelarik. Akordioaren puntu garrantzitsuenak hauek izan ziren:

  • Bi aldeek berehala su etena iragarriko zuten.
  • Europako mendebaldeak bi aldeek hitzarmena errespetatuko zutela bermatuko zuen.
  • Ukrainako Gobernuak Luhansk eta Donetski estatus juridiko-politiko berezia onartuko zien.
  • Lekuko hauteskundeak antolatuko ziren, aipatu bi Errepubliketan tokiko Gobernuak osa zitzaten.
  • Donbasserako programa berezi bat aktibatuko zen, ingurua berreraiki eta ekonomikoki suspertzeko.

Hitzarmena bete eta errespetatu zuten bakarrak Luhansk, Donetsk eta Errusia izan ziren. Prozesuan aktiboki parte hartu zuen Alemaniako burua Angela Merkelek 2.022ko abenduan mundu osora hedatu zuen Minskeko prozesua Ukrainako armada indartzeko taktika besterik ez zela izan eta sinatutakoa inoiz ez zutela betetzeko asmorik izan. Egun batzuk beranduago, Boris Johnson Britainia Handiko lehen ministroa eta François Holland Frantziako presidenteak mezu bera errepikatu zuten. Ondorioz, NATOk zortzi urteko tartea izan zuen Ukrainako armadari era guztietako armamentu modernoa emateko eta erabiltzen trebatzeko, Europako mendebaldeko armada indartsuena osatuz. Beste modu batera esanda, NATO-AEB-EB hirukoak ziria sartu zien Errusia, Luhansk eta Donetski.

Azken hitzarmena 2022ko martxoan lotu zen, Turkian, Erdogan presidenteak Ukraina eta Errusiako ordezkariek agiri bat sina zezaten lortu zuelarik. Boris Johnsonek Kievera egin zuen bidaia batekin batera gelditu zen prozesua, Zelenski gudari berriz ekiteko konbentzitu zuelarik.

MUNDU MULTIPOLARRA ABIAN

Lehen aipatu dugu AEB eta NATOren aspaldiko helburua dela Errusiar Federazioa sakabanatzea, 1991ean Sobiet Batasuna hautsi zen modu berean. Ondoren, Txinaren txanda etorriko litzateke. Bere biziraupena arriskutan zela ikusita, Errusiak bi erabaki hartu zuen 2.022an: Minskeko prozesu faltsuari amaiera eman “operazio militar berezia” aktibatuz eta Txinarekin eta mundu osoko herrialde askorekin hitzarmen berriak sinatu, mundu multipolarrari bide berriak zabalduz.

Hitzarmen hauen helburua Amerikako EEBBei planeta osoan bere arauak inposatzeko bidea oztopatzea da -Afganistan, Irak, Siria, Libia, Yemen, Jugoslavia, Panama, Nikaragua … bezalakoak errepika ez daitezen- eta herrialdeen arteko harremanak, mehatxuetan eta zigorretan oinarritu beharrean, alde guztientzat onuragarriak izanen diren hitzarmen ekonomikoak eginez eraikitzea. Dagoeneko lehen urratsa emana da: BRICS (Brasil-Errusia-India-Txina-Hegoafrika) sortu dute, desdolarizazioa arma nagusitzat dutelarik. Gaur egun dagoeneko 29 herrialdek eskaera bideratua dute elkargo horretako partaide izateko eta beste hainbat eskaera prestatzen ari dira. Mundu multipolarra abian da. Aldaketa handiak heldu dira eta… Europa beste aldera begira.

Genozidioa Donbassen

https://blogak.eus/euskal-herritik

Irakasle erretiratua. Nafarroa Garaia.

14 pentsamendu “Genozidioa Donbassen”-ri buruz

  • Vidal-Quadras 2024-02-23 17:12

    Eta genozidioa Tabarnian…

  • Euskaldun bat unionismo inperialista defenditzen! Hamaika ikusteko jaioak!
    Bakarrik falta zaizu esatea: “Nafarroako ErrIbera ez da Euskal Herria han ez baita sekulan euskaraz hiz egin”.

  • Mikel Haranburu 2024-02-24 01:44

    Tar, tar, tar. Errusiak hiru egunetan amaiarazi nahi zuen “Donbasseko genozidioa”, eta horretarako bi urte bete duen gerran sartu zen, “bere” lurraldeak birrinduz, Kiev (baina esatariek baita London eta Lisboa ere) mehatxatuz, eta “genozidioa” amaiarazteko, Errusiar Federazioko hainbat tokitako (bai eta Nepalgo, Kubako, Mongolia inguruko) soldadoak eta merzenarioak kanoi-haragi gisa bidaliz, Moskovitak izan ezik. Bestelakoak ere baliatuz, hala nola Prigozhinen Wagnertar mutilak eta kartzeletako hilgarriak. Sarraskiak egin ditu Donbassen bertan, hala nola Mariupol suntsitu, Zaporizhia ere bonbaz erein, Khersongo uharka leherrarazi. Laurehun mila inguru bizi sakrifikatu ditu Putinek bere gurutzadan, “naziak nazien” aurka???

  • Mikel Haranburu 2024-02-24 01:48

    Eztabaida zaharra berri… ez al zen, bada NATOren hurbiltzea sakoneko arazoa, ala “genozidioa” ote da benetako zioa? Alabaina, Donbassen gertatzen omen zena kari, zertarako 65 kilometroko zutabe armatua Kiev aldean?
    Georgian ere 2008an, genozidioa ote? Ala, Errusiar kolono probokatzaileak borrokatzea da genozidioa?

  • Sabino, aurreiritzi horiekin sekula ez duk errealitatea ongi ulertuko. Sar hadi blog honetan (https://blogak.eus/euskal-herritik) eta ohartuko haiz hire okerraz.

  • Mikel, datu garrantzitsu bati ez diok erreparatu nonbait. 2022ko martxoan, hau da, operazio militar berezia hasi eta hilabetera, Turkian Errusia eta Ukrainaren ordezkariek guda amaitzen zuen hitzarmena sinatu zuten. Biharamunean, NATOren ordezkari gisa joan zen Boris Johnson britainiarrak gudari berriz ekiteko agindua eman zion Zelenskiri. OMBaren helburu bakarra hitzarmen hori lortzea zen, Putinen interes bakarra Ukraina NATOn ez sartzea izan baita beti.

  • Beraz, Zelenskyk gerra aurrera eraman zuen Boris Johnsonek behartu zuelako. Arranopola!
    Barka atrebentzia Joan Mari, baina baita ere covid txertoaren aurkakoa bazara? Erantzuna ezetz bada, barkamena eskatzen diuzt enkasillatzeagatik profil jakin batean.

  • Joan Mari Beloki Kortexarena 2024-02-24 09:40

    Sabino, “behartu” esan nuen lekuan “konbentzitu” jarri. Hori datua duk, ez iritzia. Negoziazio horietan Zelenskiren izenean parte hartu zuen Arajamia ukrainarrak publikoki esana du. Covida dela eta, hiru txerto ditut hartuta. Laugarrena hartzeari uko egin nion. Erriberan euskaraz dezente hitz egiten zen garai batean.

  • Mikel Haranburu 2024-02-24 14:55

    “Guda amaitzen zuen hitzarmena”. Ordea, guda ez zen amaitu, eta Errusiak salbaikeriak egiten jarraitu zuen, eta Ukrainarrek kanporatzen saiatu. Nork bere baldintzak jarriko zituen, eta badirudi Errusiarena lurraldeak harrapatzea dela. Datu garrantzitsua izanagatik ere, biek jarraitu zuten borrokan, eta gaur arte. Datu gehiago ere izan dira: Ukraina ez da NATON sartu, nahiz eta egokierarik onena zuen NATOk berak hartzeko, gerra aitzakia, eta neutral ziren bestetzuk, aldiz, NATOn sartu dira, mehatxua sentitzen dutelako. NATOk ez dio Ukrainari utzi Errusiaren lurraldearen barnean erasotzen, emandako armez; Ukrainak, bere ekoizpeneko armak, droneak eta beste, baliatu ditu Errusiaren lurraldean erasotzeko. Datu gehiago: Krimea harrapatua zuen Errusiak 2014tik; ziur nago hitzarmenean ez zela sartzen Krimea Ukrainari itzultzea. Moldavian dagoen Transnistrian Errusiarrak daude; Moldavia NATOn sartzeko beldurrik ez du, antza. Eta ziuraski Transnistria bere eskutik uztea ere ez zen aurreikusten, Transnistrian bertan, nik dakidala, Errusian sartzeko erreferendumik egin ez baitzuen. Eta Moldaviak ere mehatxua sentitzen du; Estoniak ere bai, berriki agintariak harrapatzeko agindua emanik Putinek. Berdin inguruan dauden herrialdeak. Honek guztiak ez du zer ikusirik Maidan, estatu kolpe, nazismoarekin. Baina Errusia hortxe ageri zaigu, behin eta berriz.

  • Inolako dudarik gabe Ukrainia Errusia da. Mugako herrialdea erran nahi du errusieraz. Nafarroa Euskal Herria da, bai ala ez? Hori dugu Ukrainia. Rus, lehenengoa, Suediako bikingoek sortu zuten lehendabiziko Rus, Kieveko Rus. Ondoren, laburbilduz, AEB, Europa, Naziak, Bandera eta, Juduak. Odesa Errusia izanen da, ezinbestean..

  • Mikel Haranburu 2024-02-25 21:26

    Oso konbentzituta zaude; badirudi, ordea, Moskoviak ez dituela Ukrainarrak oso konbentzitzen, eta denbora pasa ahala, are eta gutxiago…
    Alabaina, Suediak sortu bazuen… agian Errusia Suedia ere bada, eta Suedia Odesaraino…

  • Krimea Nikitak, ukraniarra bera, opari eman zion Ukraniari, baina jendea errusiarra zen, eta ez aipatu tartiarrak, horiek nafarrak eta goardia zibilak parekatzea da eta.

  • Hau da hau zabor inperilista!!! Putinen propaganda guztia sinisten duk, penagarria. Borroka daitezela inperioak haien artean eta utz gaitzatela gainerako guztiak (Ukraina, Txetxenia, Kurdistan…) bakean. Eta hik, nahi baduk, segi ezak gezur gehien sinesten dioan inperioaren alde, hire bizia, beste kaiku batzuren esku galtzera.

  • Joan Mari Beloki Kortexarena 2024-03-04 19:38

    Ez al da izanen, MIE, hik propaganda yanki guztia irentsi duala eta betaurreko horiek ez diatela errealitatea ikusten uzten?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude