Ezintasuna
Ezintasuna –
Pentsa une batez zerk eraman zuen Carles Puigdemont bere hitza jatera. Bi milioi lagunei huts egin zien. Batzuk besteak baino ulerkorragoak izango dira, baina balde bete ur hotz bota die buru gainetik. Urrats bat atzera egin du, amildegia ikusirik: enpresek ospa egin dute, nazioartetik ez dute laguntza zipitzik jaso, PP, PSOE, Ciudadanos fronte zurruna mehatxu autoritarioetan hasi da herrialdea poliziak okupatu duen artean, ultren abusu eta inpunitatearekin batera. Hori gutxi ez eta PPko Pablo Casadok presidentearen fusilamendua iradoki du, bere burua edozeren gainetik duen harropuzkeria nazkagarriz. Ez da judoa Puigemontena, apustu bat egin, galdu, eta kalte gutxien jasotzeko teknika baizik.
Urriaren 1eko emaitzak lotesleak izan behar ziren, %90arekin garaipena. Mundu guztia Bartzelonara begira eta eltze politikoa bor-bor zuen Puigdemontek herenegun. Zirt edo zart. Atzera. Presio murriztu du zirrikituak irekita. “Aste batzuk” egongo da zain, Espainia negoziazio mahaian eseri arte. Aurrekariek ez dute negoziaziorik iragartzen: Rajoyk ez du ezer irabazteko. Argudioen indarra baino indarraren argudioa da berea. Kofi Annani adarra jo zion Aieten, eta berriz egiteko arazorik ez du izango, “The Elders” eta Nobel sari askoren eskaera gorabehera.
Puigdemontek egiaztatu du bere ahuldadea, bere burua elkarrizketa hari fin batzuetan zintzilikatuz. Ez da borondate oneko keinua izan. Denbora irabazi nahi du, mus, kartarik batere ez duelako. Zilegitasun demokratikoan irabazi dezake, elkarrizketari dei eginez, baina kale itsua du hori. Demokraziak lurra jo du nazioarteko burtsan. Ordainetan, Moncloatik 155. artikuluaren mehatxua jaso du. Bai zera, Parlem. Espainiak umiliatu egin nahi du, lezioa eman. Ez du konponbidea nahi, garaipena nahi du. Katalan ilara luzea dago auzitegietan zain. Espetxe zigorrak ez dira bromazkoak. Eta halere, Euskal Herrian ikusi dugun bezala, ez dauka Espainiako estatuak kontrapisu nahikorik bidegabekeria hauek gelditzeko. Lege demokratikoa, to!
Erreferendumak ez du inoren aitortzarik jaso. Errelatoan bai, Kataluniak demostratu du Espainia herrialde autoritario bat dela, poliziaren gehiegikeriak bistakoak izan dira. Indarkeria amortizatu du dagoeneko Mariano Rajoyk: errieta diplomatikotik haratago nazioarteko indartsuenen posizio politikoa ez da aldatu; “elkarrizketa eta legea”. Inork ez du Katalunia independentearen alde egin independentziaren atarian, ezta keinurik ere. Ez dute halakorik nahi, arriskua besterik ez dakarkielako, eta nahiago dutelako Espainia aliatu gisa mantendu.
Urriaren 1eko emaitzek, Katalunia politikoki erdibitua erakutsi dute. Besterik zatekeen Rajoyk erreferenduma egiten utzi balu? Apustu errepresiboa garesti atera zaiola diote batzuek, ez ote zatekeen okerragoa %80ko parte hartzea?
Herri mugimendu independentistak erakutsi du alimaleko indarra eta erresistentzia gaitasuna. Altxamendu zibiko eta demokratikoa gertatzen ari da. Aurrean duena baina ez da batere makala: antidemokratikoa, biolentoa eta baldarra, baina boteretsua azken finean. Independentzian aurrera egitea garesti ordain zezaketen. Aldarrikatuko dute independentzia Rajoyren muzina aitortutakoan? Ez dut uste egoera egokiagoan izango denik.
Katalan errepublikarrek ez daukate gaur gaurkoz irabazteko nahikoa indar –ez Katalunia barruan, ez kanpoan– eta Espainiak ez dauka nahikoa pertsuasio gaitasun –konstituzio erreforma hutsalak gorabehera– Kataluniako askatasun desioa apaltzeko. Konponbiderik gabeko enpate infinitua aurreikus daiteke, testuinguru berrien zain, edo beste modu batera esanda, amaiera datarik gabeko zapalketaren luzapena.
Procés honen epilogoan gaude. Etorriko dira besteak.
Demagun Proces honetatik Espainiako Konstituzioaren erreforma lortzen dela. Demagun Kataluniak Itun Fiskala lortzen duela. Demagun hurrengo hauteskundeetan independentistek gehiengo osoa lortzen dutela ERC buru. Demagun Kataluniako gazteen %70 independentziazaletu dela. Orduan ezintasunaz soilik hitzegitea bidezkoa da? Ezetzean nago. Ondo egindako lanak beti du ordaina. Jauzi handia Errepublikaren berria lortze aldera. Orain Posizio hobean daude jauzi erabakiorrerako baldintzak lortzeko. Aurrerapausu ederra.
Bat nator zurekin ganbaratxotik. Prozesu honek herri katalanaren zati handi bat nazionalki ahaldundu du, nazioa indartu du, antolakuntza saretu du, gobernu-herritar arteko lotura salbuespenezkoa sortu du… Sekulakoa da egindakoa, ez du parekorik, eta horrela saiatu naiz adierazten idatzi ditudan artikuluetan.
Bestalde, iritzi honekin egoera politiko zehatza saiatu naiz errepasatzen. Gauzak ondo joan direnean horrela adierazi dut, baina nere ustez une honetan kale itsu batean daude. Prozesu hau beste dinamika batean sartuko da halabeharrez. Parlamentu autonomikoa edo estatala? CUPek esan du DUI gabe badoala, JxS gehiengo gabe utziz. Beraz, edo DUIarekin aurrera doaz (kostu ekonomiko-sozial-politiko handiarekin eta etorkizun argi gabe) ala hauteskundeetara. Plebiszitario/errefefendum bidea agortu da. Orain zer?
Desobeditu dute, tren talka gauzatu zen urriaren 1ean, eta orain luzapena dator. Esandakoa, bidean irabazitakoa ez da txikia, baina ataka honetan galtzeko aukera handia dute. Tamalez, arrazoi izateak ez du berez ematen garaioena. Etorriko dira saiakera gehiago, oinarri sendoa dutelako.