«Euforia mediatikoaren atzean, gizonak»
Txilen, San José meatzean lurperatutako 33 meatzariak erreskatatzeko lana urriaren 13an (asteazkena) hasi zen, horretarako zulatutako hustutze-zulo bati esker.
(…) Urriaren 13an, lehenengo meatzariak libre ateratzen ari ziren bitartean, mundu osoko gutxienez 1.700 kazetari zain zituzten, Txileko banderez inguratuta. Meatzariek, “egun handirako” prestatzeko, “hedabideen aurrean agertzeko entrenamendu” klaseak ere hartu zituzten –meatzearen hondoan zeudela–, elkarrizketa eta telebistako emakizun uholdeari aurre egiteko (beraien bizipena zinemara, hainbat hizkuntzatan, egokitzeko proposamenak alde batera utzita).
Bi hilabetez, Meatzeetako ministro Laurence Golborne, Exxon Mobilek Txilen duen filialeko buruzagi exekutibo ohia, animatzaile izarra izan da. (…) Baina E egunean presidentea bera jarri da fokoen aurrean.
(…) Dramak Gobernuarentzat abantaila batzuk dakartza. Piñerak, 2010eko urtarrilaren 17an hautatutako presidente-enpresario izugarri aberatsak, hasiera zailak ezagun ditu. Joan den otsaileko lurrikararen ondorioen kudeaketa oso txarrak ezinegon asko eragin ditu eta indio maputxeen mobilizazio zein gose grebek, hegoaldean, buruko min ugari sortu dizkiote. Beraz, 33en martirioa bi hilabetez, zuzenean, sekulako telebista-ikuskizuna antolatzeko ametsezko aukera izan da. “33ei independentziaren bigarren mendeurreneko heroi” izendatu eta elkartasun eroaldia adostasun politiko bilakatzeko ahalegin guztiak egin dituzte: denak Sebastián Piñera presidentearen alde “batuta”, nolabait. Alabaina, Paul Walder kazetariaren arabera, San Joséko istripua gaur egungo Txileren alegoria da, batez ere: langileen klasea berau zapaltzen duen sistema batek “lurperatuta” dagoen herrialde batena.
Egiazki, supermediatizatutako 33 meatzariak, paradoxikoki, ahotsik gabe daude. Ez beraiek, ez senideek, ez mugimendu sindikalak –historikoki indartsua sektore horretan, baina diktadurak eta erreforma neoliberalek ahuldua– ez dute istripuaren zergatiei buruzko iritziaren berri emateko aukerarik izan. Kanpoan, lur-jausitik ihes egitea lortu, eta soldata jaso gabe zenbait aste zeramatzatela gogorarazten saiatzen direnek “Piñera, zure ikuskizunerako, kanpoan 300 gaude!” aldarrikatuz, jendearen axolagabekeriarekin topo egiten dute.
Txile Latinoamerikako meatzaritza-kapitalismoaren ikurretako bat da. Esportazioen % 58 eta barne produktu gordinaren % 15 erauzketatik eratortzen dira. Herrialdean ikatza, urrea eta, batez ere, kobrea ustiatzen dituzte. Kobrearen kasuan, munduko ekoizle handiena da (merkatuko % 40), bereziki, Lurreko estalperik gabeko meatze handienari (Chuquiquamata) esker. Txilek 200 urterako erreserbak ere baditu.
1971ko nazionalizazio handien garaian, Salvador Allende presidenteak kobrearen ustiapena “Txileren soldata” zela pentsatu zuen. Orduan, Unidad Popular alderdiaren gobernuak Ameriketako Estatu Batuetako enpresa handiak desjabetu zituen eta jabetza Kobrearen Korporazio Nazionalaren (CODELCO) esku utzi zuen.
1973ko estatu kolpeaz geroztik, lehenengo diktadurak eta ondoren demokrazia liberalak logikari buelta eman, eta hainbat enpresa pribatu nazional eta nazioartekori meategi askoren kontzesioa eskaini zieten. Bestalde, zergen tasa murriztu eta munduko txikienetakoa bihurtzeaz gain, segurtasun baldintzak erabat murriztu zituzten –askotan, ez dago batere neurririk–. Eta, edozein kasutan, garrantzi txikia ematen zaio: Antofagasta eskualdean, 300 meategietatik 277 arauak bete gabe ustiatzen dituzte. Halako testuinguruan, meatzaritza jarduerak irabazi handiak ematen ditu.
(…) “San José amesgaiztoa da. Arriskutsua da, badakit, jende guztiak daki”, azaldu du erreskatatutako meatzarietako batek. “Lelo bakarra dago: produktibitatea”. Meatze ertaina da eta 345 langile dauzka. San Esteban meatzaritza enpresa –herrialdeko lur-azpia duela 200 urte baino gehiagotik ustiatzen du– Alejandro Bohnena (kapitalaren % 60) eta enpresako sortzailearen seme Marcelo Kemenyrena da (%40). Beren mi meatzeetatik bat itxi egin behar izan dute, agortuta zegoelako. Baina San Josék enpresarioen bizi-maila finantzatzen jarraitu behar du –batez ere, hiriburuko modako lokaletan antolatzen dituzten festak, itxuraz, oso ezagunak–.
Metalaren prezioak munduko merkatuan izan duen gorakadak, San Josén, lana intentsifikatzea, aparteko orduez ia sistematikoki baliatzea (eguneko hamabi orduko lanaldia izateraino) eta… segurtasun arloko neurriak murriztea eragin du: istripuaren egunean, abuztuaren 4an, 33 meatzariak segurtasun tximiniara lasterka joan zirenean, gora igo nahian, esku-eskailerarik ez zegoela jakin zuten…
(…) Néstor Jorquera, Txileko Meatzaritza Konfederazioko presidentea (sindikatu horrek 18.000 langile biltzen ditu), Txilek Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) 176. hitzarmena, meatzetako segurtasun eta osasun baldintzei buruzkoa, sinatu ez izanaz kexatu da. Batez ere, indarrean dagoen lan legedia atzerakoia, diktaduraren herentzia dela salatu du. Greba egiteko eskubidea, adibidez, mugatuta dago.
Arriskuak saihesteko zenbait programa martxan jarri diren arren, Gizarte Segurantzako Superintendentziak (Lan Ministerioa) aitortu duenez, 2009an, lan istripuen ondorioz 443 lagun hil ziren (2010eko lehen hiruhilekoan 282) eta heriotzarik eragin ez zuten 191.685 istripu gertatu ziren (populazio aktiboa zazpi milioi pertsona baino gutxiagokoa izanik).
2010eko abuztuaren 28an, Piñera presidenteak “meatzeetako superintendentzia bat” eratuko zuela iragarri zuen (sindikatuak ez dira ordezkatuta egongo), Sernageomineko zuzendariari zuzenduta. Era berean, kontrolak eta ikuskatzaile kopurua ugalduko zituela agindu zuen. Gaur egun 16 ikuskatzaile daudela esan beharra dago –herrialde osoan banatutako 4.000 meatze kontrolatzeko…–. Aldaketa bat? Horixe espero dugu (baina ez dirudi gertatuko denik). Bestela, emaitza zorigaiztokoagoak eragingo dituzten beste istripu batzuk gertatuko dira.
Franck Gaudichaud, Le Monde Diplomatique, 2010eko urriak 14