Frankismoa beti hor
Frankismoa beti hor –
Naski, Espainiako nazio menperatuen arazoa ez da frankismoarekin hasia, askoz ere zaharragoa da, baina frankismoa deitzen dugun indar metaketa horrek zinez gogortu zuen, eta delako mugimendu politikoa ez zen Francorekin batean itzali, beti hor dago boterean. 1936ko uztailean
Espainiako jeneral gehixenak Errepublikaren aurka jaiki zirenean oligarkiak bulkaturik, eskuin osoak sustatu zituen, salbu Euskal Herriko eta Kataluniako burgesia nazional abertzaleek. Sostengu horrek bururaino iraun du Francoren diktadura denbora osoan. Gero 1976ko uztailetik, Adolfo Suarez gobernuburu gazteak, erdiko indar berri baten buruan, Estatua eraberritu zuen, demokraziarako trantsizioari bidea irekiz, autonomien itzulera barne.
Baina 1981eko otsailean, Tejero kolonelaren estatu kolpe iduriz hutseginak bere helburua funtsean lortu zuen: erdiko bidea zapuztu, autonomiak mugatu LOAPA delakoaren bitartez, eskuin gogorrari atea berriz ireki. Denborarekin Partido Popular delakoak Espainiako eskuin guziak bere baitan bildu ditu, salbu 1936an bezala Euskal Herriko eta Kataluniako erdi eskuineko indar abertzaleak.
PP hori orokorki eskuin gogorra da, oinarrian frankista. Berrogei urtez Espainia bortizki gobernatu duen sistemarekiko hausturarik ez du egin, ez du behinere kritikatu, segida bat eman dio argi eta garbi, demokraziaren autobidea hartu du bide saririk ordaindu gabe.
Guk bagenekien. Orain Kataluniaren aurka duen jarrera itsusiak egia garratza erakusten du denei, Espainiako gobernuaren aurpegi bortitza denen bistan ezarriz. Harrigarriena iduriz, erregea ere frankista hutsa dela, urriaren hiruko arratsean bere mintzaldi gogorraz erakutsi duen bezala. Baina harritu behar ote dugu? Ez dukegu ahantzia Francok berak oraikoaren aita tronuan jarri zuela, erregetza berpiztuz Errepublika erahilaren aurka.
Orainera mugatuz, erregea ezin izan da epaile, borrokan partaide sartu denaz geroz. Zer diferentzia ber kasuan gertatu diren Kanada eta Britainia Handiko gobernuen jokabideekin! Kebekek autodeterminazioko referenduma bi aldiz antolatu du konfederazioarekin adostuz. Bere aldetik Eskoziak behin egin du, Erresuma Batuaren baimenarekin.
Kebek, Eskozia, Katalunia…
Kanada demokrazian bizi da,
Britainia Handia halaber,
Espainia ez oraino…
Katalunian oso alderantzizkoa gertatzen da. Garbiki aitor dezagun: Kanada demokrazian bizi da, Britainia Handia halaber, Espainia ez oraino… Biderditan gelditua da, sabeleko gogordura batekin bezala. Hain malestruk eta baldarki jokatzea ere! Harritzekoa da Espainia ofizialak afera horretan erakutsi duen inkonpetentzia maila, ez soilik urriaren lehenean, bainan orokorki urte andana batean, Espainiaren karikatura bat marraztuz: zezenaren itxura garbia bere panpalina luzeak airean, adarra zut, sudurra txistuz, gorputz osoa tente, mugitzen ahal den ororen aurka bultan sartzeko prestik. Holako Espainia bat nolaz maita daiteke?
Pirinioen iparretik, batere hobea ez den Frantziak beste itxurarik du, andre batena: Jeanne d’Arc, de Gaulleren la Madone eta Notre-Dame la France, errepublikanoen Marianne madona laikotua… eta beraz ezin dugu hastiatu.
Hara nire ustez mugaren bi aldeetako euskaldunek gure artean dugun diferentziarik handiena: bi Estatu zapaltzaileez dugun itxura.
Espainiak zezenaz beste itxurarik baluke naski, baina noiz deabru agertu behar du? Non dago Espainiako ezker ofiziala, alderdi sozialista? Noiz arte zainduko du Francoren ixterretik sortua den Estatu erdi demokratikoa, frankisten mende utzia? Noiz ote bururaino joanen da demokraziarako bidean? Haatik bere baldarrean, baliteke Rajoyk asko egin duen Kataluniaren alde, nork daki! Dena dela, euskaldunek zer ikasia badugu katalanenganik.
…
Pertsona batzuk Espainiako ezkerrarengan itxaropena jartzen dute, hori akats handia da. Espainiako ezkerra, Espainiaren ezkerra da eta ez dute inoiz Espainia ukatuko. Despistera jokatzen dute baina gauzak serio jartzen direnean Espainia una sola y unidarekin lerrokatzen dira. Katalunian garbi ikusi da Podemos-en benetako aurpegia zein den. Dena gauza bera dira. Euskaldunok denbora galdu besterik ez dugu egiten jendaila honekin.
Franciaco Republicá ascoçaz fascistagoa da euscaldunoquico Espainiaco Monarchiá baino.
Catalunya peninsularrean guerthatu dena’ Francia peco Catalunyattoan guerthatu baliz, frances armadá sarthu liçate.
Ez dá [dea] honela, Jean Louis guciz preciatu hori?
Gainera, Frantziak bere barruko nazioak garbitzeko darabilen andre itxurako estrategia hori askozaz eraginkorragoa eta hilgarriagoa da Espainiarenak baino, eta ondorioz azken mendean frantses euskaldunek otzanago erantzun diote beren desagerrarazte planifikatuari. Ordea, espainiar aberekeria baldar eta estupidoa da hemengo nazionalismo periferikoen akuilua.
Trantsizioan PP ta PSOEko karguen %90ak guraso frankistak zituzten goi karguekin, PSOEko hoiek ez zuten inoiz errepresiorik ezagutu Francoren alde zeudelako, PSOE trantsizioan franquistez bete zen ta horrexegatik jokatzen dute jokatzen duten moduan.
Frantzian aldiz, zapalkuntza “hobeto” egin dute ta halare arrazismoa, faxismoa ta kolonialismoa izugarri hedatua dauden ere .