Ezkerraren bihotz taupada ahulaz
Ezkerraren bihotz taupada ahulaz –
Hauteskunde aintzineko aburu ikerketek, bata bestearen ondotik, frantses ezkerraren ahulezia erakusten dute. Nolaz bada oraino ez hain aspaldi boterean zen ezkerrak bere arrakasta eta eragina galdu ditu? Hainbat arrazoin: klase popularrekilako lotura hautsia, eskuin muturreko erantzun sinplisten arrakasta etab. Bada lan langileria berriz ezkerrerat bihurrarazteko.
Frantziako lehendakaritzarako hauteskundea hurbiltzen ari delarik, aditu guziak erabat ados dira erraiteko ezkerra edo hobekiago erran ezker ezberdinak zuzenean porroterat doatzila.
Nola mila debru gisa ortako peko errekarat heldu ote dira?
Sekulan baino fragmentatuagoa kausitzen da ezkerra frantses estadoan eta ondorioz ez da batere podererat heltzeko dinamika baikorrik agertzen. Ondorioz ezkerreko hautagai bakotxa bere predikhu eta musika propioa ari da entzunarazten, desakordioak nabarmenki plazaratuz eta kalapitak biderkatuz.
Dudarik ez da egiazko desadostasun taktiko eta estrategikoak badirela ezkerreko hautagai guzi horien artean: izan laikotasunaz, Europaz edo nuklearraz adibidez.
Bosgarren Errepublikaren konstituzioak aintzin ikusia den porrot hori gainera haundiagotzen baizik ez du. Alabainan hauteskunde horien irabaztea ezinezkoa dela barneratuz, bakotxak soilik buruan dauka ahalik eta emaitza“hoberena” egitea, ondotik etorriko diren legislatiboetan ustez eginahala untsa posizionatua izaiteko.
Har dezagun adibidez La France Insoumise (LFI) et Alderdi Komunistaren arteko harremana. 2012 eta 2017ko hauteskundeetan bi indarrek bat egin zuten Melenchon hautagaiaren ildotik. Aurten komunistak beren aldetik doaz uste dutelakotz bi esperientzia horiek gaizki utzi dituztela, aitzakitzat emanez legebiltzarreko bi hautskundeetan LFIk ez zituela errespetatu bigarren itzulietako akordioak. LFIk nahi ukan omen zituen hainbat zirkonskripzio sudur petik PCFri ebatsi, konkurentzia desloial bat bultzatuz.
Militantzia galdu
Hainbat urteren buruan, erran ote litaike ezker ezberdinek hautesle herrikoia edo popularra galdu egin dutela erabat ? Estatistika ezberdinek behintzat baietz diote. Parte haundi batean galdu egin lukete bozkatzale “mota” hori. Langileriak gauregun ez omen du gehiago eta gehiengo haindiz ezker bozkatzen. Funtsean kategoria jakin hortan kokatzen omen dira abstentzionista zenbaki haundienak eta beste batzuk aldiz molde asumituan eskuin eta berdin eskuin muturrerat lerratuak direlarik. Ikusten da adibidez aurtengo hauteskundekari, Fabien Roussel komunista hautagaia ari zaiola bere moldean hautesle popular horri mintzatu nahian, berreskuratzeko asmoz. Egia da agian azken hamarkada huntan frantses ezkerrean gertatu diren debateak usu jendarte edo gizarte gaietan fokalizatu direla, orohar ezkerreko soziologia baten eboluzioari lotuak. Nolabait ezkerreko sektoreen premia balitz bezala bere xilkoari so egitea lehenik eta behin. Hortan guzian bere energia ainitz xahutzearekin batean, ezkerrek ez lukete soilik galdu beren hauteslegoaren parte haundi bat bainan baita beren oinarri herrikoi militantea. Alderdi komunistaren adibidea aski adierazgarria da: duela 30 edo 40 urte hiri haundi edo ertainetan alderdi horrek lerrokatzen eta mobilizatzen ahal zituen milaka ez erraiteko hamar milaka militante kartier edo auzo ezberdinetan. Gauregun doi bat gelditzen zaizkio bainan zonbat eta zonbat galdu ote ditu?
Klase popularren bereskuratzearen premia
Ohitura ezberdina izanikan ere, ezaugarri berdintsuekin koka ditaike ere frantses alderdi sozialista ere. Ideologikoki nolabait iparra galdurik eta 2017tik goiti Macronek xurgatua bera ohartu gabe ere.
Klase popularren osaketa eta ezaugarriak arrunt aldatu dira. Lantegi haundietan, nun duela 40 urte oraindik langileak milaka kondatzen ziren, langile soilen kopuruak mendratu dira, sindikatuen presentzia eta langile sindikalisten kopurua ere beheitituz joan delarik.
Agian azken hamarkadetan aldatu ez den parametroa da frantses estadoan oraindik milioika jende egunerokoan arras guttirekin eta soldata arrunt apalekin bizi direla, nahizta lan bat ukan egunerokoan.
Gauregungo ezkerrak edo ezkerrek ba ote dakite mintzatzen jende klase horri? Entzungarriak ote dira? Horiek hola, Frantzian gauregun ezker mota guziak lerrokaturik ere, ez dira %25a baino gorago heltzen. Erronka guti, arras guti beraz aldi huntan.
Parrean, Macron, eskuina eta eskuin muturra(k) %75etan! Frantses ezkerra berriz eraikitzeko da beraz.
Klase herrikoi popularrak berreskuratu, gaur-egungo munduko desafio “berrieri” egokitutako antolakunde edo alderdi politiko berdefinituak moldatu, klase popularren osaketa sozialaren aldaketak kondutan hartuz, desafio ekologikoak egiazki barneratuz dute bide berria urratuko. Patar zuta hats-hauntu gabe iragan beharko du, egitarau eta proposamen alternatiboak, batasunezkoak eta erreforma egingarrien bidez gehiengo berri bati jasangarriak izango direnak.
ene ustez, Europako zein E.H.-ko “EZKER ANTOLATUAK” ez du jakin egoerak eskatzen zuen hainako erantzunik ematen: hots ABSENTE egon da Plademiaren kasuan, hasiera-hasieratik (dela “komunistak, sozialistak zein abertzaleak izan-)
Eta ez dihardu maila ematen UKRAINAko gerran: PUTINfobiaren aldera lerratuak dituk, NATO-fobiara baino.
Eta hori errakuntza nabarmena duk, are gahiago E-H-ren gehiengoak “OTAN EZ” aldarrikatu baigenian arrazoi osoz.
Zeren OTANek ez daduka existitzen jarraitzeko INONGO ARRAZOIRIK, Varsoviako Ituna desagertu zenez geroztik.
Eta sobera jakin beharko genuke OTANek etengabeko gerrak eragin dituela, eta eragiten jarraituren duela, EE.BBen eskutik dirauen arte. Edota Europa inozoa jabetu eta OTANetik desatxiki arte.
Zeren eta EE.BBen ekonomia-egitura armamentistak ETENGABEKO GERRAREN BAT ESKATZEN BAITU, berea ez den edozein Zokondotan. Bere armak kontsumitzean datzalako heren ekonomia.
“ZER EGIN?” -zioen Leninek- eta “ANTOLATU” -erantzuten zuen beti.
Ezker Antolatuak bere ospea eta hautesleen konfidantza berrekuratzeko zer egin?
Bada, bistakoa duk: hik dioena, batetik: aberastasunaren banaketa egokia aldarrika.
Baina baita, Sistemaren gurari anti-jendartea salatu.
Eta bada zer salatu, alajaina!
“Reseteoa”, zeinen izenean enpresa txiki eta ertainen desagerpena datorren (baita euskal laborariena, noski) eta oligopolien monopolioak (hego E.H.-an Petronor/Iberdrola/BBVA/PNV,,,) eta, jakina, 2030-Agendaren esklabismo-xede begibistakoa.
Halaxe dakusat nik bederen, ene anteojuekin.