Gazteok-zinemaldia, zinemaldia-gazteok

Gazteok-zinemaldia, zinemaldia-gazteok

Gazteok-zinemaldia, zinemaldia-gazteok

Agian ez dakizu zertaz ari naizen. Bada zuzendari berriei eskaintzen zaien sari berezi bat Zinemaldian. 17 eta 21 urte arteko 350 gazte izaten gara hauen opera primak balioetsi eta artistetako bati Gaztediaren Saria aitortzen diogunak.

Zinemaldiaren antolatzaileek jakin badakite Toronto, Cannes, Berlin zein Venezian inoiz egin ez den ekimena dela Gaztediaren Epaimahaia, eta, hortaz, beren aurkezpen diskurtsoa hitz politez josten dute urtero: “Zuek zarete etorkizuneko zuzendari eta gidoilariak, zuek gure zinearen etorkizuna”. Eta jarraian, gaztetan epaimahaikide izan ziren eta egun zinearen munduan arrakasta izan duten artistez aritzen zaizkigu.

Urteroko mitinaren ostean heldu zen Kursaalaren kubo txikira 2016ko Donostiako Kulturaren Hautagaitza gidatzen duen zinegotzia, eta, joan den urtean legez, berak “unkigarritzat” jo zuen bideoa erakutsi zigun eta hautagaitza iragartzen duten niki, argazki, koaderno eta gometsak oparitu, kaletik eraman ditzagun.

Laudorio eta opari artean geundela baina, aurkezpenetik hanka egiteko desira sartu zitzaidan. Urtero errepikatzen dizkiguten ohartarazpenei ekin zieten: ezin dugula zuzendari berrien pelikuletan huts egin, Julia Roberts ikustearren bada ere. Ezin dugula berandu iritsi, baina ezin garela ordaindu duten ikusleen aurretik sartu aretoetan. Funtsean, tranpa egiten badugu, (eta beraiek aurrez badakite egingo dugula) harrapatu eta akreditazioa kenduko digutela.

Diskurtso horrekin erori ziren aurreko hitz politak. Jaialdiaren eta Kulturaren Hautagaitzako marketing-aren ardatz gisa darabilten ekimenaren aurrean, kontraesankor ala eszeptikoak dira antolatzaileak beraiek, eta mesprezu osoz tratatzen gaituzte. Horrexegatik egon nintzen edozein aitzakia asmatzekotan, ez nuelako beren txontxongilo sentitu nahi, beste behin ere.

Edonola, jarri zidaten amu goxoaz gozatzen jarraitzen dut laugarren urtez, eta dena kontatu gura dizuet, bertatik bertara. Hortaz, banoa zinera. Bazatozela zu ere? begira ezazu ba, gaurko egitaraua.

Irudia | Kursaala | ezezaguna | Creative Commons By SA

kazetaria-edo