Felix Julio Alfonso: “Kubatar gazte asko gaur ‘gizon zaharrak’ dira”

Felix Julio Alfonso: “Kubatar gazte asko gaur ‘gizon zaharrak’ dira”

Obispo kalearen amaiera aldera dago Habanako Unibertsitateko Gizarte Zientzien fakultatea. Hara bidean, turista itsaso bateko bi tanta gara Ihintza Larrañaga eta biok, baina izerdi tantak ere izan gintezkeen. 40ºC baitaude eta haizeak bero gehiago baino ez baitu ekartzen. Unibertsitate kanpoan kubatarrak eta turistak daude mugikorrei begira, Wifi iturritik edaten. Gu unibertsitatera sartu gara. Bilera gela batean hartu gaitu Felix Julio Alfonsok (Santa Clara, 1972). Historialaria eta saiogilea izateaz gainera, irakaslea da Habanako unibertsitatean. Barack Obamari hiriburuko historia azaltzea egokitu zitzaion Amerikako Estatu Batuetako presidenteak Habana zaharretik egin zuen paseoan zehar. Barre artean aitortzen du Alfonsok, bizi osoan Kuban bizi izan den arren, oraindik ez duela bere herria ulertzen. Gezurra da noski, gutxi baitira irla karibearra berak bezain ondo ezagutzen dutenak.

Felix Julio Alfonso: "Kubatar gazte asko gaur 'gizon zaharrak' dira"
Duela 30 urteko herrialdearekin alderatuz, Kuba ezagutezina dago. Hainbeste aldatu dira gauzak…

.

Bada, gure sentsatzioa bestelakoa da.

Etzazu esan! Tira, kanpoan bizi zarenez, ez duzu pertzepzio bera. Baina, ni bezala, bizi osoa Kuban igaro dugunok, konturatzen gara herrialdea ikaragarri aldatu dela.

.

Zer zentzutan?

Guztietan. Ekialdeko Europako herrialde sozialisten bloke sozial, politiko eta ekonomikoren barrenean sartuta dagoen herri bat izatetik, krisian den herri bat izatera igaro gara. Irtetzen hasi baino ez garen krisi sakonean. Esfortzu askoren ostean, gizartearen errotiko birkonfigurazioa egin da eta era askotan ikusi dezakegu aldaketa hori gaur. Turista soilek ezagutzen duten azaleko Kubatik ihes egin eta gizartean atzamarra sartzen baduzue, konturatuko zarete egungo kubatar gizartearen bereizgarriez. Errealitateaz jabetzeko era anitzak daude. Herrialdearen etorkizuna irudikatzeko askotariko erak eta sentsibilitate ezberdinak, eta esango nuke, tenperaturak ere zeharo ezberdinak direla. Uste dut badela kapitalismora arrapaladan hurbiltzen ari den kubatar gizartearen zati bat, eta badira hotzago dauden beste zonalde batzuk, sozialismoaren eredutik gertuago daudenak, baina, sozialismo honek kutsu sobietarra izaten jarraitzen du, moduren batera azaltzearren. Bon, hau ez da kolonbiarrek esaten duten ‘abrebocas’ bat baino, orain zuk esango didazu zer nahi duzun jakin.

.

Obamaren bisitaren baitan egindako Kuba-AEB baseball partidan izan al zinen?

Ez. Baina era sinbolikoan parte hartu nuen, partidarako egin zen esku-orria egin zutenetako bat izan bainintzen. Haren erredakzioan parte hartu nuen. Alta, nahiko ezezaguna den AEBen eta Kubaren arteko baseball diplomaziaren inguruko testu bat sartu nuen bertan, izan ere, Kuba eta AEBak oso antzekoak baitira. Eta baseball-az hitz egiten hasi nahi baduzu, gauza bat esango dizut: AEBek eta Kuba modernoak adin bertsua dute. Hau da, kultura kubatarra oso kultura berria da. Kultura kubatarra bezala deitu dezakegunak 150 urte baino ez ditu. Europar herrialdeen aurkakoa. Euskaldunak herri milenarioa zarete eta kultura oso antzinakoa duzue, Kubako kultura aldiz historia hurbilaren emaitza da. 1860. urteko hamarkadan, Kubak lehen independentzia gerra bizi zuen, Espainiatik independizatu eta nazio moderno batean bihurtzeko, eta hain justu denbora berean, AEBek hegoaldearen eta iparraldearen arteko guda bizi zuten, nazio moderno bihurtzeko baita ere. Orduantxe sartu zen baseball bezala ezagutzen dugun kirola bi herrietan. AEBen eta Kubaren historiak paraleloak dira zentzu handi batean. Zein den ezberdintasuna? Gerraren ostean AEBak inperio bihurtze bidean segi zutela eta Kubak bere metropoli burugogorrarekin borrokan segi behar ukan zuela, nekez, herri independiente bat izateko. Dakizuen legez, orduz geroztik, oso gatazkatsua izan da bi herrien arteko harremana.

“Kubaren eta AEBen historiak
zentzu batean oso antzekoak dira”


Zenbat jantzi, betaurreko, pegatina eta afixa topatu ditugun AEBtako banderarekin… Asko harritu gaitu honek.

AEBak herrialde arrakastatsu gisa hautematen duen imaginario kubatar horrekin zerikusi handia du horrek. AEBak imitatzeko herri gisa ikusten duen imaginario hori. Alderdi ekonomikoan behinik behin. Alderdi sozialaz edo zenbait kontu politikoz hitz egiten hasten zarenean, AEBek internazionalki duten jarrera salatu egiten dute kubatar askok. Baina bada AEBen sistema ekonomikoa imitatu beharrekoa denaren ustea. Duela gutxi Guantanamon izan nintzen, AEBtatik gertuen dagoen Kubako herria, bistan denez, bertan baitago izen bereko ipar amerikarren base militarra. Eta, nahiz eta Guantanamon Inperioaren aurkako jarrera irmoa izan, han ere topatzen duzu jendea bandera amerikarra soinean.

Tolerantzia altua da orduan.

Bai, hala esan dezakegu. Ez dago halako jarrerekiko gizartearen arbuiorik. Pentsatzen dut, espero zitekeena baino tolerantzia gehiago dagoela, ezta? Nahiz eta gatazka urte mordoa bizi, Kuban ez da sekula bandera estatu batuarrik erre. Irla, lehen baino askatasun gehiagoz, bisitatzen duten estatu batuarrekiko jarrera abegikorra da herriaren aldetik. Estatubatuarrak Kubarekiko zeharo ezjakinak direnaren sentsazioa dut. Kubaren irudi oso turistikoa dute, bukolikoa. 40. eta 50. hamarkadan irakatsi zieten Kuba paradisiakoaren ikuspegia. Oraindik ez dira Kuban gertatu denaz ohartu.

.

Felix Julio Alfonso

Zer osasun du Kubako iraultzak egun? Gazteak iraultzaren balioei bizkar emanda bizi direnaren sentsazioa geratu zaigu.

Prozesua oso luzea izan da. Bistan da, Espainiar Estatuko gazteek ez dutela beren aiton-amonek Frankismoaz zuten ikuspegi bera. Ez baitzuten hura bizi. Gazte askorentzat iraultza iraganeko kontua da, amaitu zena. Etapa berri bati heldu behar zaiola uste dute, helburu berri bati, eta oso logikoa iruditzen zait hori horrela izatea. Gazte horiek berauek iraultzaren seme-alabak ere badirela ahaztea da arriskutsua. Ez direla euren gurasoen seme-alabak soilik, prozesu sozial baten seme-alabak ere badirela eta honek bete betean jotzen dituela, nahi ala ez. Eta inpaktu hau ahazten bazaie, ukatzen badute, hildako zerbaiten parte baldin bada, orduan bai dela arriskutsua. Jende askok pentsa baitezake iraultzak ez duela garrantziarik, edo aztarnarik utzi ez duen zerbait dela. Kubak herri iraultzaile izaten segitzen du, iraultzaren balioek presentzia izaten jarraitzen dute. Ezingo nuke ziurtatu duela 20-30 urteko indar berberarekin denentz, baina hemen segitzen dute. Iraultza egin zuen belaunaldiak oso gazterik egin zuen, eta horregatik bizirik egin ahal izan dute prozesu guztia eta erreferenti izaten segitzen dute egun ere. Beste kontu bat izango da iraultzaren erreferenteak ez daudenean, Fidel eta Raul Castro ez daudenean. Baina hori futurologia da, eta ez naiz ausartzen ez dakidanaz aritzera.

.

Zer garrantzia izan du kirolak Kubako nazio eraikuntzan?

Zuek euskaldunok ondo dakizue zer den euskaldunen talde batekin jokatzea. Eta, noski, ez da kasualitatea hori hala izatea, nahitakotasun bat dago horren atzean. Kirolak erreferente kulturalak dira. Gizarte batasunerako elementuak, identitateak eta kidetza sentimenduak espresatzen dituzten heinean. Eduardo Galeanok zioen ‘Futbol a sol y sombra’ liburuan, bizitzan den dena aldatu daitekeela, bikotea, herria, ideologia, alderdi politikoa, hiria… baina inoiz ezin daitekeela futbol taldez aldatu. Hori hala dela uste dut nik. Kubatarren kasuan baseball-a jarri ezazu futbolaren ordez. Kirolak sekulako garrantzia du kubatar gizartean.

“Posible denaren eta ezinezko denaren
artekoa da gaurko munduaren borroka”

Nola eboluzionatu du kubatar identitateak iraultzan zehar?

Identitateak beti dira aldakorrak, ez dira inoiz estatikoak. Kubatar identitatea eraikuntzan dagoen identitate bat da eta elementu askok parte hartzen dute prozesuan. Arraza eta elementu etnikoez gain, konplexutasun kultural askok hartzen dute parte. Horregatik da horren zaila kubatar bat zer den azaltzen eta jende gehiena azalkerietan geratzen da. Askok diote, “kubatarra izateko dantzatu behar da!”. Nik ez dakit dantzatzen eta kubatarra naiz. Estereotipo batek berriz, dio kubatarrea festazalea eta txantxazalea (jodedor) dela. Bada, ni ez naiz halako ezer eta inor baino kubatarrago sentitzen naiz. Jende askok uste du kubatarren gehiengoa beltza dela, eta aldiz beltzen komunitatea minoria bat da Kubako gizartean. Hau dena diotsut ohartzeko zeinen zaila den identitate bat identifikatu edo kontzeptualizatzen. Kubatar batzuk erlijio afrokubatarrekin identifikatzen dira, baina badira katolikoak eta protestanteak ere. Kubatar musulmanen fenomenoa sortu berri da gizartean. Bai, kubatar musulmanak ere badira. Hemendik (Obispo kalea, Habana) kale batzutara topatuko duzu meskita bat. On Fernando Ortiz antropologoak esaten zuen kubatarra izateko garrantzitsuena ez zela Kuban jaio izana, ez guraso kubatarrak izatea, ez gaztelania hitz egitea, ez katolikoa izatea, ez ezaugarri jakin batzuk izatea ere. Kubatar izateko garrantzitsuena izatearen kontzientzia eta izateko borondatea bera zela.

.

Zer etorkizun ote du Kubak?

Aldatu nahian dabilen herri bat gara. Desberdin izan nahi duen herri bat, eta internazionaliki ‘posible dena’ egin nahi ez duen herri bat. Zer den ‘posible’ internazionalki Kubarentzat? Herrialde kapitalista azpigaratu bat izatea. Dominikar Errepublika, Kolonbia edo Latinoamerikako herri gehienak diren bezalatsu. Okerrenera, Puerto Rico berri bat bilakatzea. Baina tira, hau ez da gertatuko. Askatasuna arnastu duen herri batek ezingo bailuke sekula Puerto Ricok duen semi-kolonia izaerara atzera egin. Kubak erronka handiak ditu aurretik. Eta era kontzientean egin behar die aurre. Agian zailena jendearen buruak transformatzea da. Chek ‘gizon berria’-z (hombre nuevo) hitz egiten duenean, ‘gizon berria’ ez da berez sortzen. ‘Gizon berria’ ez da sortzen gizarteko produkzio harremanak eraldatzen direlako. ‘Gizon berria’ ez da sortzen zuk diozulako bihartik aurrera dena Estatuarena dela eta ez dagoela jabetza pribaturik. ‘Gizon berria’ transformazio bat da geure buruetan. Era ezberdinean jardutera garaman hori da. Kuban hori da gaur egungo gudarik handiena, ‘gizon berriaren’ eta ‘gizon zaharraren’ artekoa. Baina kontuz, ez baita adin kontua. Kubatar gazte asko gaur ‘gizon zaharrak’ dira, uste baitute Kubarentzat onena kapitalismora itzultzea dela. Posible denaren eta ezinezko denaren artekoa da gaurko munduaren borroka. Eta erronkak, hain zuzen, ezinezko dena, posible egitean datza.

Felix Julio Alfonso Felix Julio Alfonso Felix Julio Alfonso Felix Julio Alfonso Felix Julio Alfonso Felix Julio Alfonso Felix Julio Alfonso Felix Julio Alfonso Felix Julio Alfonso Felix Julio Alfonso Felix Julio Alfonso Felix Julio Alfonso
AEB, cuba, felix julio alfonso, iraultza, obama
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude