Futbolari gayak
Futbolari gayak –
Ez dakit futbolarien prentsa aurreko agerraldiak baino gauza aspergarriagorik baden. Betiko esamoldeak errepikatu eta telebistako minutuak betetzeko balio duten hitz hutsal zenbait esateaz gainera, gutxitan izaten dira interesgarriak mikrofonoen aurrean esaten dituztenak.
Behingoagatik, norbaitek ezohiko zerbait esan du kamara aurrean: “Futbolari profesionala naiz, eta gaya”. Josh Cavallo izan da, Australiako Adelaide Unitedeko erdilaria. Jende askok jo du sare sozialetara interesik gabeko hitzak direla esatera. Interesik gabeak diote, deseroso zaizkiela ez onartzeagatik.
Oso-oso gutxi dira armairutik atera diren eliteko futbolariak, eta karrera bukatzear edo bukatuta zutenean egin zuten. Izan ere, ondorioak latzak izan zitezkeen: Justin Fashanuk 1990an esan zuen gay zela, artean jokalari profesional zela, eta bizkarra eman zioten horregatik. Bere buruaz beste egin zuen, azkenean.
20 urte beranduago, Cavallok aldeko mezuak jaso ditu, baita euskal taldeen aldetik ere. Harro daudela diote gure taldeek, baina haien armairuak irekitzea bankurik aberatsenen kutxa gotorrak zabaltzea baino zailagoa dela dirudi. Eta, hala ere, gurean ere egonen da australiarraren adierazpenetan albisterik ez dela esaten duenik.
[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko urriaren 29koa]