Garagardo azokarik handiena
Garagardoa barra-barra. Hori izaten da Euskal Herriko hamaika bazterretan egiten dituzten Garagardo Azoketan. Horiek guztiak ttiki-ttikiak dira Munichen (Alemania) egiten dutenarekin konparatuz gero. Oktoberfest handiarekin konparatuz gero. Jaialdiaren hasiera oso ikusgarria izaten da. Garagardo etxeek desfile modukoa egiten dute Munichen barna, Theresienwiesse izeneko zabalgunearen ingurura. Bertara iritsita, alkatea izaten da garagardoa edaten lehena; orduan hasten da jaialdia era ofizialean. Une hori iritsi arte, hainbat lagun jaialdirako prestatutako txosna itxurako karpetan –garagardo etxeek nork berea jartzen dute, denera 14 bat- izaten dira, zain, freskagarriak edaten eta kartetan jolasten. Bitxia ezta?
Jakina, edanarekin batera jana ere badago: oilasko erreak eta txerri haragia. Eta noski, aurpegi ezagunik ez da falta jaialdi erraldoian, tartean hiriko futbol taldeko jokalariak. Sei milioi bisitari inguru hartzen ditu garagardo azoka ezagunenak. Aurten 200 urte beteko ditu. Topa!