«Gu, gaurko euskaldunok»

«Gu, gaurko euskaldunok» –

Iragan igandean, otsailaren 18an, itzuli ziren diputatu nafarrak Madriletik trenez, eta 1894 hartako eguna benetako jai, ospakizun eta mobilizazio herritarra bihurtu zen Castejonen bertan. Castejonetik Iruñerako trenaren ibilbide osoan txaloaldi bikaina jaso zuten diputatuek eta poz-algara nabarmena zen.

«Gu, gaurko euskaldunok»

Aurreko urteko udaberrian, 1893ko maiatzaren 10ean, aurkeztu zuen aurrekontu-proiektua Germán Gamazok, Mateo Sagastaren gobernuko finantza ministroak. Lege horren 17. artikuluaren arabera, gobernuak «Nafarroako lurralde historikoari aplikatuko lizkioke gaur egun gainontzeko lurralde historikoetan aplikatzen diren errentak eta zergak…».

Maiatzaren 16an, Nafarroako kontseiluak ezohiko bilkura deitu zuen eta diputatuek, aho batez, adostu egin zuten dokumentu bat idaztea, non auzitegiei eskatu zieten, «Nafarroaren eskubide eztabaidaezinak babestuz», proiektuaren 17. artikuluko lehen paragrafo hura kentzea, 1841eko abuztuko legeak bermatutako zerga salbuespenak indargabetzen baitzituen Gamazok aurkeztutako legegaiak.

Alberto Larrondo alkate zela, maiatzaren 18an, Iruñeko Udalak, aho batez ere, Gamazoren legetasmoa kentzeko eskaera egin zuen.

Madrilen, Nafarroako ordezkariek, Javier Los Arcos diputatu kontserbadoreak ordezkatuta, euren jarrera aurkeztu zuten udalaren eta herritarren izenean, gobernuak lege proiektua erretiratu zezan.

Maiatzaren 19tik 29ra bitartean, zergak eta Nafarroako eta, hedaduraz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako eskubide historikoei buruzko eztabaida egin zen. Hilaren 23an Gamazorekin bildu ziren Nafarroako ordezkariak, baina hark ez zuen amore eman. Maiatzaren 29an, Los Arcosek eztabaida luzea izan zuen Venancio González Madrilgo Barne ministroarekin. Diputatuen eta gobernuaren iritzien kontrastea oso interesgarria izan zen. Gonzalez ministroaren iritziz, estatu zentralizatu batean, probintzia batek ez zuen inolako eskumenik haren kabuz estatuarekin adostutako lege bat aldatzeko; aldiz, gobernuak edozein lege erabat indargabetzea edo aldatzea eska ziezaiokeen gorteetan. Gonzalezen aburuz, Madrilgo gorteek 1841eko legea aldatu eta indargabetu ere egin zezaketen, «bestela erregimen konstituzionalean salbuespena ezarriko luke kasuak». Los Arcosek, ordea, defendatu zuen 1841eko abuztuko legea, «itundua» deitua, Nafarroaren eta estatuaren arteko akordioa izan zela, beraz, bi aldeen adostasunarekin bakarrik alda zitekeela.

Harago joan zen Los Arcos, eta Gonzalezi gogorarazi zion Nafarroa 1841era arte erabat independentea izan zela: «Dinastia izan ezik, nafarrok eta espainolek errege bera zutela, alegia, ez genuen ezer komunean espainiar nazioarekin», ziurtatu zuen; «gure gorteak genituen eta estatu independente batek dituen bestelako erakunde guztiak. Seme-alaba sendo ugariak genituen, baina bat-batean, 1841eko abuztuaren 16an, haur haiek guztiak heriotzara eraman zituztela konturatu ginen» [Lehen Karlistadan hildakoei erreferentzia zen berau].

Ordezkapenean, arau ahul eta dohakabea den 1841eko lege horrek diosku, ordura arte gozatu genuen guztiaren azken aztarna eta azken apurrak baino ez zigutela gordetzen utzi. Eta amaitu zuen esanaz, 1841eko legeari erreferentzian, «jatorrian bertan lege madarikatua» zela, Nafarroari independentzia kendu ziolako, hau da, legedia, erakundeak, lurraldea, ohiturak, herritartasuna eta jatorrizko zerga sistema, moneta barne, kendu zizkiolako.

Aurrekontuen legearen izapidetzeari uko egiteak, 1893ko maiatzetik 1894ko otsailera arte iraungo zuen matxinada ekarri zuen. Aho batez, nafar diputatuek eta udal guztiek euren jarreran irmo mantentzeko konpromisoa hartu zuten. Nafarroak berezko zerga-erregimenari eutsi behar zion: «Ez dago horren aurkako ezer ulertaraziko digun giza botererik, eta auzi honetan aldeko epaia lortzen badugu, arrazoimenaren indarraren ondorioa izango da, indarraren arrazoiaren kontra lortua», adierazi zuen Ziraukiko Udalak.

Udalaren eta aldundiaren deialdiari erantzunez, ekainaren 4an, manifestazio jendetsua antolatu zen Iruñean eta, Nafarroak 300.000 biztanle besterik ez zuen garaian, 20.000 lagunek parte hartu zuten. Bertan Nafarroako Ohorezko Liburua argitaratzea erabaki zen, ekainaren 28an 120.000 lagunek sinatu zutena, eta harpidetza publikoaren bitartez foruen monumentu bat altxatzea erabaki zen, 1903an amaituko zena. Gaur Sarasate pasealekuan dago, diputazio jauregiaren aurrean. «Gu, gaurko euskaldunok…». Egun hartan, udaletxeko balkoitik mintzatu zen Estanislao Aranzadi, Euskara Elkarteko kidea: «Gora Gamazo! batu gaituelako… Gamazok gehiago egin du Nafarroaren alde (Nafarroaren alde ez baitu ezer egin ere), nafar guztiak batzeko; desiorik onenetik jaiotako prediku etengabeak baino gehiago, askoz gehiago egin du Gamazok, eta gure zorigaitzen errepikapena eta etengabeko oroitzapena baino gehiago, askoz gehiago egin du Gamazok; inork aurretik ulertu ez zituen arrazoiak ulertarazi dizkigu. Gora Gamazo! Berari esker du Nafarroak gaur bere historiako egunik ederrena. Berari esker nafarrak baino ez daude gaur Nafarroan!».

Baina gertaerak ez ziren Nafarroara mugatu. Abuztuaren hasieran manifestazioa egin zen Gasteizen, eta abuztuaren 16an, San Roke egunean, protesta egin zuten Gernikan. Han entzun zen lehen aldiz «Gora Euskaria askatuta!». Abuztuaren 27an, igandea, zezenketa egunean, udal banda Donostiako Bulebarreko kioskoan jotzen ari zen, entzule talde batek Gernikako arbola jotzeko eskatu zienean. Udal bandako zuzendariak ezezkoa eman zien, programatik kanpo zegoela esanez. Erantzunak tentsioa sortu zuen, eta jendeak errieta egin zien musikariei eta manifestazio bat antolatu zen, Mateo Sagasta ostatuan zegoen Londres hotelera abiatu zena; poliziak manifestarien aurka kargatu zuen, eta sei hildako, 30 zauritu baino gehiago eta ia 60 atxilotu eragin zituen.

Istilu gehiagorik gabe itxi zen urtea, eta 1894ko urtarrilaren 30ean Madrilgo gobernuak gutun bat bidali zion diputazioari, aurrekontuen legea Nafarroan aplikatzeko administrazio-bideei buruz eztabaidatzera gonbidatuz. Diputazioak uko egin zion bilerara joateari, «foru-pasea» aplikatzen zutela adieraziz.

Otsailaren 7an, Gamazok beste errege agindu bat bidali zuen,  erregearen izenean erregeordeak sinatutakoa. Orduan diputatuek Madrilera bidaiatzea erabaki zuten, gobernuari argi adierazteko asmoz ez zutela adostuko hitzarmen ekonomiko berririk. Hala egin zuten, eta trenez itzuli ziren Iruñera, Castejonetik barrena, 1894ko otsailaren 18an, gobernuaren gehiegikerien aurrean amore ez emateko hitza beteta.

Bertan, Hermilio Olorizen esanetan, 30.000 pertsona baino gehiago bildu ziren haien zain, ehunka banderak estalitako lautada zabal batean. Arantzadik esan zuenez, jendetzak diputatuak ekartzen zituen bagoia bera altxatu ere egin zuen.

Teodoro Galartza han izan zen. Tafallako talde errepublikarrak bandera errepublikanoa eramatea enkargatu zion. Bandera karlistak nonahi zeuden, baina urrutitik bandera ezezagun bat ikusi eta jakin-minez hurbildu zitzaion bandera hura zeramanari. Zein bandera zen galdetu zion, jakingura baitzuen. Eta bandera-eramaileak alderdi politiko berri batena zela erantzun zion. Orduan nondik zetorren eta nor zen galdetu zion, eta bilbotarra zela eta Sabino Arana Goiri izena zuela erantzun zion azken horrek. Eta egun horretan Sabinorekin batera zihoazen Estanislao Aranzadik eta Daniel Irujok azaldu zioten Galartzari haiek «ez zutela forurik gabeko erregerik nahi, ez eta foruekin batera erregerik ere ez; foruak nahi zituzten, baina erregerik gabe».

Manuel Irujok gerora adierazi zuen moduan, «gertaera erabakigarria izan zen Gamazada deitua. Ordura arte, Sabino bazen pentsalaria, hitz egin eta idatzi egiten zuena, baina oraindik egunkari bat sortu gabe zegoena, edo talde-bilerak, batzarrak sortu gabea, edo politikan aritu gabea. Eta Gamazadaren eraginez sortu zen egunkaria, sortu zen Euskaldunen Batzokija, eta era publikoan ekiten hasi ziren».

Eta gure horretan jarraitzen dugu gaur. 130 urte geroago, gertaera historiko hura Castejonen gogoratzen dugunean, Iruñeko foruen monumentuak ofizialki inauguratu gabe jarraitzen du. Horrela gaude oraindik.

Gure arbasoek bezala, erregerik gabeko Euskal Herri askea nahi dugulako, hori lortu arte horren alde ekin behar diogu.

«Gu, gaurko euskaldunok» «Gu, gaurko euskaldunok» «Gu, gaurko euskaldunok» «Gu, gaurko euskaldunok» «Gu, gaurko euskaldunok» «Gu, gaurko euskaldunok» «Gu, gaurko euskaldunok»

Renoko (AEB) Euskal Ikerguneko zuzendaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude