Film onenaren Oscar saria irabazteko 9 hautagaiak

Film onenaren Oscar saria irabazteko 9 hautagaiak-

Agian zerrenda honetako pelikularen bat ikusi duzu dagoeneko. Baina tira, hemen duzu 2018ko film onenaren Oscar saria irabazi dezaketen 9 filmen zerrenda.
Film onenaren Oscar saria irabazteko 9 hautagaiak

1- Call me by your name

Zuzendaria: Luca Guadagnino

Berlinalen jendea zur eta lur utzi ostean Luca Guadagninoren zinta Oscarren kinielan sartu da. Italia iparraldean gertatzen da istorioa, 1983an. Elio izeneko protagonista (Timothée Chalamet aktoreak hartu du bere papera) urteroko legez familiarekin uda pasatzera joana da, aitaren familia etxe zaharrera. Bapatean laguntzaile berri bat iritsiko zaio aitari, Oliver (Armie Hammer) izena duena, eta honek erabat aldatuko dio bizitza Eliori.

2-Darkest hour

Zuzendaria: Joe Wright

1940ean girotatutako drama, Winston Churchill (Gary Oldman) Erresuma Batuko lehen ministro bihurtzen denean, hain zuzen. Bigarren Mundu Gerrako unerik garrantzitsuena da, naziak Europa osoa konkistatzear daude eta Ingalaterra ere konkistatuko dutela agindu dute. Churchillek bi aukera ditu, Alemaniarekin bake ituna negoziatu ala bere ideiei fidel, Europaren askapenaren alde borrokatu.

3-Dunkirk

Zuzendaria: Christopher Nolan

Hau ere 1940 urtean kokatua. Dunkerkeko hondartzentan harrapatuta geratu dira milaka soldadu frantses eta britaniko. Tranpa bat da. Alde batera tropa naziak, eta bestera itsasoa. Bigarren Mundu Gerrako unerik bortitzenean jarriko zaitu Nolan maisuak. Eta gainera zure buruarekin jolastuko du, hiru denbora ezberdin planteatuz, elkar gurutzatzen direnak. Ordu beltzak, beltz pantailaratzeko. Gudan giza miseria eta balio guztiak are argiago edo ilunago agertzen dira, eta berauek modu ederrean erakustea lortu du zuzendariak.

4-Get out

Zuzendaria: Jordan Peele

Chris (Daniel Kaluuya) afroamerikar gaztearentzat eta Roseren (Allison Williams) bere bikotekide zuriarentzat berebiziko unea da. Neskak gurasoen etxera gonbidatu du bikotea aitaginarreba eta amaginarreba aurkezteko. Hauek dirudunak dira, baina, ustez aurrerakoiak. Obamari bozka ematen dion jende zuria. Hasieran, Chrisek usteko du familiaren jarrera arraroa arraza arteko harremanaren ondorioz dela. Gero konturatuko da ordea, Roseren familia ez dela dirudiena. Eta agian hobe lukeela kontuz ibili.

5-Lady Bird

Zuzendaria: Greta Gerwig

‘Lady Bird’ izenondoa duen ikasle gazte bat (Saoirse Ronan), Kalifornia iparraldera joango da institutuko azken urtea egitera. Artista manerak ditu eta mendebaldeko kostan bizitzearekin amesten du. Bere bidea topatzen saiatuko da horrela, amaren (Laurie Metcalf) babes eta kontroletik kanpo. Rotten Tomatoes webgune ezagunak %100ko puntuazioa eman dio filmari. Aurretik halako puntuazioa lortzen azkena Toy story izan zen 1999an.

6- Phantom Thread

Zuzendaria: Paul Thomas Anderson

Londres, 1950. Gerraoste betean Reynolds Woodcock (Daniel Day-Lewis) modista famatua eta bere arreba Cyril (Lesley Manville) Erresuma Batuko modaren munduko gailurrean dira. Erregetza janzten dute, baita aktore famatuak eta garaiko edozein emakume elegante eta dirudun ere. Egun batean ordurarte soltero Reynoldsek Alma (Vicky Krieps) topatuko du, bere musa eta amorante bihurtuko den emakumea. Maiteminak eraginda, bere bizitza ez da berriz lehengoa izango.

7-The Post

Zuzendaria: Steven Spielberg

1971eko ekainean AEBtako egunkari irakurrienek, New York Timesek eta The Washington Postek, besteak beste, adierazpen askatasunaren aldeko posizio garrantzitsu bat hartu zuten, Pentagonoaren dokumentuen inguruan informatzeko hautua hartuz. Katherine Graham (Meryl Streep), Posteko lehen emakume editoreak eta Ben Bradlee (Tom Hanks) zuzendariak dekadentzian den egunkaria berpizteko lanetan dabiltza une horretan bertan. Biek The New York Timesi laguntzea erabakitzen dute, Nixonen adierazpen askatasunaren aurkako gurutzada gelditzeko.

8- The Shape of Water

Zuzendaria: Guillermo Del Toro

Del Toro zuzendariak ohituta gauzka halako kontu estrainoetara. Fabula politiko bat da ‘The Shape Of Wate’, eta zuzendari mexikarrak argitu zuen film politikoa nahi zuela, “baina zeharka, ez aurrez aurre”. 1963an, gerra hotzaren erdian, laborategi batean lan egiten duen gazte mutu bat da Elisa (Sally Hawkins). Bertan gazte anfibio batez (Doug Jones) maiteminduko da. Zerbitzu sekretuek preso daukate gaztea laborategietan.

9- Three Billboards Outside Ebbing, Missouri

Zuzendaria: Martin McDonagh

Mildred Hayes (Frances McDormand), 50 urteko emakume bat da. Bere alaba erail dute eta herriko poliziaren aurkako gurutzada pertsonala hastea erabaki du. Argi dauka ez dutela nahikoa egin alabaren kasua ikertzeko. Amerikako solairu bakarreko etxez betetako herria. Ezinbestean Fargo ekarriko diguna gogora. McDonagh-en maisulana.

Film onenaren Oscar saria irabazteko 9 hautagaiak

Seriefiloa naiz.